Olatz Prat: "Folk tradizionala eta garaikidea nahastu ditugu"

Uztarria.eus 2007ko eka. 27a, 16:06

Olatz Prat eskarmentu handiko abeslaria da.

Lantz taldeak diskoa kaleratu berri du; Olatz Prat da taldearen ahotsetako bat

Folk musika gehiegi gustatzen ez bazaio ere, "taldean gustura" dabilela dio

Olatz Prat abeslari azpeitiarra proiektu berri batean murgilduta dabil. Lantz musika taldeko ahotsa da eta azaldu duenez, "folk musika gehiegi gustatzen ez bazaio ere, gustura dabil taldean". Diskoa kaleratu berri dute eta dagoeneko bi kontzertu eskaini dituzte. Olatz Prat-ek taldearen ibilbideaz eta lehenengo inpresioez hitz egin du.

Nondik sortu zen talde berria sortzeko ideia?

Mikel Errazkin eta Josean Martin musikariek buruan zebilkien era honetako taldea sortzearen ideia. Jendearekin harremanetan jarri ziren eta horrelaxe hasi ginen pixkanaka-pixkanaka taldean sartzen. Xabi Lopez gitarra elkartu zitzaien, lehenbizi, eta gero batu ginen hiru kantari: Garbiñe Insausti, Oihana Lekuona eta neu. Gure ondoren etorri ziren Juan Ezeiza eta Alaitz Telletxea musikariak.

Ze filosofiarekin sortu da Lantz?

Folk tradizionalari buelta eman nahi izan diogu. Folk tradizionala eta garaikidea nahastu nahi izan ditugu. Lehengo kantuen bertsio berrituak egin ditugu. Esaterako, gure diskoan garai bateko "Aldapeko" kantuaren bertsioa dator. Egia esan, ni ez naiz oso folk zalea baina gustura nago taldean.

Noiz hasi zineten taldean lan egiten?

Iazko udan hasi ginen elkarrekin entseatzen. Pasa den urtarrilean, berriz, diskoa grabatzeari ekin genion eta martxoan bukatu genuen grabazioarekin. Maiatzaren 31n Iruñean eskaini genuen diskoaren aurkezpeneko kontzertua eta ekainean kaleratu genuen diskoa. Bigarren kontzertu bat ere eman dugu orain gutxi Hondarribian.

Jendearen erantzuna nolakoa izan da?

Jendeak gustuko gaituela dirudi. Jendeari diskoa aurkeztu eta erantzun onak jaso ditugu. Horrez gain, hedabideetan eta leku dezente eskaini digute eta taldeak oihartzuna izan duela esan daiteke.

Talde oparoa ez denik ezin esan...

Bai, normalean folk taldeek gehiago eskatzen dute gainontzeko musika taldeek baino. Folk taldeetan instrumentu asko dago: albokak, gitarrak, soinuak… eta ahotsak ere bat baino gehiago izan ohi dira. Guk "Lais" taldea hartu dugu erreferente gisa.

Hurrengo hitzordua Galdamesen (Bizkaia) egingo den Folk Festibalean izango dute. Urrian izango da hori.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide