Jo sakea!

Koldo Aldalur 2007ko ots. 5a, 10:02

Koldo Aldalurren iritzia Argia aldizkarian

Egoera politikoak puntuan, barruzka, barrene, txokotan edo kaleazka aritzen gineneko egoera dakarkit gogora. Badakizue, tantoa galtzen duena, kalera, eta irabazlea, biko.

Ariketa demokratikoena izan daiteke, baldintzak egoki jarriz gero. Herritar denek dute parte hartzeko eskubidea: emakumeak eta gizonezkoak, gazteak eta helduak, abilak eta baldarrak, txanboiak, herrenak, lepameheak, belarrizabalak, adituak eta hasiberriak. Denak. Gainera, jokoak berak bihurtzen ditu bertako berez beste nonbaiten jaioak, kanpotarrak.

Joko arauak jartzerakoan hasi ohi dira arazoak. Batzuek ez dute nahi pilotaleku osoan jokatu. Txokoan bale, baina norbaitek atzeko koadroetan pilota jartzen badu, "buelta" esaten dute. Zabalean ere kontuz. Euria sartu da, itxuraz itoginen baten erruz, eta kontrakantxa labain omen dago.

Pilota aukeratzeko ere bada eztabaidarik. Gogorregia ekarri dute batzuek, takorik ez dutenek kolpearen zartada senti dezaten. Trapuzkoa plazaratu nahi dute besteek, frontisaren aurka jotakoan pilotaleku ondoan bizi direnak esna ez daitezen. Bote erdikoek ez omen dute balio, gutxi ibiltzen direlako eta, ondorioz, tantoa gehiegi luzatzen omen delako. Behetik ibiltzen denak, berriz, abantaila handiegia ematen omen dio sakea duenari. Pilota-hautatzailea behar, beraz. Baina honetan ere adostasunik ez. Beste partida batzuetan ibilitakoak erreta omen daude. Eliz atarian edo zimitorioan sotana eta guzti pilotan ohitutakoek beti gora begiratu behar izaten omen dute pilotak botea kanpoan egin duen edo ez deliberatzeko; eta horrek, jakina, gehiegi astirotzen du jokoa. Urrutiko adituek ez dute gure hizkuntza ulertzen itxuraz, eta joko arauak bere kasa ezarri nahi dituzten epaileak ere badira. Umetan bezala, «Ea txikitos, kalera!» gustura oihukatuko lukeenik ere bada agian, baina ez aipatuta hobe. Artekariak ez dezala aposturik egin.

Harmailetan kolore guztietako ikusleak. Batzuk, etxekoak jokoan dituztelako, urduri, tanto bakoitzari arreta guztia jarrita. Bestetzuk, ikuskizuna dohainik delako, eta herrialde honetan beti euria ari delako, hantxe, begira, babesean, parte hartzeko inongo asmorik gabe. Harantzago, -ena beltz ikusten dutenak, jokorik nahi ez dutenak, sake denak falta ikusten dituztenak, argirik ez dagoela diotenak, pilotalekua zezenplaza bihurtu nahi dutenak. Ajatutako banderak aidean dituztela, pertsonaia ilunak. Belarria beti prest dutenak tertuliano sasilixto-orojakileei eskaintzeko.

Ezker hormak pilotalekuaren pisuari eusten badio, izango da jokorik. Epailerik ez balego lez, atxikia egiten duenak bere burua kontrakantxara zuzenduko du. Bigarren botean jotzea ere falta. Garailearentzat miresmena, baina joko honetan beti gertatu ohi denez, galtzailerik ez.

Baldintza bakarra da nahitaezkoa: pilotaleku egokia behar dugu. Egoki-egokia ez bada ere, pilotalekua behar dugu. Plaza librea, trinketea, ezker pareta, frontoi luzea... Berdin da. Pilotari sena berezkoa duenak zerbait asmatuko du.

Beraz, hartu erratza, eta ilundu baino lehen, denon artean, hautsak, keak, eta ezkutuko interesek lokaztutako kantxa garbi dezagun. Erabat ilundu baino lehen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide