Goikoetxea: "Azpeitiko toponimien pandoraren kutxa zabaldu dugu"

Uztarria.eus 2007ko ira. 14a, 14:09

Goiko argazkian, Arantxa Isart (euskarako batzordeburua), Iñaki Errazkin (alkatea) eta Imanol Goikoetxea (ikerketako arduradun teknikoa). Beheko argazkian, Betharramistetako erakusketa.

Toponimoak, mapa batean eta bakoitza bere kokalekuan jaso dituzte

Herritarren ekarpenak jasotzeko erakusketa zabaldu dute Betharramistetan

Toponimiak leku bateko herri, erreka, mendi, baserri eta abarren izen bereziak eta horien jatorriak aztertzen ditu. Azpeitian, Ikermap ikerketa enpresak egin berri du herriko toponimoen azterketa eta gaur (irailak 14, ostirala) aurkeztu dituzte ikerketa horren emaitzak. Imanol Goikoetxea, Ikermap-eko kideak parte hartu ikerketan eta bera izan da toponimia ikerketako arduradun teknikoa. "Azpeitiko toponimien pandoraren kutxa zabaldu eta aberastasun handia aurkitu dugu" azaldu du Goikoetxeak Azpeitiko Euskara Patronatuaren egoitzan emandako prentsaurrekoan.

Herriko toponimia aztertzeko asmoz, Azpeitiko Udalak lehiaketa antolatu zuen eta Ikermap enpresak hartu zuen azterketa egiteko ardura. "Udal agiritegira jo genuen toponimoen bila eta 20.000 erreferentzia inguru aurkitu genituen" adierazi du Goikoetxeak. Toponimoen bilakaera filologikoa eta historikoa aztertu dute eta jasotako toponimoak 1:15.000ko eskalako mapa batean, bakoitza bere kokalekuan, argitaratu dituzte.

Mapa hori, hala ere, ez da behin betikoa. Iñaki Errazkin Azpeitiko alkateak azaldu du toponimoen inguruan, herritarren ekarpenak eta iritziak bildu ondoren jasoko duela azterketak onarpen definitiboa eta orduan aterako dute behin betiko toponimoen mapa. Herritarren ekarpenak jasotzeko zabaldu dute gaur bertan erakusketa Betharramistetako erakusketa aretoan. "Helburua egindako okerrak-eta zuzentzea da" dio Goikoetxeak.

Erakusketa zabalik dago dagoeneko eta datorren ostegunera arte egongo da irekita. Astegunetan 17:30etik 20:30ak arte egongo da zabalik eta asteburutan, berriz, 10:30etik 13:30era. Errazkinek herritarrei gonbita luzatu die erakusketan parte har dezaten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide