Karmelo Etxegarairen Gernikako liburutegi hura

Uztarria.com 2007ko ira. 4a, 21:09

Karmelo Etxegarai.

Gernikako bonbardaketak erraustu egin zuen haren liburutegia, “gure herriko onena, liburuen kopuruagatik eta kalitateagatik”, Bonifacio Etxegarai anaiak 1937ko maiatzaren 4an Euzkadi Irratian egindako hitzaldian esan zuenez

Bernardo Atxagak eman du horren berri orain, Markak. Gernika 1937 liburuan

Bernardo Atxaga idazleak aurten, Gernika-Lumo (Bizkaia) bonbardatu zutela 70 urte bete direla-eta, Markak. Gernika 1937 liburua argitaratu du, eta bertan, bukaera partean, Guernica liburuxka argitaragabetik hartutako dokumentuen berri eman du.

Horietako bat da Bonifacio Etxegarai euskaltzainak 1937ko maiatzaren 4an —alemanek Gernika bonbardatu eta egun gutxira— Euzkadi Irratian egindako hitzaldia. Bonifacio Etxegaraik hitzaldi hartan anaia Karmelo aipatu zuen.

Karmelo Etxegarai 1865eko uztailaren 3an jaio zen, Azpeitian, eta 1925eko azaroaren 4an hil, Gernikan. Hain zuzen, 1896an Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek Euskal Herriko kronista izendatu zuten, eta Gernikara joan zen bizitzera, Imanol Eliasen *Azpeitia, 500… (Azpeitiarrak eta herriarekin bat eginak)* liburuan jartzen den bezala.

Bonifacio anaia, berriz, Zumaiakoa (Gipuzkoa) zen. Karmelo gazterik zela, familiako arazo batzuk tarteko, Zumaiara joan zen bizitzera, eta hemen sortu zen Bonifacio, geroago Gernikara joateko. Iñigo Aranbarri eta Jose Luis Otamendiren Loiolarik ez balitz liburuan (2005, Uztarria Kultur Koordinakundea) ageri denez, Espainiako "Gerra aurreko urte haietan euskal literaturan eta kultur jardunean izena da" Bonifazio Etxegarairena. “Poesia, historia lanak, legeen azterketak, soziolinguistika eta bestelako hainbat jorratu zituen. Karmeloren anaia zumaiarra izan zen 1932ko Euskal Autonomia Estatutuaren egitasmoa erredaktatzeko ardura hartu zuenetako bat. Karmelo zendu zenean Boni jarri zen Euskaltzaindian hark utzi zuen aulkian. Boniren ahotsa Euzkadi Irratiko mikrofonotik ozen zabaldu zen Gernikako sarraskia salatzeko”.

Hain justu, hauxe da Atxagaren Markak. Gernika 1937 liburuan Bonifacio Etxegaraik 1937ko maiatzaren 4an egin zuen hitzaldian anaia Karmelo aipatu zuen pasartea: “Leku lasai honetan bat-batean piztu zen suak, egoitza eta eliza ederrak ez ezik, bertako udal artxibo aberatseko paper eta dokumentu baliotsuak erraustu zituen. Haien artean hil zen duela urte batzuk Karmelo Etxegarai, nire anaia eta maisua. Kanpoko itxura gozo eta apalaren atzean, euskal kulturari eskainitako buru bikain bat zegoen. Berea zen gure herriko liburutegirik onena, liburuen kopuruagatik eta kalitateagatik ospetsu egindakoa, makina bat lehen edizio eta argitaragabeko gutunekin, eta gure herri maitearen historiari eta folkloreari buruzko material bilduma zabalarekin. Nire anaiak mundu osoko pertsona gailenekin izan zuen korrespondentzia, liburuzainekin, zientzialariekin eta letra-gizonekin. Ez da ezertxo ere salbatu”.

Uztarria Kultur Koordinakundeak iazko irailean Azpeitiarrak Espainiako Gerran liburua argitaratu zuen, Amaia Mendizabalek eginda, eta hor ere ageri da Gernikako bonbardaketaz aipamenik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide