Euskararen balioaz

Enekoitz Esnaola (kazetaria eta Uztarria Kultur Koordinakundeko kidea) 2007ko api. 1a, 11:04

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du Azpeitiko Udalaren Euskararen Erabileraren Sustapena eta Normalizazioa Bermatzea helburu duen ordenantza, horren bidez herrian “euskara inposatu eta gaztelera baztertu” egiten delakoan.

Udalak 2005eko abenduaren 1ean onartu zuen ordenantza. Azpeitian biztanleen %90 inguruk euskara erabiltzen dutela-eta, ordenantzak dio “herriko hizkuntza euskara” dela.

Azpeitiko Udalaren hizkuntz politikaren ibilbidea, kostatutakoa

Azpeitiko Udalak euskara ordenantza ona du orain, teorian. Baina, oro har, asko kostatu da honaino iristea.

1990-1991. Saioak huts. Azpeitian euskararen normalizaziorako politikarik eta araudirik ez zegoela-eta, 1990ean Udaleko alderdi politikoak eta herriko zenbait erakunde (ikastetxeak, Euskal Herrian Euskaraz…) euskararen ordenantza egiteko bileratan ibili ziren. Tipologia bat hitzartu zuten baina, onartutakoa, 1991ko udal hauteskundeen ondoren Udal Kultura Batzordearen kaxoian geratu zen; neurri gutxi eta txiki batzuk baino ez zituen gauzatu.

1991 (apirila). Udal teknikarien egia. Udal Euskal Teknikarien Sareak (UETS) 1991ko apirilean euskararen normalizazioari buruzko udal jardunaldietan argitaratu zuen txostenean, honakoa zioen: “Urola Kostaldea da Gipuzkoan arlo honetan [hizkuntz normalizazioan] utziena dagoen eskualdea. Gipuzkoako eskualderik euskaldunena da Urola Kostaldea eta, beraz, normalizazio lanerako aukera hoberenak eskaintzen dituena. Aipagarria da hamar mila biztanlez gorako Gipuzkoako herrien artean bi euskaldunenak eskualde horretakoak direla, Azpeitia eta Azkoitia hain zuzen ere”. Azpeitiko Udalari dagokionez, hizkuntz profilak erabat ezarri gabe zituen, euskara teknikaririk ez zeukan, euskara ordenantza egiteke zuen...

1995 (martxoa). EHEren eskaera. Maiatzeko udal hauteskundeen aurretik, Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE), txosten landu baten bitartez, proposamena egin zien alderdi politikoei 1995eko martxoan: Udal Euskara Batzordea sortzea eta udal euskara teknikaria kontratatzea. Orduan ez zeuden ez bata, ez bestea. 1995ean Gipuzkoan hiru udal zeuden Euskara Zerbitzurik ez zutenak (teknikaria…) eta, haietako bat, Azpeitikoa zen. Hala, aurreko puntuan aipatutakoez gain, Udalak aktak eta bandoak gazteleraz idazten zituen, udal idazkaria euskaraz alfabetatu gabea zen… Normalizaziorako hainbat eginbehar zehatz aipatu zituen EHEk: normalizazioaren ardatzak finkatu, Euskara Batzordearen programak prestatu, Administrazioko lanpostu bakoitzaren hizkuntz eskakizunak izendatu eta eguneratu, euskararen erabileraren udal ordenantza egin… Hori guztia zegoen egiteko herrian. Eustat-en 1991ko datuen arabera, Azpeitian %87,5 ziren euskaldunak, eta EHEk zioen “hizkuntz normalizazioa lortzeko, egoera pribilegiatutik abiatuko” litzatekeela herria. Proposamen hori HBk baino ez zuen sartu hautes programan. EAJk bileran esan zuena: “Burutik pasatu ere ez”. EAk, berriz, zioen “helburuetan bat” zetorrela baina EHEk proposatzen zuena “bide bakarra eta perfektoa ez” zela. Saioak huts egin ondoren, EHEk 1995eko maiatzean esan zuen ez zuela etsiko: “Ez dugu amore emango. Herriak lehentasunen artean eduki behar du euskara”. EAJk, geroago, “gaitzetsi” egin zuen EHEk prentsa ohar batean haien hizkuntz politikari “kontserbadorea” deitu izana (ezer ez aldatzeagatik), eta zioen normalizaziorako “derrigorrezkoak ez” zirela Udal Euskara Batzordea eta euskara teknikaria.

1995 (uztaila). Udalaren utzikeria. Eusko Jaurlaritzak 1990ean, dekretu bidez, epea jarri zien EAEko udalei langileen hizkuntz eskakizunak “derrigor” betetzeko: 1995eko uztaila. Jaurlaritzaren dekretuaren arabera, Azpeitian udal langileen %90ari derrigorrezko hizkuntz profila ezarri behar zitzaien. Iristear zen 1995eko uztaila eta EAE osoan hiru udal baino ez ziren geratzen hori betetzeko; Azpeitikoa zen haietako bat. Halabeharrez onartu behar izan zituen hizkuntz eskakizunak, eta luzapen batez baliatu zen garatzen hasteko.

1997 (uztaila). Aldaketarik ez. EHEk 1995-1999 legealdiaren lehen erdiaren balantzea egin zuen 1997ko uztailean. Gauzek berdin segitzen zutela zioen. “Azken bi urteetan berriz ere Udalaren hizkuntz politika eskasa izan da eta erabateko aldaketa behar da”. Eta berriro proposatu zuen Euskara Batzordea “lehenbailehen” sortzea eta udal euskara teknikari bat kontratatzea “ezinbestean”. Azpeitiarren %87 euskaldunak zirela-eta, “Azpeitian hizkuntz plangintza serio bat martxan jarriko balitz, gure herria egoera pribilegiatu batetik abiatuko litzateke”, esan zuen atzera EHEk.

Udal Kultura Batzordearen erantzuna EHEri: “Eman Azpeitia euskalduntzeko ideia konkretuak”. EHEk “harrituta” erantzun zion Udalari. “Izan ere, duela bi urte pasatxo herriko hiru alderdi politikoei txosten landu eta zabal bana eman genien, eta han azaltzen da orain berriro egin dugun proposamena. (…) Udala bera eta herria euskalduntzeko makina bat gauza egiteko dagoela azaltzen da. Eginbehar gehiago ere badago”, eta zerrendatu egin zituen atzera. Udalak azkeneko urteetan pauso solte batzuk emanak zituela zioen EHEk baina, oro har, “utzikeria” zela nagusi eta “borondate handiagoa behar” zela. Azkenaldiko bi adibide jarri zituen: Udalak azken bi urteetan kontratatutako udaltzainei ez zien euskararen maila behar bezala eskatu eta 1997ko saninazioetako egitarauaren %42a gazteleraz idatzita zegoen.

1997 (maiatza). EHE, beste taldeekin. EHEk euskara eta kultur taldeen artean Azpeitiko kultur egoera aztertzeko galdetegia banatu zuen 1997ko maiatzaren 30ean, “kezkatuta” zegoelako Udalak eta herritarrek euskararekiko eta kulturarekiko zeukaten “jarrera pasiboa” zela-eta. Talde denek erantzun zuten, batek izan ezik (“kapziosoak” ziren EHEren galderak, talde horrek zioenez).

1998 (martxoa). Uztarriaren sorrera. Herriko euskara eta kultur taldeek Uztarria Kultur Koordinakundea sortu zuten, herria euskara, kultura eta komunikazioaren arloetan “egoera minimo baten azpitik” zegoelako. Euskararen alorrean, esaterako, hizkuntz normalizaziorako plangintzarik eta baliabiderik ez zegoen. “Fase berri batean sartu beharra dago”, ohartarazi zuen Uztarriak 1998ko martxoaren 3an, sorrerako idatzian.

1998 (uztaila). Udal Euskara Patronatoaren sorrera eta euskara teknikaria. Udalak 1998ko uztailaren 22ko batzarrean Udal Euskara Patronatoa sortzea erabaki zuen, estatutuak onartuta. Urte batzuk lehenagotik aurreikusia omen zuen sortzea. “Patronatoak Azpeitiko Euskararen Normalizaziorako Plangintza Orokorra egingo du. XXI. mendeko azpeitiarren beharrei erantzuna emateko tresna izango da. Helburu nagusia, euskararen erabateko gizarteratzea izango da”, zioen Udalaren oharrak. Horretaz gain, udal euskara teknikaria kontratatu zuen. “Azpeitia Euskal Herri osorako Euskararen Normalizazioaren eredu bihur daiteke luze baino lehen”.

2001 (abendua). EBPN abian jartzea onartu. Azpeitiko Udalak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) abian jartzea onartu zuen 2001eko abenduaren 2an, euskalgintzaren eskaerak onartu gabe. (Aurretik, apirilean, Udalak baztertu egin zuen normalizazio plana gauzatzeko Azpeitia esperientzia pilotu izateko Kontseiluaren plana. Hura, Udalak ez ezik, euskalgintza osoak eta gizarte eragileek Kontseiluari egindako eskaera zen; Udalak, bere sinadura botata eduki arren, baztertu egin zuen plana).

2003an (uztaila). Udal Euskara Batzordearen sorrera. Udalak Euskara Batzordea sortu zuen 2003ko uztailaren 10ean.

2004 (martxoa). Akordioa Udalak eta Uztarria-Kontseiluak. EBPN bi urte pasan ia geldirik eduki ondoren (Eusko Jaurlaritzaren kexu eta guzti), Udalak Uztarriarekin eta Kontseiluarekin hitzarmena sinatu zuen 2004ko martxoaren 25ean, normalizazioaren kudeaketa plana elkarrekin egiteko eta gidatzeko. 2005eko urtarrilean eten egin zen Udala-Uztarria akordioa, desadostasunak medio. Urte bereko apirilean Udala-Kontseilua akordioa eten zen, orduan ere desadostasunengatik.

2005 (abendua). Euskara ordenantza onartu. Euskara ordenantza onartu zuen Udalak 2005eko abenduaren 1ean. EAEko Auzitegi Nagusiak orain baliogabetu egin du, eta Udalak helegitea sartuko duela esan du.

Errora jo beharra

EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurrean defenditu beharra dago, bide juridikoa erabili eta helegitea sartuta. Baina, aurrera egiteko, hori ez da nahikoa. Errora jo behar da.

Aginte judizial propioa. Bere hizkuntz eskubideak bakean defenditzeagatik eta aurrera eraman nahi izateagatik epaitu egiten dute euskalduna, euskararen aldeko araudiak baliogabe uzten dituzte, isunak... Euskararentzat (euskaldunontzat, beraz) auzitegiak arrotzak direlako.

Orain EAEko Auzitegi Nagusiak erabaki du Azpeitiko euskara ordenantzak ez duela balio. Espainiako Konstituzioan jasotzen diren aginduak eta hainbat lege urratzen dituela dio. Beste hainbat kasu gertatu izan dira Euskal Herrian. Euskara galtzaile, non eta euskararen herrian, Euskal Herrian.

Aginte judizial propioa behar du Euskal Herriak, kanpoko esku-hartzerik gabe. Azpeitiko kasu honetan helegitea Espainiako Estatu abokatuak sartu zuen, Espainiak EAEn daukan Gobernu Ordezkaritzaren eskariz. Nabarmena da haien intentzioa. Eta jo egiten dute, jotzeko ahal osoa daukatelako.

EAEko Estatutu berriaren proposamena (Ibarretxe Plana bezala ezagun egin dena) 2004ko abenduaren 30ean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak (2005eko otsailaren 1ean atzera bota zuen Espainiako Kongresuak) eta, arlo judizialean, 1979ko EAEko Estatutuarekin alderatuz, aldaketa sakonak proposatzen dira bertan (II. titulua. Hirugarren kapitulua. 27, 28, 29, 30, 31. artikuluak). Aldaketa nagusiak: Justiziako instantzia guztiak EAEko Auzitegi Nagusian agortuko dira, Espainiako Estatuan “salbuespen bakarra” Auzitegi Gorenaren jurisdikzioa izango da, eta Euskal Kontseilu Judizialak eskumen handiagoak izango ditu (arduradunen hautaketa, epaitegiak eta auzitegiak ikuskatzeko ahalak, Eusko Legebiltzarrak legeetan xedatutakoa aplikatzea...). Bide egokia izan daiteke —euskararen— aurrerabidean.

Bide batez, injustiziazko hizkuntz adibideak eta kasu ilogiko juridikoak azaldu eta salatzeaz gain, aginte judizial propioa aldarrikatu eta pauso eraginkorrak eman beharko. Azpeitiko Udalak ez du halakorik egin orain, kasu nabarmen honek zuzenean jo dionean.

Euskara ezagutzeko betebeharra arautu. Azpeitiko udal ordenantzak “herriko hizkuntza euskara” dela esan arren, herrian euskara oraindik ez dago normalizatuta, euskaldunak ez dira euskaraz bizi. Helburu hori lortzeko, euskaldunen konpromiso irmoaz gain, erdaldun elebakarrek euskaraz ikasi beharko dute, beraien eskubideak urratu gabe. Baina nola egin saioa haiek hemengo hizkuntza ikasteko? Kasu, legedi bidez, araututa.

Hau da, Ibarretxe Planak arlo horretan esaten duena ez eginda. EAEko 1979ko Estatutuak huts egin du hor (Nafarroako Foru Hobekuntzak ere bai; Ipar Euskal Herrian ez dute bertako erakunderik), eta marko politiko berrian ezin da akats bera egin.

Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzaren lehendakariak 2003ko urriaren 25ean aurkeztu zuen EAErako Estatutu berriaren proposamena, 2004ko abenduaren 30ean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak eta, bitarte horretan, Kontseiluak ekarpenak egin zituen euskararen arloari buruz, “estatutu proposamen berrian aurrerapauso nabarmenik ez” zegoelako. Izan ere, Ibarretxe Planak 1979ko Estatutuaren ildo beretik segitu du, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanle guztiek euskara —gaztelaniarekin batera— “jakiteko eta erabiltzeko eskubidea” baino ez dutelako. Bi hizkuntzak ofizialtzat jotzen ditu, baina gertatzen da euskararen lurraldeotan bizi direnek gaztelera ezagutzeko “betebeharra” daukatela —hori agintzen baitu Espainiako Konstituzioak— eta, aldiz, euskara ezagutzeko “betebeharra” ez.

Besteak beste, aldaketa horixe egiteko eskatu zuen Kontseiluak 2004ko ekainaren 23an, Euskadiko Erkidegoaren estatutu politikoaren proposamenari buruz txostenean: “Herritar guztiek dute euskara ezagutzeko betebeharra eta erabiltzeko eskubidea”. Estaturik gabeko nazio batzuetan araututa dute. Eusko Legebiltzarrak ez zuen jaso ekarpen hori.

Beraz, EAEn (ere), euskara ezagutzeko asmorik ez daukaten herritarrek —epaileek, esaterako—, ez dute legez presiorik eta betebeharrik horretarako. Gainera, Justiziaren erabateko babesa daukate nahi dutenerako.

Hori garbi ikusi da Azpeitian: %7 inguru dira erdaldun elebakarrak —horietatik asko, Azpeitian bizitzen urteak daramatzatenak dira— eta egoera horrek orain udal ordenantza osoa baldintzatu du. Udalak ez du kasu nabarmen hori ere aipatu, ez du errora jo.

Herri gisa jokatu

Zer gertatuko da Udalaren helegitea atzera botako balute? Prest intsumiso izateko?

Aldiz, helegitea onartuko balute, albiste ona litzateke. Baina hurrena beste baten egitasmoa baliogabetuko dute auzitegiek, edo jarrera zigortuko, edo isunak izango dituzte euskaltzaleek (azpeitiarrek ere jaso izan dituzten bezala)... 31 eskutik dutelako Espainiaren tresna direnek.

Euskararen aldeko bideak eta borrokak ezin du laburra izan; erasoen aurrean ere bideak ezin du soilik defentsiboa izan. Oraingoz, halakoa da Udalarena. Beste bidea luzeagoa da, baina emankorragoa euskal herritarron eskubideak lortze aldera.

Horretarako, txarra ez Udalak euskararen alorrean azken urteetako jokabide esklusiboa bazterrean utziko balu. Burutik pasatuko ote zaio orain, eta beti, herri gisa jokatzea...

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide