Lurrun trenak ez dira bakarrik ibiltzen

Urola Kostako Hitza 2007ko uzt. 18a, 12:07

Urtero antolatzen dute lurrun trenak gidatzen ikasteko hastapen ikastaroa tren museoan.

Trenaren Euskal Museoan atzo hasi zen lurrun makina gidatzen ikasteko hastapen ikastaroa

Euskal Herri osoko ikasleek hartzen dute parte urtero, baita Espainiatik etorritakoek ere (Urola Kostako Hitza)

Atzo hasi zen lurrun makina edo trena gidatzen ikasteko XII. hastapen ikastaroa Azpeitiko Trenaren Euskal Museoan. Ikastaro honetan, Euskal Herri osoko ikasleek hartzen dute parte urtero, baita Espainiatik etorritakoek ere. Hala ere, ikasleen kopurua mugatua da: zortzi ikaslek besterik ez dute aukera ikastaro honetan parte hartzeko.

Juan Jose Olaizola museoko zuzendaria eta tren makinako gidaria da; gainera, bera da ikastaroko irakaslea. Azaldu duenez, Euskal Herrian lurrun trenak gidatzen erakusten duten leku bakarra da Azpeitiko museoa.

Bestalde, ikasle kopurua mugatua izatearen arrazoia, "sinplea" dela adierazi du: "Klase teorikoetan jende gehiago egotea posible da. Baina klase praktikoetan, alegia, trena gidatzera joaten garenean, gehiago izango bagina ezinezkoa izango litzateke trena gidatzea".

Izan ere, ikastaroak bi zati izaten ditu: alde batetik, goizez museoan bertan ematen duten teoria; eta arratsaldeetan klase praktikoak ematen dituzte. Azken hauetan, museoa eta Lasao bitartean dagoen trenbidean zehar ibiltzen dira ikasleak, Olaizolaren esanetan.

Ikastaro hau, hastapen ikastaroa besterik ez da eta, Olaizolak azaldu duenez, bertan ikasitakoarekin ezinezkoa da lanbide bat ikastea, horretarako "askoz gehiago" sakondu beharko litzatekeelako: "Ikastaroa, lurrun trenak asko gustatzen zaizkien pertsonak egiten dute. Azken finean, hauentzat amets bat gauzatzea bezala da lurrun trena gidatzen ikastea. Eta, hastapen ikastaro honetan, lurrun makina bat gidatzeko aukera izaten dute".

Trenaren etorkizuna

Ikastaro honetan, Urola trenaren historia ikasteaz gain, trenaren etorkizuna irakasteko ere aprobetxatzen dutela adierazi du Olaizolak. "Urola trenaren historiaz gain, trenaren etorkizuna ezagutzeko aukera ere ematen diegu ikasleei eta, horretarako, arratsaldeetan hainbat irteera egiten ditugu", azaldu du irakasleak.

Olaizolak trenaren etorkizunaz hitz egiten duenean, Eusko Trenek Durangon eta Atxurin dituen trenbidearen eta tranbiaren lantegiei buruz ari da. Bi lantegi horiek bisitatzeko aukera izango dute ikastaroan parte hartzen duten ikasleek, baita Bilboko metroko lanak ikusteko ere.

Ikastaroa atzo hasi zen eta igande honetan amaituko da. Aurten ikastaroan parte hartu duten ikasleak, 21 urtetik 49 urte bitartera dituzte, eta Madrilgoak (Espainia), Kataluniakoak, Castellokoak (Herrialde Katalanak) eta Euskal Herrikoak dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide