Telefonica huts-hutsik da betiko

Urola Kostako Hitza 2008ko urt. 10a, 14:01

Urtezahar egunean Telefonicako langileak izandako batzuk elkartu eta festa txiki bat egin zuten.

Urte zahar egunean Azpeitiko Telefonicako azken langileek erretiroa hartu zuten

Telefonica 1965eko uztailaren 19an zabaldu zen eta orduan 120 emakume jardun zuten lanean

Telefonicaren Azpeitiko egoitzak betirako itxi zituen ateak Urtezahar egunean . Orduantxe hartu zuen erretiroa Azpeitiko Telefonicako azken langileak. Han ibilitako langile batzuek festa txiki bat ere egin zuten, itxiera ospatzeko.

Azpeitian Telefonica 1965eko uztailaren 19an zabaldu zuten. Orduan 120 emakumek jardun zuten lanean, gehienak azpeitiarrak gainera. Gero Trafiko Zentroa deitzen zen lantegia, "konferentziak ipintzen zituen zentroa", itxi eta Datuak Prozesatzeko Zentroa ireki zuten, 1976ko maiatzaren 30ean. Lantegi berri honetan 85 langilek egiten zuten lan, "83 emakumek eta bi gizonezkok". Lantegi horretako azken langileak Urtezahar egunera arte jardun du lanean, baina zentroa bera 2003. urtean itxi zuten.

Azpeitian Telefonica 1965eko uztailaren 19an zabaldu zuten, orduan 120 langilerekin

Uztarria aldizkariko 74. zenbakian Telefonicaz egindako erreportajean Azpeitiko lehen egoitzaz honakoa kontatzen da: "Plazan izan zuen lehen eraikina Telefonicak, gaur egun Kutxa dagoen tokian. Handik Perez Arregi plazara pasatu ziren, 1956an. Lasaoko markesarena zen, baina hark herriari eman zion, ekintza kulturalak egin zitezen. Familia-zentro moduan ireki zuten. Eta Ramon Enparanen alargun Felisa Odria egin zen zentroaren kargu. Haren lau alabek egiten zuten lan han, eguneko 24 orduetan, eta handik gutxira hasi ziren herriko emakumeak kontratatzen".

Emakumeen lantokia

Azpeitian Emakumeen lantokia izan da Telefonica. Zentroa Azpeitian irekitzearekin batera herriko emakumeei etxetik kanpo lan egiteko aukera sortu zitzaien, emakumeentzako lanpostu ugari sortu zituelako. Hala dio Uztarria aldizkarian han lanean jardundako BegoƱa Eliasek: "Operadore guztiak emakumeak ginen, Azpeitian emakume gehien zegoen enpresa zen Telefonica".

Ezkondu ondoren, ordea, emakume askok lana utzi egiten zuten, hala esaten da aipatu aldizkarian: "Gainera, aurrez bi urtean baino gehiagoan aritua izanez gero, diru laguntza ematen zuten horretarako. Telefono-operadore ginenean, jai eta aste egiten genuen lan; gainera, batzuetan gaueko txandan. Askorentzat ez ziren bateragarriak lana eta familia, eta uztea erabakitzen zuten". Une oso onak, gogorrak eta txarrak dituzte gogoan Telefonicako langile izandakoek, baina lantegi ohia festa giroan agurtu zuten Urtezahar egunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide