Lagun Onak, igoerako lekuan

Uztarria.com eta Urola Kostako Hitza 2008ko urt. 14a, 13:01

David Tejera Lagun Onak futbol taldeko atezaina da.

Hirugarren Mailako bosgarren postuan dago, hirugarrenarekin eta laugarrenarekin berdinduta eta 'play off'-etara sailkatzeko aukerekin

Larunbatean Portugalete hirugarren sailkatua hartuko du

Lehenengo itzulia bukatu berritan, David Tejera atezaina "gustura" agertu da taldeak lortutako emaitzekin

Sasoian da Lagun Onak Espainiako Hirugarren Mailako futbol taldea, joan den larunbatean denboraldiko hamargarren garaipena lortu zuelako, Baskoniari 1-2 irabazita. Orain Bigarren B Mailara igotzeko play off-ak jokatzeko kokatuta dago. Sailkapeneko bosgarren postuan dago, puntutan Portugalete hirugarrenarekin eta Gernika laugarrenarekin berdinduta; hirurek 34 puntu dituzte (Santurtzi seigarrenak ere 34 puntu ditu). Play off edo igoera fasea lehen lau taldeek jokatuko dute. Bigarren Zamudio dago (35 puntu), lider Zalla (44).

Lagun Onakek larunbat honetan Portugalete sailkatua hartuko du Garmendipen, 16:15ean. Azpeitiarrei bertara joateko dei egin diete klubekoek.

Hogei partidetatik hamar irabazteaz gain, Lagun Onakek beste lau berdindu egin ditu eta sei galdu.

David Tejera (Lagun Onak taldeko atezaina): "Gure aurren-aurrenengo helburua mailari eustea da"

Joan den larunbatean argitaratu zuen Urola Kostako Hitza egunkariak David Tejera, Lagun Onak futbol taldeko atezainari egindako elkarrizketa:

David Tejera (Azpeitia, 1978) Espainiako Hirugarren Mailan ari den Lagun Onak futbol taldeko atezaina da. Taldeko jokalaririk beteranoenetakoa dela esan daiteke, "Josu Aranburu eta IƱigo Saizar kapitaina ere beteranoak dira", dio berak. Beti izan da atezaina, "txiki-txikitan" Lagun Onaken hasi zen, gero kadeteetan Realera joan zen eta 19 urterekin berriro Azpeitiko taldera itzuli zen. Ordutik etxeko futbol taldean dabil.

Aurtengo denboraldiaren lehenengo itzulia bukatu duzue eta sailkapenean seigarren zaudete, puntutan bosgarrenaren (Oortugalete) parean. Zer moduz joan da lehen itzulia?

Ondo. Emaitza onak izan ditugu, baita txarrak ere, baina, beno, onak gehiago izan dira. 31 punturekin bukatu dugu aurreneko itzulia eta lehen itzuli hori aurreko denboraldietan baino politagoa egin dugu. Hemendik aurrera, ordea, kontuz ibili beharko dugu. Beste denboraldi batzuetan egon dira talde batzuk lehen itzulia ondo egin dutenak, guk bezala edo hobea, eta gero bigarren itzulian bi partida-edo bakarrik irabazi, eta azkenean larri-larri ibili izan direnak maila mantentzeko.

Orduan, bigarren itzulian ahaztu egin beharko duzue non zaudeten eta itzuli on bat egitera joan beharko duzue, ezta?

Bai, bai. Gure lehenengo helburua maila mantentzea da, orain ondo gaude, baina hori benetan lortu arte lanean jarraitu beharra daukagu. Behin maila mantenduko dugula ziurtatuta daukagunean eta hori baino zerbait gehiago egitea lortzen badugu, aurretik beste lan batzuk egin ditugulako izango da. Baina aurren-aurrena Hirugarren mailari eusteko atzeko lan horiek egin behar dira. Beti dago arriskua memento txar bat izateko eta adi ibili behar da. Beste talde batzuei gertatu izan zaie, eta orain gure aurren-aurrenengo helburua mailari eustea da.

Talde bezala emaitza onak lortu dituzula diozu. Horrez gain zuk zeuk atezain bezala zer nolako denboraldia izan duzu orain arte?

Ondo joan da niretzako ere, nire lana betetzen eta taldeari ahal den neurrian laguntzen saiatu naiz. Orain arte lesiorik ez dut izan eta alde horretatik zortea izan dut. Jokatzen ari direnei laguntzen saiatzen naiz eta baita jokatzen ez duten taldekideei ere. Nahiz eta ez jokatu, haiek ere garrantzitsuak dira, animoak ematen dizkigutelako eta haien erara taldeari asko laguntzen diotelako.

Sailkapenean ondo zabiltzatenean eta emaitza onak lortzen dituzuenean taldeko giroan ere antzemango da, ezta?

Normalean taldeko giroa antzekoa izaten da, gaizki edo ondo joan giro ona dago gure artean. Ondo goazenean batik bat asteburuetan antzematen da. Desberdina da, afari bat eduki eta hara partida galduta joatea. Irabaziz gero motibazio gehiago izaten da. Baina aurretik elkarrekin gabiltzanon harremana ona da . Denboraldi honetan emaitza onak izaten ari gara, beti ere saltsa pixka bat sortzen da eta animo gehiago dago.

Orain 18 azpeitiar zaudete taldean. Ia denak herrikoak, hori ere antzematen al da?

Bai, bai hori ere antzematen da. Geure arteko harremana handiagoa da, kalean ere gehiagotan ikusten dugu elkar... Gero, herritarrentzako ere jende gaztea eta herrikoa dagoela ikustea garrantzitsua da.

Lagun Onakeko lehen taldea ia herritarrekin osatuta, entrenatzaileak azpeitiarrak, maila ona ematen, sailkapenean aurrean... Huts egiten dutenak zaletuak al dira? Garmendipera ez al da jende gutxi joaten?

Hori azken urteetako kontua da, jende gutxi joaten da partidak ikustera. Baina, beno, guk ezin dugu ezer egin alde horretatik. Gu ahalik eta ondoen jokatzen saiatzen gara eta gure partidak ikusi nahi dituenak futbol zelaira joatea besterik ez du. Garmendipera jende gutxi joaten da, baina gero kalean denek galdetzen dute zer egin dugun. Ezagunak ditugunei, behintzat, noiz edo noiz, besterik ez bada partida bat ikustera joateko eskatzen diegu. Baina kalean antzematen da jendeak Lagun Onak jarraitzen duela , interesa behintzat azaltzen dute.

Gaur (larunbata) Baskoniaren aurka jokatuko duzue, etxetik kanpo. Nola ikusten duzu partida?

Baskonia nahiko talde zaila izango da guretzako. Filiala da, gazteak dira eta futbola bakarrik egiten dute, ez guk bezala lana eta futbola. Gu saiatuko gara emaitza on bat egiten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide