Kiroletik kirolerako lan egiten

Urola Kostako Hitza 2007ko aza. 15a, 11:11

Garmendiko zelai artifizialean emakumeak futbolean jokatzen.

Duela hilabete sortu zen Kirol Mahaia; talde dinamizatzailekoek

Orokorrean, kirolaren alde lan egin behar dela diote (Urola Kostako Hitza)

Joan den hilean hasi ziren Kirol Mahaia osatzeko lehen bilerak egiten, orain dela hilabete hain justu. Aurrena eskola kiroleko eta kirol federatuko ordezkariak bildu ziren, lehentasunezko eginbeharrak zehazteko. Kirol mahaiaren funtzionamendua ere zehaztu zuten kiroletako Udal ordezkariekin batera. Gero, talde dinamizatzailea sortu zuten.

Hilaren hasieran talde dinamizatzaileak lehen bilera egin zuen eta hemendik aurrera hilero bilduko da, hirugarren asteazkenetan. Hona bertako kideek Kirol Mahaiaren eginbeharraz diotena:

Joxe Mari LarraƱaga. Lagun Onak Futbol klubeko presidentea

"Oro har, herrian kirolak dituen beharrak erantzuten saiatuko da Kirol Mahaia"

"Kirol Mahaiak Udaleko arduradunei laguntza emango dio eta, horretaz gain, herrian kirolak oro har dituen beharrak erantzuten saiatuko da. Ea modu honetan, eta Kirol Mahaiaren bitartez, denontzako erabilgarriak diren baliabideak lortzen ditugun. Horretan lan egingo du Kirol Mahaiak. Gero, lehentasunak jarri eta horiei erantzun beharko zaie. Udalari kanpotik lagunduko dio Mahaiak.

Kirol Mahaia garrantzitsua da eta, bakoitzak bere mailan, herrian ahalik eta jende gehienak kirola egin dezan lan egin behar dugu eragileok".

Joseba Lizarralde. Eskola kiroleko ordezkaria

"Elkarren arteko koordinazioa hobetzen saiatuko gara"

"Batetik, ditugun gabeziei erantzuten saiatuko gara Kirol Mahaitik. Bestetik, berriz, eskola kirola eta kirol federatuaren arteko koordinazioa hobea izan dadin lan egiten saiatuko gara. Mahai honetan kirol federatuko elkarteekin batera gaude eta, horrela, elkarren arteko harremana hobea izango da.

Udalari begira, berriz, herrian kirol ekitaldiak egun berean ez antolatzen, eta kirol elkarteen eta eskola kirolaren arteko koordinazioa hobetzen saiatuko da Kirol Mahaia. Bakoitzak berea utzi behar du, eta herriko kirolaren beharrak lortzeko lan egin beharko da".

Manuel Unanue. Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburua

"Herriko kirolaren kantitatea eta kalitatea hobetu nahi delako sortu da Mahaia"

"Kirol Mahaia Azpeitiko kirolaren kantitatea eta kalitatea hobetu nahi delako sortu da. Horretan denok ados gaude eta helburua hori da, berme eta baliabide gehiagorekin kirola egitea. Kirol Mahaiaren lana maratoi bat korritzea bezala izango da, eta bidean ere oztopoak gainditu beharko ditugu, baina itxaropentsu gaude.

Udalak irekita egon behar duela uste dugu, eta horren adibidea da Kirol Mahaia. Orain lan egin beharko dugu bidezidor hori zabaltzeko, ea denon artean lortzen dugun herrian kirol gehiago egitea, berme eta baliabide gehiagorekin. Horretarako, Udalarekin batera, kirol federatuko, eskola kiroleko eta aisialdiko kirolarien ordezkariek egingo dute lan.

Herriko kirol elkarteek harrera oso ona egin diote Kirol Mahaiari eta Udalarentzako, eta bereziki Udal Kirol batzordearentzako, hori ona da. Orain talde dinamizatzailean 8-9 aholkulari izango dituelako, musutruk lan egiteko. Gero, gauza aurrera ateratzeko Udalak ere erantzun egin beharko du".

Jose Luis Zubizarreta Xubi. Iraurgi Saskibaloi Elkarteko ordezkaria

"Kirolean gabiltzanok aholkulari lana egingo dugu Kirol Mahaitik"

"Kirol elkarteentzako baino gehiago, Udal arduradunentzako eta kirol teknikarientzako tresna da Kirol Mahaia. Herrian kirolean gabiltzanok aholkulari lana egingo dugu hor. Mahaian bakoitzak bere interesak alde batera utzi eta herriko kirolaren beharretarako lan egin beharko du. Bakoitzak bere interesak defendatzen hasten bada, horrek bide motza izango du.

Mahaia benetan beharrezkoa Udalean, kirol arloan, lan egiten ari direnentzako da. Mahaitik lana ondo egin nahi bada, herriko kirola orokorrean hartuta lan egin beharko dugu, eta horretarako mahaia tresna inportantea da".

Kultur mahaia osatzeko bilera gaur da

Azpeitiko Udaleko Kultura batzordeak Kultur Mahaia sortu nahian bilera deitu du, gaur, 20:30ean, udaletxeko areto nagusian. Bertan Kultur Mahaiaren helburuez eta funtzionamenduaz jardungo dira gaur.

Bileran nahi duten herritar eta kultur taldeetako ordezkariek parte hartu dezakete. "Kultur Mahaiarekin herriko kultur dinamika bideratu eta ekitaldien arteko koordinazioa eta taldeen arteko komunikazioa hobetu nahi ditugu", dio Leire Lazkanok, Udaleko Kultura batzordeburuak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide