Neguak bere ibilbidearen bi herenak betetzearekin batera, azpeitiarrok hain gustuko ditugun neguko jaiei aio esan diegu datorren urtera arte. Primeran pasatu arren beti geratzen da halako inpresio gazi-gozo bat, denokin partekatu nahiko nukeena.
Lehenik eta behin, Azpeitiko jendeak kalean zehar egiten diren kale-ekintzei egiten diegun harrera hotza aipatu nahi nuke: danborradak direla (bai ume eta bai helduenak), inauterietako umeen desfilea dela, musika banda dela, kale ertzetan begira dagoen jendea, beti geldi, mutu, txalorik gabe, animo ohiurik gabe. Ekintzetan parte hartzen duen jendeak ez al du gure animo eta eskerrona merezi? (Parte hartu duten guztiei nire txaloa hemendik).
Bestalde, hezkuntza munduan lanean ari garenok, sexuen arteko berdintasuna eta parekidetasunaren gaia sarritan eskuartean darabilgulako edo, gauza batzuek azkarrago inpaktatzen gaituztelako, bada honen harira esan nahiko nuken zerbait: umeen danborradaren azken taldea, inudeena izaten da. Ume andana joaten da bere panpinekin apain-apain, gerora etor dakiekenaren entsegu. Mutil bat bera ere ez, aizue! Zorionez, gero eta gizon gehiago ikusten da kalean poz-pozik bere umeak zaintzen eta pasiatzen. Uste dut honek bere islada izan beharko lukeela talde honetan. Helduen danborradan eta umeenean ere talde gehienak normaltasunez aldatu badira egoera berrietara hauek ere aldatu beharko luketela, ez?
Inauterietara egingo dut salto orain. Txikiteo "dotorea", dotorea da benetan baina motza geratzen dela deritzot (dotoretasunaren kontzeptua hurrengo baterako utziko dugu). Hain apain janztea tabernaz-taberna ibiltzeko, bada, ez dago gaizki baina azpeitiarron jai petoa izanik borobildu egin beharko litzatekelakoan nago. Ezer haundirik gabe, Azpeitiko bandak garai haietako musika jo eta herriko plazan dotoreen dantza antolatzea esate baterako. Ez al zaizue iruditzen?
Astelehen gaua, mozorro lehiaketako sari banaketa. "Jaunartze taldea" udaletxera igo zenean, ni baino elizkoiago diren lagun pare bati entzun diet irreberentzi puntu bat hartu ziela taldeko ordezkariak abestutako eliz kantak modu hartan, leku hartan eta tonu hartan egiteari. Izan ere, sariak banatzen ari zen zinegotziak ere elizako kanta batekin eman zien sarrera eta taldeko ordezkariak txantxa jarraitu zuen. Ez noa ni elizari egin daitezken kritikak epaitzera, baina herriko jaietan udaleko korporazioan txintxo-txintxo elizkizunetara doan batentzat ez zait jarrerarik koherenteena iruditzen.
Sokamuturrean sartuko dut muturra oraingoan. Hau ere zer esanik ez, klima bezalaxe aldatzen ari da eta ez da duela urte batzuek egiten zen bezalakoa. Orduan jendea kalean korrika edota "karreratan" izaten zen. Gaur egun berriz, apenas dagoen "karrerarik" zabalik, eta hauen ordez, kaleak horretarako aukera ematen badu, hesiak jartzen dira jendea babesteko.
Kaleetako lurra ere aldatzen ari da eta nago parte zaharra peatonalizatzeko jartzen ari diren adokin hori ez ote den txarrago zezenarentzat, ze bustita dagoenean txilipurdika eta txirristaka ibiltzen da, lehenaz gain estanpako ederrak hartuz. Lur mota hau kalterako balitz, nire iritziz, zezenak ez luke adokindun kaleetan ibili beharko, bestela ere nahiko jipoi hartzen dute eta.
Ah! Aurten, astearte inauterian goizeko seiretan egiten den diana deskubritu dut. A ze ezusteko pozgarria! Azpeitia batean bandaren atzetik hainbesterainoko jendetza, saltoka eta kantuan ikusteak berealdiko poza eman dit. mundiala aizue!
Ez dakit denak, baina ziur naiz bakarren batzuek ados daudela esandakoarekin.