"Hiru ikasletatik bat euskalduntzen du eskolak", salatu du IAk

Urola Kostako Hitza 2007ko mar. 10a, 13:03

Bai eskolak euskalduntzeari lelopean ikasle taldea bidu zen ostiralean.

Eskolak euskaldundu ekimenaren baitan elkarretaratzea egin zuen IAk joan den ostiralean

EAEn "ikasleen erdia soilik" ateratzen dela euskara jakinda salatu zuten

(Urola Kostako Hitza)

Ikasle Abertzaleek, (IA) Eskolak euskaldundu ekimenaren barruan, elkarretaratzea egin zuten atzo 12:15ean, "Bai eskolak euskalduntzeari" lelopean. Hasiera batean, Azpeitiko hiru eskoletako ikasleek parte hartu behar bazuten ere, azkenean Ikasberrikoak bakarrik agertu ziren. Iraurgikoei ez zieten irteten utzi eta Azpeitia-Azkotia Urola Ikastolakoei ere eskaera berandu egitearren ez zieten irteten utzi.

Elkarretaratzean "abian diren hizkuntza ereduen politikak euskal ikasleei euskararen jakintza bermatzeko baliagarriak ez" direla salatu zuten. "Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleen erdia soilik ateratzen da euskara jakinda; Nafarroan %20, eta Ipar Euskal Herrian, berriz, %4tik %5era bitartean dago euskaldundutakoen kopurua. Hiru ikasletik bat euskalduntzen da, beraz, Euskal Herrian" azaldu zuten.

Eskolak Euskaldundu

Eskolak euskaldundu herri ekimenak "eskolak ikasleen %100 euskaldundu behar" duela eta "ikasle guztiek dutela eskolaren bidez euskalduntzeko eskubidea" aldarrikatzen du. Euskal Herri osoko 107.768 herritarrek (sinaduren bidez) eta hainbat eragilek egin dute bat ekimen honekin: Kontseiluak, Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeak (AEK), Euskal Herrian Euskaraz-ek , Topaguneak, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak, Ikasle Abertzaleek (IA), eta beste hainbat eragilek.

Bihar, berriz, Garaia delako, bai eskolak euskalduntzeari! Euskara ezagutzea denon eskubidea lelopean jaialdia izango da Donostiako Antigua auzokon. Goizeko 10:30etan hasiko da jaialdia eta 11:30etan ekitaldiari ekingo zaio. Pirritx eta Porrotx pailazoek edota Pantxoa eta Peiok parte hartuko dute bertan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide