Agur Izarra, agur betiko

Urola Kostako Hitza 2007ko aza. 14a, 10:11

Goiko argazkian, Izarra hotelaren eraikina botatzen, lehengo ostiralean. Beheko argazkian, Pedro Azpiazu, Izarra hotelaren jabea zena, eraikinaz gelditu denari begira.

Izarra hotela 1928an eraiki zuten, eta 1974an Pedro Azpiazuk erosi zuen; "Izarra polita" izan dela dio gaur egun Loiola hotelaren jabea denak

Ostiralean Izarra bota egin zuten, etxeak egiteko (Urola Kostako Hitza)

"Ez nuen uste horrenbeste jende akordatuko zenik", dio Pedro Azpiazuk (Urrestilla, 1934) Izarra hotelaz. Harrituta dago, jende askok eraikina botatzen ikusi eta pena hartu duelako. Ostiralean hasi ziren Izarra botatzen, etxebizitzak egiteko. "Erabat jardun dit jendeak, beste konturik ez dauka", dio Azpiazuk, Izarra hotelaren jabea zenak eta gaur egun pauso gutxitara Loiola hotela duenak. "Gauza polita izan da Izarra, baina nik ez dut hainbesterainoko sentimendurik izan. Zer esango dizut bada... langile batek garai ona izaten ditu, eta gero zahartu egin dela-eta aldatu egin behar izaten da. Sentimentalismoarekin hemen ez dago zer eginik".

.11 urte dira Izarra hotel zaharra itxi eta berria, Loiola hotela, ireki zutela. "Orduz gero zenbat alditan joango ote nintzen ni hura ikustera? Norbait zerbait harrapatzera sartu zenean edo horrelako kasuren batean". Azpiazuk ez zuen uste Izarra botako zutenik: "Halako etxe polita zen eta. Hotelera etorritako askok argazkia atera ohi zion etxeari; que casa más bonita, zioten. Hala zen, izan ere. Ondo egina gainera, uholdetan-eta inguruan dena ura, baino barrura ez zen urik sartzen. Hura egin zuek arkitektoak bazekien zer egitera joan zen".

.1928. urtean egin zuten Izarra hotelaren eraikina. Handik hogei bat urtera eranskin bat egin zioten, jangela bat.

1974tik Izarraren jabe

Natividad Atxa zen lehen hotel haren jabea; "bi ahizpak ematen zuten hotela nik erosi aurretik". 1974. urtean hartu zuen hotela Azpiazuk. "Nik erosi aurretik kategoria handiko hotela izana zen; niri hala esan zidaten, Estrella de oro eta halakoak zeuzkala. Ni neu ezagututa nago Fabiola eta Balduino [Belgikako erregeak izandakoak] han meriendatzen. 1965eko arratsalde bat zen. Horrelako jende asko pasatu zen, eta horrelako turismoa asko ematen zen orduan".

Baina Azpiazuk hotela hartu zuenean beste garai batzuk ziren, eraikina zahartuta zegoen: "Logeletan perretxikoak irteten ziren nik hartu nuenean". Eraikina zortzi milioi pezetatan erosi, berritu, eta 32 logelako hotela martxan jarri zuen Azpiazuk. Izarra hotela beteta askotan izan duela dio: "Izarran 82 lagun sartuta nago ni, alemaniarrak".

La Cepa tabernan aurretik

Hotela erosi aurretik La Cepa taberna eduki zuen Azpeitiko Erdi kalean. "Oianguren baserrian bizi nintzen, etxe zaharra zen oso. Nagusiak zuazolatarrak ziren eta saltzera atera zuten 1962an. Erosteko gogoa nuen aurrena eta gero, berriz, berritzea nahi eta kontratistak errepidearen ondoan berria egitea gomendatu zidan. Halaxe egin nuen, 1969an, neu han bizitzeko idean. Baina, hura ordaintzeko, Azpeitira etorri eta 1970an taberna ireki nuen. Etxe berri hartan neuk ez nuen egoterik ere izan".

Baina taberna baino zerbait gehiago nahi zuen Pedrok, jatetxe duin bat: "Tabernan jende dezente ibiltzen nuen eta gehiago hartzeko lekurik ez nuen. Orduan jatordua 15 pezeta kobratzen zen eta 60 lagun hartzera ere iritsi nintzen. Orduan pentsatzen nuen: ez ote naiz ni helduko dezenteko jatetxe bat egitera? Garmendi gainean lurjabe batekin tratua egin nuen, baina Udalak ez zidan baimenik ematen horretarako. Gero, Izarra saldu nahian zebiltzala eta eskaintzarekin etorri zitzaizkidan".

Azpeitian sei hotel

Azpiazuk Izarra hartu zuenean herrian sei hotel zeuden; "Izarra, Kiruri, Amenabar, Uranga, Artetxe eta frontoikoa". "Garai hartan bat baino gehiagok esan zidan ba al nekien zer egiten ari nintzen. Baina tabernan baino gehiago egin nezakeela pentsatuta hartu nuen hotela, eta berritu egin nuen. Oso gustura ibili naiz ordutik, jende jatorra etorri delako gurera".

Urteetan bezero izandakoak gaur egun ere hotelera datoz: "Joan den astean Noruegako bat etorri zitzaidan. Azkena hemen orain dela 18 urte izan zela esan zidan". Hizkuntza askorik jakin gabe elkar ulertzeko moduak badaudela dio; horretarako "gogoa eta borondatea" behar, ordea. "Alemaniako senar-emazte batzuk ere aspalditik etortzen dira gurera. Aurrena Azkoitiko Aforasara etorri ziren lanera. Behin kontu ederrak ibili genituen oilaskoa nola esan ezin asmatuta; azkenean, imintzioka eta kukurrukuka ulertu ginen. Handik aurrera sarri etorri dira hotelera, eta deitzen dutenean telefonoz, bestaldetik kukurruku naiz... diote".

Atzerritik etorritako bezeroa izan da batik bat Izarran: "Kanpotik asko etorri da gurera. Alemaniarrak, frantsesak, inglesak... Orain urrutiagotik datoz: Txinatik, Indiatik...". Azpeitiari Izarra hotelak "laguntasun handia" eman dio Azpiazuren ustez; "niri ere bai, baina baita herriari ere". Orain goizetan lagundu egiten du Loiola hoteleko lanetan. Lekukoa alabak hartu dio.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide