EAJk AEKrekin "jarrera zapaltzailea" izan duela salatu dute

Urola Kostako Hitza 2007ko mar. 15a, 11:03

AEK-ko irakasleak eta EHEko kideak prentsaurrekoa ematen.

EAJk "protagonismorako nahi sutsua dauka bere jokabideetan" salatu dute AEK eta EHEek.

Euskal Herri osoa berreuskalduntzea dute helburu bi erakundeek

(Urola Kostako Hitza)

Alfabetatze-Euskalduntze Koordinakundeak (AEK) eta Euskal Herrian Euskarazek (EHE) bat egin zuten atzo (asteazkena) eman zuten prentsaurrekoan, "EAJk herri mugimenduekin duen jarrera zapaltzailea" salatzeko.

Bi erakundeek argi utzi nahi izan zuten hasieratik, euskara dela "Euskal Herriko berezko hizkuntza, euskararik gabeko Euskal Herririk ezin izan" litekeela. "Hala ere, euskara bigarren mailako hizkuntza dugu bere herrian", ohartarazi zuten. "Horregatik, Euskal Herria berreuskalduntzea dugu helburu, Euskal Herri osoan euskararen ofizialtasuna onartuko lukeen estatusa edo legedia horretarako bitartekoa dugularik", nabarmendu nahi izan zuten.

"Makina bat lan daukagu egiteko Euskal Herria berreuskalduntzeko bidean, herritar guztiok dugu geure tokia eta egitekoa, guztion zeregina baita Euskal Herria berreuskalduntzea" azaldu zuten. "Helburu hau lortzeko, ordea, herri mugimenduak oztopo ugari aurkitzen du bide horretan. Bere proiektuak aurrera eramateko, oztopoetako bat EAJk duen protagonismorako nahi sutsua" dela salatu zuten. "Azpeitiko EAJk herri mugimenduarekin duen jarrera zapaltzailea" bereziki salatuz.

Bi taldeek bereziki nabarmendu nahi izan zutena, ordea, honakoa izan zen: "Euskararen alde lanean dihardugun eragileen aldarrikapen eta proposamenak ez dituzte aintzat hartzen, eta martxan jartzen ditugun proiektuak atzera botatzen dituzte. Ondoren beraiek antzeko itxura duten proiektuak aurkezten dizkigute. Aurretik martxan dauden proiektuak bikoiztu egiten dituzte, bikoizketa politika horrek suposatzen duen gastu ekonomikoarekin. Martxan jarri nahi direnak, berriz, baztertu. Hor ditugu hainbat adibide: ziurtagiriaren bikoizketa, Behatokiaren atzetik sortu duten Elebide, udal euskaltegiak, gazte hizkeraren azterketak...".

Atzokoan, ordea, "AEKrekin EAJk izan duen jokaera salatu nahi" zuten. "Urte askoan herritarrak euskalduntzen jardun ostean, EAJk euskaltegi hauek indartu beharrean, udal euskaltegiak sortu zituen; bere esku izango zituen euskaltegiak, hain zuzen ere" azaldu zuten. Adibide bezala, "Ikasturte honetan, Azkoitian udal-euskaltegiak ordura arte eskaintzen ez zuen zerbitzu bat AEK-k martxan jarri" zuela "eta talde sendoa osatzea lortu zuela" adierazi zuten. "Baina hori ikusita, Azpeitiko udal euskaltegiak zerbitzu bera eskaintzea erabaki" zuela Azkoitian, "AEK-ko ikasle asko bereganatuz konpetentzia desleiala dela eta" jakinarazi zuten. "Konpetentzia desleial honen ardatza EAJk bere euskaltegiak diruz besteak baino askoz gehiago laguntzea da", argitu zuten, eta "jarrera hori guztiz salagarria iruditzen" zaie.

Helburua, euskalduntzea

Bukatzeko, beraien helburua "Euskal Herri euskalduna" lortzea dela eta herritarrak non euskalduntzen diren "berdin" zaiela nabarmendu nahi izan zuten. "Korrikaren bidez herriak berak onartzen du AEK-ren lana eta babesa eskaintzen du laguntza eskainiz eta herritarren nahiak errespetatuz", gogorarazi zuten. Aurten ere, "oztopo guztien gainetik, Korrikaren bidez inoiz baino ozenago aldarrikatuko dugu euskaraz biziko den Euskal Herria nahi dugula gaurdanik hasita", esanez bukatu zuten prentsaurrekoa bi taldeetako kideek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide