Xebastian

Xabier Euzkitze ('Noticias de Gipuzkoa', 2007-11-15) 2007ko aza. 19a, 11:11

Bat bada munduan, bikain askoa. Bertso jiratik erretiratu nintzenetik bederatzi urte beteko dira aurki. Denbora asko ez dela, elkarrizketa batean, berriz itzultzeko asmorik ez ote nuen galdegin zidaten, behin behar eta. Burutik pasa ere ez zitzaidala egiten erantzun nien. Sentimentalki niretzat esanahi berezia duen lekuren batean kantatuko nukeela menturaz, baina salbuespen gisa. Esaldi hori irakurririk, Soraluzetik deitu zidaten, bertsotara joan nendin gonbidatuz: "Zuretzat agian sentimentalki leku berezia izan daitekeela pentsatu dugu, hemen egin baitzenuen azken saioa". Arrazoi zuten, eta han izan nintzen. Xebaxtian Lizasorekin.

Baliteke nire bertso errota apur bat herdoilduta egotea, baina harekin ari naizenean ez naiz konturatu ere egiten. Beti esaten du zerbait, beti uzten du berari zerbait esateko bidea, eta inoiz ez duzu esandakoa gaizki hartuko duen beldurrez ibili beharrik. Jaialdi handietan, plazan buruz buru, afalondoko zirti-zartan... denean goi mailan aritzen da. Artean adin ez neurri txikiko zela ekin zion herriz herriko ibiliari, eta sekulako egurrean segitzen du oraindik. Hizketan hari ulertzeko EGA baino askoz goragoko titulua behar izaten du zenbait garaitan, baina kantuan ezin hobeki erregulatzen ditu erritmoa eta ahotsa. Sekula agortzen ez den etorria du, eta beste inork ez bezalako egonarria. Bertsolari izatea ez da garaia etortzen denean bertsotan ondo moldatzea bakarrik, egun osoko jardunean zain ere denbora asko egin behar izaten du bertsolariak. Hori 35 urtez jarraian egitea ez da berriketako kontua. Urtean ia 200 aldiz egiteko, berriz, superra behar du, sailetik apartekoa. Halakoxea da Xebaxtian, besterik ez bezalakoa, bertsolarietan bertsolariena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide