Uste baino erabilera eskasagoa Landetara jarritako garraioan

Urola Kostako Hitza 2007ko api. 25a, 11:04

Landetarako autobusaren erabiltzaileak, Trenaren Museo parean, autobusa hartzen.

.100 lanegunen ondoren egin du Udalak balorazioa

Zerbitzuarekin aurrera jarraitzeko asmoa erakutsi du

(Urola Kostako Hitza)

Azaroan jarri zen martxan Landetako industrialderako autobus zerbitzua. Hasieran Landeta inguruan lan egiten duten langileen %70k erabiltzeko asmoa erakutsi bazuen ere, egunerokoan 20-37 langilek besterik ez dute erabiltzen.

Zerbitzua, batez ere, Corrugados Azpeitia, Metalicas Oñaz eta Bastida pentsuak enpresetako langileek erabili dute; zerbitzua gauzatzeko laguntza eman zuten enpresetakoek, hain zuzen ere.

Garraio zerbitzua jarri aurretik egin zen ikerketaren arabera, Landetako industrialdean 98 lantegi daude eta horietan 3.000 bat lagunek egiten dute lan; horietatik %56, 1.680 azpeitiarrak dira. Landetara joaten diren autoen betetze-maila 1,2koa da. Hau da, gehiengoa bakarrik joaten da bost lagun joan daitezkeen lekuan.

Iraurgi Lantzenek langileei egindako inkestetan %53k derrigorrezkoa ikusten zuen garraio zerbitzua ezartzea eta %70ek garraio publikoa ipintzen bazen erabiliko luketeela ziurtatzen zuten. Errealitateak, ordea, beste aurpegi bat erakutsi du: Landetan lan egiten duten 1.680 azpeitiarretatik 20-37k erabili dute autobus zerbitzu hau.

Egia da, ordutegia ez dela denen beharretara egokitzen eta batzuek lanean autoa eskura behar dutela une oro. Baina bi arrazoi hauek ezin estali dezakete hainbesteren egoera.

Horregatik, Azpeitiko Udaleko arduradunek sindikatuekin eta enpresekin berriro ere harremanetan jartzeko asmoa agertu dute; baita, beharrezkoa ikusten bada, ordutegia aldatzekoa ere.

Erabiltzaile berriak

Autobus zerbitzua erabiltzen hasi nahi duten herritarrek Ulacia garraio enpresara jotzea besterik ez dute eta bertan, 15 euroren truke, hileko bonoa eskuratuko dute. Oñaz, Bastida eta Gallardo enpresako langileek, berriz, lantokian izena ematea nahikoa dute, ezer ordaindu gabe.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide