Azpeititik laguntza Boliviako umezurtegi batera

Uztarria.eus 2007ko eka. 13a, 15:06

Umezurztegiaren aldeko oleo koadroa ikusgai dago Diart-eko erakusleihoan.

Diartek boletoak ateratzen ditu dirua lortzeko

Ramon Gurrutxaga Iraurgiko irakasleak egiten du lan Bolivian kooperante gisa eta berak egiten du bi herrien arteko zubi lana

Diart pintura eta eskultura estudioak eta Iraurgi ikastetxeko Ramon Gurrutxaga irakasleak elkartasun egitasmo bat abian jarri zuten duela lauzpabost urte. Helburua Boliviako Santa Cruz de La Sierra herrialdeko umezurztegiari laguntza ematea da eta aurten ere ekin diote elkartasun ekimenari.

Ramon Gurrutxagak zazpi urte daramatza Santa Cruz de La Sierra (Bolivia) herrialdeko umezurztegira kooperante gisa joaten. Uda partean joan ohi da eta hemen bildutako dirua Gurrutxagak berak eramaten du umezurztegira. Dirua Diart pintura eta eskultura estudioak ateratako boletoen bidez lortzen dute. Urtero Diart-eko ikasle batek margolan bat egiten du boleto horien sari gisa ateratzeko. Aurtengo oleo koadroa Diart-eko erakusleihoan dago dagoeneko, Eliz kalean.

Apadrinatzeko beharra

Diru laguntza umezurztegira eramateaz gain, Gurrutxaga beste zeregin batetaz ere arduratzen da. 166 ume bizi dira egun umezurztegian eta, jakina denez, familiarik gabeko haurrak dira. Gurrutxaga ume horiei laguntzeko umezurztegiko haurrak apadrinatzeko lanean ari da. "Azpeitia eta Zumaia artean, ni zumaiarra bainaiz, 56 ume ditugu apadrinatuta. Baina, tamalez, urtez urte kopuruak ez du gora egin" dio. Zuzenean Gurrutxagak berak eramaten du umezurztegira boletoekin ateratako dirua eta baita apadrinatutako umeentzakoa ere. Jendea animatu nahi du haurrak apadrinatzera. Horretarako Iraurgi ikastetxera jo eta Ramon Gurrutxagagatik galdetu besterik ez dute interesatuek.

Uztailaren 13an egingo du bidaia Boliviara eta lehenengo eta behin, "lortutako dirua umezurztegiko botikina betetzeko" erabiliko duela azaldu du Gurrutxagak. Haurrei arropak erosteko ere erabiltzen dute hemendik eramandako dirua edota baita ikasketetan laguntzeko ere. Abuztuaren 16an agurtuko ditu haurrak Gurrutxagak eta etxera itzuliko da, datorren udara arte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide