Udalei euskararen alde konpromisoak eskatu dizkie EHEk

Urola Kostako Hitza 2007ko uzt. 5a, 13:07

Urola Kostako EHEko kideak atzo Zestoan emandako prentsaurrekoan.

Hauteskundeen aurretik, euskararen normalizaziorako urratsen taula bat igorri zien Euskal Herrian Euskarazek alderdi politiko guztiei

"Alderdi askok ez gaituzte aintzat hartu", adierazi dute (Urola Kostako Hitza)

Euskal Herrian Euskaraz erakundeak, euskara normalizatzeko behar diren gutxieneko hamar urratsez osaturiko aldarrikapen taula bidali zien eskualdeko alderdi politiko eta hautesle plataforma guztiei, hauteskunde garaian, zerrendak eta herri programak osatzen ari zirenean.

Taula horren bidez, alderdi politikoei gutxienekoak diren urrats batzuk betetzeko eskatzen zieten. Besteak beste, eskatu zizkieten urratsak honako hauek dira: hautetsi guztiak euskaldunak izatea; programan hizkuntza politika oso baten proposamena egitea; eta neurri zehatzak planteatzea.

EHEren iritziz, hizkuntza politika oso bateko neurri zehatzen artean oinarrizkoak honako hauek dira: udalerrian euskara ofiziala eta lehentasu-nezkoa izendatzea: hizkuntza politikaren helburu nagusia euskararen normalizazioa izatea; herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko neurriak izatea; Udaleko lan hizkuntza euskara izatea; eta Udalak argitaratzen dituen euskarri komunikatiboetan euskara lehentasunez agertzea.

EHEren ustez, euskararen normalizazioan urrats garrantzitsuak emateko neurri hauek hartzea funtsezkoa da. "Harremanetarako bidea jarri bagenuen ere, aitortzekoa da alderdi askok ez gaituztela aintzat hartu eta hori salatu nahi izan dugu", adierazi du EHEk.

"Urola Kostan oso alderdi gutxik erantzun digute eta aintzat hartu gaituztenak alderdi ezkertiar eta abertzaleak izan dira soilik", nabarmendu dute EHEkoek. Euskararen normalizaziorako eman behar diren gutxieneko urratsak direla diote EHEko kideek, eta ez dute ulertzen interes falta hori.

EHEko kideek, udaletxe berriei ondorengo lau urteetan euskararen normalizaziorako urratsak eman ditzaten eskatu nahi izan diete eta elkarlanerako prest daudela adierazi dute. "Hainbat herrietan udal gobernuetan eman diren aldaketak direla-eta elkarlanerako aukera itxaropentsuak aurreikusten ditugu. Ea behingoz XXI. mende honen lehenengo hamarkadan euskararen normalizaziorantz indarra bildu eta euskarari bizi oparoa eskaintzen diogun", adierazi dute Urola Kostako EHEko kideek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide