Bereziartua Txinara bidean da, G-II bide ezezagunetik igotzeko

Urola Kostako Hitza 2007ko eka. 12a, 12:06

Josu Bereziartua abiatua da Himalaya aldera, Gasherbrum II iparraldeko bidetik igotzera.

Al filo de lo imposible saiorako proiektua da

Hango irudiak grabatzea eta gailurra lortzea dira espedizioaren helburuak (Urola Kostako Hitza)

Lehengo asteazkenean abiatu zen Josu Bereziartua Txina aldera, Juan Vallejo arabarrarekin, Mikel Zabaltza nafarrarekin eta Jose Carlos Tamayo bizkaitarrarekin batera. Oraingoan eskuartean Gasherbrun II (8.035 metro) tontorra iparraldeko isurialdetik igotzea dute, orain arte inork lortu ez duen bidetik.

Asteazkenean abiatu ziren, bada, Bilbotik Madrilera eta handik Pakistanera. Han Islamabad hirian egun batzuk egin ondoren, Kasgar-era (Txina) abiatuko dira. Txinan bi egunean 4x4 ibilgailu batean Gasherbrun II-ren ingurura gerturatu ondoren, beheko kanpalekura, 4.800 metrora, abiatuko dira.

Telebistarako proiektua

TVEko Al filo de lo imposible saiorako proiektu bat da, azkenean, espedizioa; eta han irudi batzuk grabatuko dituzte, gero telebistan botatzeko. Lau mendizaleez gain bi kamara ere joango dira, orduan.

Espedizioak, beraz, bi helburu ditu: hain ezezaguna den Karakorum mendikatearen iparraldea ezagutu eta grabaketen bidez jendeari ezagutaraztea, batetik; eta oraindik inork igo ez duen alderditik igotzea, iparraldeko isurialdetik edo Txina aldetik, bestetik.

Bi helburu hauek lortzeak, beraz, lan bikoitza eskatzen du: ez da nahikoa tontorra egitea, ez eta dokumentala grabatzea ere; bi helburuak lortzen saiatu behar dute, kamerek 5.000 metro ingururaino lagunduko baitiete. Hortik aurrera eurek izan beharko dute grabatzeaz arduretu beharko dutenak.

Bi espedizio bakarrik saiatu dira Gasherbrum II iparraldeko isurialdetik igotzen, japoniarrak eta suitzarrak, eta inork ez du gailurra egitea lortu. Izan ere, duela gutxi arte Txinak itxita izan ditu mugak eta ez zien turistei sartzen uzten.

Lehendik ere izanda

2004an egin zuen Gasherbrum II tontorra Bereziartuak. Orduko hartan Pakistan aldetik, ohiko bidetik, igo zuen.

Inor gutxik zapaldutako bidea izateak asko erakarri ditu lau mendizaleak. Izan ere, gaur egun Himalayan jendearen mugimendu handia dago. Mundu osoko hainbat espedizio izaten dira han aldi oro. Beraz, bide ezagun guztiak irekita daude, sokak ipinita...erraztuta, azken batean. Eta lau mendizaleek hasi ziren garai hartako alpinismora hurbildu nahi dute; modu arinean nahi dute egin. Beraiek bakarrik dauden ingurunean, beste espedizioen babesik gabeko ingurunean, gailurrerako bidea ireki nahi dute.

Abuztu hasieran itzuliko da espedizioa, Gasherbrum IItik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide