Mikel Aranburu: "Urtea oso luzea izaten ari da, dena jokatzen duzu partida batean"

Uztarria.eus 2007ko mai. 3a, 12:05

Realarekin 250 partidatan jokatu du Aranburuk eta 15 gol sartu ditu.

Lau urterako kontratua berritu diote futbol jokalariari

"Bigarren mailara jaistearen arriskuak sortzen du urduritasuna taldean" dio

(Urola Kostako Hitza)

Mikel Aranburuk (Azpeitia, 1979) Realarekin beste lau urtetarako kontratua sinatu berri du. Kontratu horren nondik-norakoak eta Realaren egoeraz azalpenak eman ditu futbolariak.

Ostiralean sinatu zenuen Realarekin beste lau urterako kontratua. Zergatik berritu duzu?

Partida kopuru bat jokatzen banuen urtebete berritzen zitzaidan kontratua, automatikoki. Kopuru hori orain dela aste batzuk jokatu nuen, eta klubak esan zidan nik bertan segitzea nahi zuela. Nik ere geratzea nahi nuenez, azkenean, ez da arazorik egon kontratu hori sinatzeko.

Beste taldeen eskaintzarik izan al duzu?

Ez, egia esan, nire lehen aukera Realean geratzea zen eta, beraz, nire ordezkariari adierazi nion lehenengo haiekin konpontzen saiatu behar genuela. Orduan, ordezkaria ez da saiatu beste talderen batekin hartu-emanetan egoten, ez eta beste taldeei erantzuten.

Inoiz izan al duzu joateko tentaziorik?

Noski, une honetan egoera oso txarra da, eta bigarren mailara jaisteko arriskua ere hor dago. Bestalde, gauden egoeran egotearen kulparen zati handi bat jokalariena ere badela konturatu beharra dago. Eta, nahiz eta kirol mailan oso urte txarra izaten ari garen, ni Realean gustura nago, bai taldekideekin bai ingurukoekin. Beraz, geratzea nahi nuenez eta taldeak ere bai, ez da arazorik izan.

Deskuidoan bigarren mailara jaisten bazarete...

Noski, bigarren mailara jaistea denontzat izango zen kaltegarria: bai klubarentzat, bai jokalarientzat, bai zaletuentzat. Azken batean, denok nahiago dugu lehen mailan egotea, kategoriarik altuenean; eta aurkako taldeak Bartzelona, Athletic eta halakoak izatea hobe da, beste edozein izatea baino.

Taldean nabaritzen al da bigarren mailara jaistearen arriskuak eragiten duen urduritasuna?

Bai, zalantzarik ez. Izan ere, aurten egon garan bezain gaizki ez gara behin ere egon; ni egon naizen bitartean, behintzat. Salbazioko postuetatik hain urruti ez gara inoiz egon. Eta urte hauek nahiko zailak izaten dira; urtea oso luzea egiten da. Dena jokatzen duzu partida batean, astero finalak jokatzen ari garela aipatzen dugu. Nekagarria izaten da, izugarrizko tentsioa egoten baita astero partida bakoitzaren aurretik. Baina hori da dagoena. Azken batean, egoera horretan geu sartu gara. Aurrera egin beharra dago, baina ez dago ukatzerik eragiten duela, eta ez duzula beste egoera batean jokatuko zenukeen bezain lasai jokatzen.

Sei partida falta zaizkizue liga bukatzeko: Bartzelona, Gimnastic, Celta, Osasuna, Racing eta Valentziaren aurkakoak. Zeinetan ikusten dituzu irabazteko aukera gehien?

Une honetan argi dagoen gauza bakarra da, gauden lekuan egonda, bi talde gehiago atzean utzi behar ditugula. Gimnastic gure atzetik dago eta hurrengo bi taldeak 30 punturekin daude; gu baino hiru puntu gehiagorekin, alegia. Orduan, bi talde horiek baino garaipen bat gehiago lortu beharra dugu. Hala ere, ezin da jakin seguru zenbat garaipen beharko diren. Beraz, lehenengo garaipen hori lehenbailehen lortu beharra dugu. Aste honetan ez dugu partidarik egokiena hori lortzeko, baina saiatuko gara irabazten. Gu gauden egoeram, batik bat gurekin dauden talde horiek zer egiten duten izango da garrantzitsua.

Duela urte batzuk liga irabaztekotan egon zineten; orain, berriz, jaitsiera postuetan.

Noski, taldea ez da berdina. Baina garai hartan ere, urte batean bigarren bukatu bagenuen eta hurrengoan Champions-a jokatu bagenuen ere, azken bigarrengo partidan salbatu ginen. Eta taldea berdina zen bi urteetan, bi jokalari berri kenduta. Karpin, Nihat, De Pedro eta Xabi Alonso hemen ziren. Beraz, futbolean askotan logikak ez du denerako balio.

Gauzak gaizki joatean entrenatzaileari botatzen zaio errua.

Bai, taldea gaizki doanean, denetatik aldatzen da. Duela hiru-lau urte bigarren geratu gineneko taldetik, uste dut hiru bat jokalari bakarrik jarraitzen dugula. Horrek esan nahi du entrenatzaile asko, jokalari asko eta zuzendaritza ere aldatu egin dela. Gauzak gaizki doazenean, dena aldatzen da eta mugimendurik errazena entrenatzailearena izaten da.

Zer egin beharko litzateke egoera hau aldatzeko?

Urte batean ez bada bestean, talde gehienak ari dira hemendik pasatzen. Ez dut uste magiazko errezetarik dagoenik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide