38 eragilek jaso dute aurten Bai Euskarari Ziurtagiria

Uztarria.eus 2007ko uzt. 6a, 15:07

Herriko saltoki, enpresa eta eragile batzuk, atzo, ziurtagiria jaso ondoren, Enparan Dorretxean.

Atzo banatu zizkieten herriko enpresa, denda eta entitateei

Xabier Mendiguren Kontseiluko kideak dei egin zion Azpeitiko Udalari "prozesuaren parte aktibo" izateko

"Euskara saltokietan bai, baina ez salgai". Hori esanda bukatu zuen Jokin Urangak ekitaldiari hasiera eman zion bertsoa. Atzo (uztailak 5, osteguna) banatu zitzaizkien Bai Euskarari Ziurtagiriak herriko enpresa, denda eta era guztietako entitateei. Denera, 38 eragilek dute aurten.

Enparan Dorretxean egin zuten ekitaldia, eta Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak eta Josu Uranga Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinakundeko kideak banatu zizkien ziurtagiriak eragile, enpresa eta saltokiei.

Eneritz Artetxe eta Jokin Uranga bertsolariek eman zioten hasiera ekitaldiari. Mendigurenek hartu zuen hitza, eta azpimarratu zuen "Azpeitiko Udalarekin elkarlana lortzea" izango dela aurrera begirako helburuetako bat. "Horregatik, Udalari eskatu nahi diogu prozesuaren parte aktibo izateko, garai batean bertan behera geratu zen lankidetza berriz hartuz". Prozesua ahal den "eraginkorrena" izan dadin, "eragile guztien elkarlana beharrezkoa" dela gaineratu zuen eta "Azkoitia, Zestoa edo Zarautz bezalako herrien eredua jarrai dezala" eskatu zion Azpeitiko Udalari.

Ziurtagiriaren Elkartearen sorrerarekin, irudi berria estreinatu du Bai Euskarari Ziurtagiriak eta, ondorioz, material berria jaso zuten Azpeitiko eragileek. Oroigarri gisa, Jorge Oteizaren artelana ere banatu zieten.

Azpeitian 2003tik dute eragileek Bai Euskarari Ziurtagiria. Agiri nazionala da, eta hainbat eta hainbat herritan ari dira garatzen. Azpeitian herriko bertako 29 entitatek dute ziurtagiria, eta herrian dauden beste bederatzi eragilek ere bai; 38k denera. Euskal Herri osoan, guztira 1.500 entitatek dute.

Bai Euskarari Ziurtagiria duten eragileak

-Agirre Oparidenda.
-Amenabar denda.
-Arrospide Oinetakoak.
-Azpeitia Kimu Bat S.L.
-Babesa jantzi denda.
-Disdira bitxitegia.
-ELA Sindikatua-Urola Kosta.
-Eregi Euskara eta Komunikazioa Zerbitzuak enpresa.
-Etxahun kioskoa.
-Iturralde Iturgintza S.L.
-Izarraitz Inmobiliaria.
-J.B. Sansebastian harategia.
-Jone eta Maikar S.L.
-Kili-Kolor Kopistegia.
-KOOP Legarda.
-Lagun Onak Mendi Bazkuna.
-Lagun Onak Txirrindulari Elkartea.
-Landatek Bulego Teknikoa S.L.L.
-Landetalan Bat Zerbitzuak S.L.
-Lazkano Olaizola Aholkularitza Inmobiliarioa.
-Loiola Sukaldeak.
-Mugi Kirolak.
-Ongi-Etorri Jatetxea.
-Osatuz fisioterapia zentrua.
-Otamendi Erloju eta Bitxi Denda.
-Pitxiak.com.
-Sarea Informatika / Euskalkom Telekomunikazioak S.L.
-Urrestilla Jantzi Denda.
-Uztarria Kultur Koordinakundea.

Nazional mailako beste bederatzi erakundek dute herrian Bai Euskarari Ziurtagiria:

-Eroski Bidaiak.
-Eroski Center.
-Bankoa Credit Agricole.
-Kutxa.
-GUREKO – Gurekin Kontatu Kooperatiba.
-HEBE – Herri Behi Elkartea.
-GITXEZEL – Gipuzkoako Txerrizaleen Elkartea.
-GIFE – Gipuzkoako Frisoi Elkartea.
-GOE – Gipuzkoako Oilozaleen Elkartea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide