Ansoalde: "Gezurra da Reala kontrolpean daukagula"

Xabier Lopetegi (Berria) 2007ko mar. 8a, 15:03

Realeko Administrazio Kontseiluko bozeramaileak dio, kritika gehienak onartzen baditu ere, zuzendaritzaren betebeharra tinko eustea dela

Mikel Aranbururen kontratua luzatzeko negoziazioak "arazorik gabe doaz" (Berria)

Kirol zale amorratua da Luis Ansoalde (Azpeitia, 1946). Gaztetan eskubaloian aritu zen Arraten, besteak beste, eta eskia eta mendia ere gogoko ditu. Golfarekin zaletu da orain: “Neure buruari ziria sartzen diot, mendira joatea bezalako ariketa dela esanez”. Realeko Zuzendaritzaren bozeramailea izanik, ‘suhiltzailetzat’ daukate askok: “Bakoitzak bere eginbeharrak ditu, eta Kontseiluak erabakitzen badu zerbait komunikatu behar dela, hori egokitzen da. Gustura egiten dudan lana da, nahiz eta batzuetan ez izan erraza”.

Zer moduz zaudete?

Ondo. Agian pixka bat okerrago lehen baino, baina nik gauza bat daukat garbi: Athleticek ez du amore ematen; Betisek, Celtak eta Levantek ere ez; Gimnasticek ez du amore ematen! Guk emango dugu amore? Aukerak dauzkagu oraindik, eta borroka egin behar dugu.

Benetan sinesten duzue mailari eustea posible dela?

Posible da, noski. Baita oso zaila ere, baina zergatik ez da gertatuko?

Askorentzat, Kontseilua etsita eta besoak gurutzaturik gelditu da. Zer esango zenieke?

Ez dela egia. Une bat iritsita, emaitzei buruz gauza handirik ez daukagu egiterik. Ez da ikusiko egiten ari garen lana, baina egin behar duguna egiten ari gara: laguntza eskaini entrenatzaileari eta jokalariei. Beraiengan sinetsi eta bultzatu. Gehiago egiterik ez dago. Egoera ero batean sartu gara, eta ezin dugu partidarik irabazi.

Kritikak zer iruditzen zaizkizu?

Unea iritsiko da jokalariek buelta emango diotela. Berandu izango den? Agian. Baina emango diote. Eta askoz ere lehenago lortuko dute bakean jokatzen badute, baina aspaldian ari dira oso egoera txarrean jokatzen. Askotan entzun dut sasoi honetan Bigarren Mailakoak direla. Ia hasieratik.

Jokalarien betebeharra ez da horri entzungor egitea?

Bai, noski, baina beti ez da erraza. Ez daukat batere dudarik dena ematen dutela. Agian ez dute daukaten dena ematen ez zaielako ateratzen, paralisi antzeko bat daukatelako, baina haien jokaera ona da. Ez dabiltza alferkerian.

Askok eskatzen dizuete akziodunen ezohiko batzarrera deitzea.

Une honetan kluba saltsatan sartzeak ez dauka zentzurik. Esan dugu eskatuko dugula konfiantza, baina egon gaitezen orain egon behar dugunera, eta posible den unean, azkar-azkar egingo dugu. Ezin ditugu arazo gehiago sortu. Jokalariek ikusiko bagintuzte alde egiten... Gauzak baretzea nahi dugu.

Eta ez zarete kontrakoa lortzen ari?

Seguru asko gure kontra gero eta gehiago jarriko dira, baina zer egingo diogu? Kritika libre da eta onartu beharra dago. Nahiago dut askoz ere kritikak gure burura etortzea eta jokalariak eta entrenatzailea bakean uztea.

Akziodunen konfiantza jaitsiera matematikoki baieztatzen denean eskatuko duzue?

Jaitsiera, edo salbazioa. Horrela esan genuen, bai.

Ez da berandu izango?

Zertarako den. Gaur Kontseiluak konfiantza ez daukala irakurri dut egunkari batean. Agian kontsulta bat egingo zuten akziodun guztiekin zer pentsatzen ari diren jakiteko. Nik ez ditut denak kontra ikusten. Arlo bakoitzean nola gauden aurkeztu eta haiek hartuko dute erabakia egokitzen denean.

Ez zaizue burutik pasa hauteskundeak antolatzea?

Ez.

Logikak ez du eskatzen balizko jaitsiera horri begira hurrengo denboraldia prestatzen hastea?

Gure lan nagusia Lehen Mailari begira ari gara egiten. Bere momentuan Bigarren Mailari begira egin behar bada, egingo da. Baina ez gaude Bigarren Mailan.

Baina arduragatik ez zenukete hipotesi horrekin lan egin beharko?

Ez dauzkagu begiak itxita. Lerdoak ez gara, eta gauza guztietan pentsatzen ari gara. Horrek ez du esan nahi denboraldia Bigarren Mailan planifikatzen hasi garenik. Azterketak egin ditugu: zer gertatuko litzateke, besteei zer gertatu izan zaien... Horrelakoak, noski baietz. Baina erantzuten badizut Bigarren Maila planifikatzen ari garela jokalariak nola aterako lirateke zelaira?

Realaren etorkizuna kolokan egongo litzateke jaitsiz gero?

Errealitate oso desberdina izango litzateke. Lan asko dugu aurretik. Lehen Mailak diru-sarrera asko dauzka, baina gastu handiak daude, aldi berean. Jaitsiz gero, diru gutxirekin, apustua egin beharko litzateke ahal bezain laster igotzeko, eta hori ez litzateke merkea izango. Seguru ezetz.

APARS izenpean, akzioak bildu eta batzarra egiteko tramiteak egiten hasia da akziodun talde bat. Mugimendu horien berri baduzue?

Arrastorik ere ez. Talde batzuen gogoa gu hemendik ateratzeko ez da gaurkoa, baina hortik aurrera ez dakit ezer. Eskubidea daukate, nolanahi ere.

Klubaz jabetzea leporatzen ari zaizue behin baino gehiagotan. Egia da hori?

Gezur biribila da, eta hor bai ikusten ditudala esku beltzak. Bat behintzat, oso tamaina handikoa. Telebista saio batean hizlarietako bati galdetu zioten ea susmoa zuen kapital handitzean zerbait gertatu zela. «Susmoa ez, badakit gertatu zela», erantzun zuen. Bada, esan dezala. Ausar dadila esaten zer dakien. Gu jendearen aurrean irudi batekin sartu ginen, eta irudi hori garbi mantentzen da gehienbat. Ikusten dute gure puntu indartsua dela, eta hortik ari dira erasotzen. Ez zait ondo iruditzen presidentearen familiak ez dakit zenbat akzio dauzkala eta horrelako espekulazioak egitea.

Kirol egoeraren errudun zaretela onartu duzue. Zertan huts egin duzue?

Garbi dago ez dugula asmatu. Pila bat gol sartzen zizkiguten iragan denboraldian eta egin genuen apustua logikoa zen, bai guretzat bai kazetarientzat. Gero gauzak gaizki atera direnean erraza da hitz egitea, baina gu gara barruan gaudenak eta gure kontra dator, arrazoiz, gu garelako gauzak aurreikusteko ardura daukagunak.

Lotinak Anoetan jasotako babesak eraginik izan du zuengan?

Ez. Beste askok zalantzan jartzen zuten eta orain, nonbait, ondo iruditzen zaie jarraitzea. Guri beti iruditu zaigu ondo. Kontseiluko inork ez du haren lana auzitan jarri.

Bere emaitzak, ordea, Bakerorenak baino txarragoak dira. Koherentzia falta ez al da?

Konparaketa hori bakarrik eginez gero, ez da koherentea, agian. Baina egoerak ere ez dira berdinak. Gauza batzuk garaiz egiten direnean askoz garbiago ikusten dira. Kontua ez da beranduegi dela pentsatzen dugula, baizik eta konfiantza daukagula bere lana, profesionaltasuna eta eskarmentuarekin. Ikusten ari gara egunero zintzo eta gogor lanean ari dela. Hori hobetzerik ez dago.

Askok daukate Zamora erruduntzat. Kontseilua harekin dago?

Kontseilua hamahiru lagunek osatzen dugu eta denok dakigu gauza batzuk gaizki eta beste batzuk ondo egin ditugula. Zamora gaizki egin dugun arlo horretan dago sartuta, baina berak ez ditu erabaki guztiak hartzen, Kontseiluak baizik.

Epaileak Reala itotzen ari dira?

Ez duzu pentsatzen inork ere nahita egiten dituenik okerrak. Real Madril kexatzen ari bada, guk zer esango dugu? Epaileak ez daude susmopean. Hori bai, aurreneko egunetik egin digute kalte mesede baino. Ez dauka zerikusirik Bilbon irabazten hasi edo puntu batekin itzuli. Partida hartan bi puntu galdu genituen, baina nire buruari galdetzen diot ez ote genituen askoz gehiago galdu.

Garrido eta Aranbururen kontratuak berritzeko lanean hasi zarete. Bigarren Mailako edo Lehen Mailako kontratuak eskainiko zaizkie?

Ordezkariekin bi aukerak aztertzen dira eta gauza askotaz hitz egiten da. Arazorik gabe doazela esan dezaket. Aranburuk berak esandakoa hor dago.

Realak inoiz baino atzerritar gehiago dituenean dago okerrena. Zer deritzozu?

Informe onekin etorri ziren guztiak, eta denak dira Realarentzat egokiak, baina lesio asko izan dira, eta luzeak. Horrek zerikusi handia dauka, aurrealdean bereziki.

Hauteskundeetan harrobiarekin agindutakoa ez betetzea leporatzen dizuete...

Harrobia ez da igandean ez dakit zenbat jokalari zelaian egotea. Hamar urte dauzkaten haurrekin zer egin behar duzun da. Akordio batera iritsi gara oinarrizko futbolean. Zubietan egiten den lana ere hor dago. Horri ez diogu huts egin, alderantziz, gure bokazioa delako. Hala ere, lehen taldea planifikatzerakoan, jokalari batzuk Bigarren Mailan urtebete jokatzea eskertuko luketela ikusi zuten entrenatzaileek. Hori ikusita, jokalari kopuru bat daukazu, eta gehiago behar baldin badira, nonbaitetik atera behar dira. Harrobian ere zikloak daude, baina Mikel Gonzalez, Elustondo, Agirretxe, Estrada eta Diaz Zerio harrobikoak dira.

Askotan pentsatu duzue non sartu zareten?

Ez. Askotan pentsatu dut “hau duk zorte txarra”. Bi urte ia eta batere gozatu ez...

Hurrengo denboraldian Realean ikusten duzue zeuen burua?

Bai.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide