Espezie inbaditzaileen atzetik

Urola Kostako Hitza 2008ko urt. 17a, 12:01

Argazkian, landare inbaditzaileak Urolako ibai ertzean

Joan den ikasturtean Ikasberri Azpeitiko Ikastolako DBH2ko ikasleek espezie inbaditzaileen inguruko lana egin zuten; orain, egindako lana herritarren aurrean azalduko dute, hilaren 24an

Natura, teknologia eta informatika uztartu dituzte Berde berdea izena duen programan

Joan den ikasturtean, 2006- 2007koan, Ikasberri Azpeitiko Ikastolako DBH 2. mailako ikasleek, natura, teknologia eta informatika uztartuz, Kutxak babesten duen Berde-berdea programan parte hartu zuten. Ikasleek eta irakasleek landu zuten gaia espezie inbaditzaileena izan zen. "Inguruan gehien ditugun landare espezie inbaditzaileak identifikatu eta informazioa lortu genuen. Bereziki, Urola ibai ertzean ugaritzen ari den Poligono Japoniarra aztertu genuen", diote ikastolakoek.

Behin inguruko espezieak identifikatuta, landare hori desagertarazteko metodoak ezagutu eta esperimentatu zituzten. "Azpeitiko zein lekutan aurkitu daitekeen ikusi eta leku batzuetan gutxitzen ahalegindu ginen. Urola ibaian, gora eta behera, noraino hedatua dagoen ikusi genuen", azaldu dute. Lanerako tresneriaren artean GPS-a erabili zuten ikasleek. "Tresna bezala ezagutu eta gure lanerako erabili genuen. Guk egindako lana ikusteko www.wikiloc.com helbidean Azpeitia elurretan 07-01-05bilatu behar da. Bertan, Azpeitiko mapa baten gainean, ikasleak eginiko ibilbidea ikus daiteke", azaldu dute.

Ikasitakoaren berri emanez

Egindako lana ezagutarazteko hainbat bide erabili dituzte Ikasberri Ikastolako ikasleek. Alde batetik, interneten eseki dute lana www.berde-berdea.nethelbidean. Bestetik, hitzaldi bat antolatu dute gurasoentzako eta herritarrentzako. Hitzaldia, hilaren 24an izango da, Sindikatu Zaharrean. Bertan, aurreko ikasturtean egindako lanaren berri emango dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide