Eta ikurrinarena?

Ion Agirre 2007ko ots. 15a, 14:02

‘Azpeitiko danborrada. 1957-2007’ liburua interes haundiz irakurri dut baina gauza batekin harrituta geratu naiz: frankismoaz geroztik Azpeitian 1977an San Sebastian bezperan atera zuten ikurrina lehenbiziko aldiz udaletxean, baina danborradaren 50 urteko historiari buruzko liburuan ez dute hori aipatzen.

Garai hartako egoeraz hauxe da jarri duten gauza apurretakoa (271. orrialdea): “1977koa, azkenik, garai hartako egoera soziopolitikoarekin lotuago zegoen orga bat, Euskal Herriko armarri bat izan zen, tamaina handian egina, eta Nafarroako kateak etenda agertzen zituena".

Gauza bat danborrada da eta bestea ikurrina, baina ikurrina orain dela 30 urteko San Sebastian bezperan igo zuten lehen aldiz Azpeitian (Donostian ere bai) eta hortaz biek lotura dute. Harrezkero ikurrina San Sebastianetan udaletxeko balkoian zintzilik ikusi izan degu. Orduan, 1977koa aipatu beharrekoa zen liburuan nere ustez.

Nik gertaera hura gogora ekarri nahi dudanez, Imanol Eliasez Uztarriak (Mailo Oiarzabal kazetariak) egindako biografia liburuko pasartea jarriko dut hemen:

“(…) Azpeitian festa giro bikainekoa izan ohi da San Sebastian bezpera, baina 1977ko urtarrilaren 19 hura aparteko poztasun eguna izan zen azpeitiar gehienentzat, ilunabarrean azkenean ikurrina udaletxeko balkoitik zintzilika ikusi zutelako. Ikurrina kalean ikusteak min ematen zien frankista asko eta askori, batik bat Manuel Fraga Iribarneri, Francorekin Turismo eta Informazioko ministro izandakoari, aurretik gogor esana baitzuen: ‘Bandera hori (ikurrina) azaltzen utzi baino lehen nire gorpuaren gainetik pasatu beharko dute’. Ba Azpeitiko Udalak azaldu zuen, Imanol Elias bertako kide zela, 1977ko urtarrilaren 19 hartan, Fragaren gorpuaren gainetik pasatu gabe —Espainiakoa ere atera zuten orduan, Azpeitikoarekin batera—.

Ikurrina jartzea erabaki zenean Silvestre Otamendik dagoeneko alkatetza utzita zeukan —artean ez modu ofizialean— eta bere ordez Agustin Pratek betetzen zituen behin-behineko alkate lanak. Pratek gazteleraz eta Imanol Eliasek euskaraz, udaletxeko balkoi nagusitik irakurri zuten udalbatzar osoak ikurrina jartzeko hartu zuen erabakiaren testua, behean Azpeitiko Plaza Nagusia betetzen zuten herritarren txalo zaparraden artean. (…)

Azpeitiko udaletxe aurrea festa bat zen, txistularien musikarekin eta ekitaldiaren amaieran kantatu zen ‘Gernikako arbola’-rekin (...)”.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide