Otsailekoa mozioen udalbatzarra izan da

Urola Kostako Hitza 2007ko ots. 5a, 10:02

Mozioak tratatzeko moduarekin haserretuta, Habeakoek udaletxetik alde egin zuten

PSE-EE ere kritiko azaldu zen

(Urola Kostako Hitza)

Joan den ostegunean otsaileko udalbatzarra izan zen. Ohiko udalbatzarra izanik, bukaeran mozioen txanda izan zen; hiru zeuden aztertzeko. Orduan sortu zen eztabaida gehien.

Mozioak bozkatu beharrean kontramozioak bozkatzen ari zirela salatu zuten Habeakoek, eta udaletxetik irten ziren. PSE-EEko Manoli Urangak ere mozioak tratatzeko era kritikatu zuen, eta bozketetan abstenitu egin zen. Izan ere, bere ustetan "mozioak alderdi batek hartu behar ditu beregain eta gero bozkatu egin behar dira". EAko Manuel Unanueren ustez, berriz, "herriari dagozkionak udalbatzarrean eztabaidatu behar dira, baina besteak Eusko Legebiltzarrean".

Aurrena landu zuten mozioa, Eudelek Barajasko atentatua gaitzetsiz ateratakoa izan zen. Honen harira, Habeako Iñaki Errazkinek "egoera politikoaren baitan hausnarketa" egiteko ezker abertzalearen izenean testu bat irakurri zuen. Horren baitan, "ezker abertzaleak, Anoetan hartutako proposamena eta konpromisoak berretsi" zituen. Gero, Julian Eizmendi alkateak (EAJ) hartu zuen hitza, "prozesua hankaz gora jarri duena ETAren ekintza" izan dela adieraziz. Alkatearen esanetan prozesuak aurrera egiteko, "ETAk behin betiko indarkeria utzi behar du".

Bigarren mozioa, Hitza eta erabakia herri ekimenekoek aurkeztutakoa izan zen. 500 herritarrek sinatuta langileak, emakumeak eta gazteak ordezkatzen zituzten hiru idatzi aurkeztu zituzten, bateratuta. Honen aurrean, alkateak hiru puntuko beste idatzi bat proposatu zuen bozkatzeko. Idatziko puntu batek zioenez, "Euskal Herriaren hitza errespetatu, Euskal Herria errespetatu aitorpenek ez dute zentzurik, Euskal Herriko pertsona guztien eskubide guztiak ez badira errespetatzen".

Hirugarren mozioa, Etxeratek aurkeztutakoa zen. Iñaki de Juana euskal presoaren egoera salatu eta Udalak haren berehalako askatasuna galdegiteko eskatzen zuen, besteak beste. Honen aurrean ere, EAJk eta EAk kontramozioa aurkeztu zuten. Puntu batean zioenez, "presoari legeak eskaintzen dizkion eskubideak errespetatuak izan daitezela eskatzen dugu eta bere askatasuna ekiditeko egin den lege erabilpen maltzurra gaitzesten dugu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide