EHEk euskararen ofizialtasuna aldarrikatuko du

Urola Kostako Hitza 2007ko abe. 3a, 10:12

Euskararen Eguna aldarrikapenerako hartu eta elkarretaratzera deitu du gaur, astelehena, 19:30ean, herriko plazan

"Guztion indarrez eraikiko dugulako Euskal Herri euskalduna!", diote

Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz- ek Euskararen Eguna, abenduaren 3a aldarrikapenerako eguna dela azaldu du. "Borondaterik, interes politikorik ez duten horiei argi utzi behar diegu, Euskararen Legea, Euskararen Eguna, Ley del Vascuence, bezalakoak ez direla euskaldunontzat ospakizun iturri, egoera aldatzeko aldarrikapen xede baizik". Horregatik, agintariei "determinazioa eta ausardia exijitu" behar zaizkiela diote euskaltzaleek, "euskaldunok Euskal Herrian euskaraz bizi behar dugulako, eta abiapuntutzat hori izan euskararen normalizazioan bidea egiterakoan, euskararen ofizialtasunera iritsi arte".

Euskararen "benetako" ofizialtasuna aldarrikatzeko elkarretaratzera deitu du Azpeitiko EHEk, abenduaren 3an, 19:30ean, herriko plazan. "Guztion indarrez eraikiko dugulako Euskal Herri euskalduna!", diote.

Euskaltzaleen esanetan, Euskal Autonomi Erkidegoko Euskararen Legea "esparru murritz baterako diseinaturiko elebitasunaren aldeko legea da". Euskararen Legeak euskara lehen hizkuntza bezala ez duela hartzen kritikatu dute EHEkoek: "Lege hori ez da, ez euskara lehentasunezko hizkuntza izatera bideratua, ez euskaldunok euskaraz bizi ahal izateko onartua; eta gutxiago euskararen lurralde osorako sortua, Euskal Herrirako, alegia". EHEren ustez "elebitasuna goraipatzen dutenek" hori badakite: "Euskal Herriaren zatiketa administratiboan oinarritutako hizkuntza politikak, euskaraz bizi ahal izateko euskaldunok dugun babes juridiko faltak, eta erreala ez den bi hizkuntza berdin elkarren ondoan bizi ahal izatearen aldeko diskurtsoak, horrek denak, euskara desagertzea dakarrela badakite". EHEko euskaltzaleak ziur daude era horretan "hemendik 200 urtera euskararen lurraldean espainieraz eta frantsesez biziko dela jendea".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide