Eskola Kirola sustatzeko hitzarmena sinatu dute Udalak eta ikastetxeek

Urola Kostako Hitza 2008ko ots. 18a, 10:02

Azpeitiko ikastetxeetakoak, Iñaki Errazkin alkatea eta Udaleko kiroletako arduradunak ostiralean hitzarmena sinatzen.

Herriko ikastetxeetako ordezkarien ustez, hitzarmenak Eskola Kirola koordinatzen eta antolatzen laguntzen du

Gaur egun Azpeitian Eskola Kirolean mila ikasletik gora dabiltza

Eskola Kirola bultzatzeko eta sustatzeko, 2007-2008 ikasturteko hitzarmena sinatu zuten herriko ikastetxeetako ordezkariek eta Udalak ostiral eguerdian, udaletxean. Ikasberri Azpeitiko Ikastola, Iraurgi Ikastetxea, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai eta Urola Ikastolakoen ustez, hitzarmena "garrantzitsua" da, Eskola Kirola koordinatzen laguntzen duelako. "Eskola Kirolak herriko kirol politikan duen garrantzia kontuan hartuta, zazpigarren aldiz ikastetxeen eta Udalaren artean Eskola Kirolari dagokion hitzarmena sinatu dugu", azaldu zuen atzo Nerea Lopetegik, Udaleko Kirol teknikariak.

Hitzarmen horren bidez, Eskola Kirolaren antolaketa osatuko dute. "2007-2008 ikasturtean 8 urtetatik 14 urtera bitarteko ikasleek Eskola Kiroleko programan parte hartzeko aukera izango dute, antolakuntza egonkor baten baitan, ikasleak kirola egitera baldintza onak izan ditzaten errazteko".

Gaur egun Azpeitian Eskola Kirolean mila ikasletik gora dabiltza. "Hitzarmen honen baitan, 800 ikasle inguru ari dira kirola egiten, baina hemen sartzen ez diren beste maila batzuetan ere kirola egiten dutenak badira; beraz, orotara mila bat ikaslek egiten du kirola", zioen atzo Lopetegik.

Erronka, begiraleen heziketa

Udaletik jakinarazi dutenez, ikastetxeetan ehun begirale edo kirol hezitzaile dabiltza Eskola Kirolean. "Hezitzaileen egitekoa benetan garrantzitsua da ikasle horien kirol heziketan. Irakaskuntza horretan kalitatea eta tituludun begiraleak sustatu behar ditugu. Horretan egin nahi dugu lan eta gaur eguneko erronka horixe dugu", azaldu du Udaleko kirol teknikariak.

Hitzarmen honek finkatzen duen antolaketa eta egitura Gipuzkoako Foru Aldundiak, Azpeitiko Udalak eta ikastetxeek finantzatuko dute.

Ikastetxeetako ordezkariak gustura daude hitzarmenarekin, Eskola Kirola koordinatzen eta antolatzen laguntzen duelako. Iraurgi Ikastetxeko Mamen Iriarteren esanetan, "hitzarmen garrantzitsua da, ohitura sanoak bultzatu nahi ditugulako, eta Eskola Kirola modu egokia da horretarako. Urteetan ari gara modu honetan funtzionatzen, eta Azpeitia Gipuzkoan Eskola Kirolean parte-hartze handienetakoa duen herria da".

Ikasberri Azpeitiko Ikastolako Mikel Agirreren ustez ere "egokia" da hitzarmena: "Ikastolan koordinatzaile bat izatea eskatzen du, baita inplikazioa izatea ere". Urola Ikastolako Marije Larrañaga ere iritzi berekoa da: "Era honetako funtzionamenduarekin gustura gaude". Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko Arantxa Bastarrikaren ustez ere hitzarmena "ona" da, baina azpiegitura egokiak jarri behar dira horretarako: "Gu aspalditik eskatzen ari gara Perdillegiko ikastetxeko frontoia estaltzeko".

Eskola kirola

2007-08 ikasturtean heziketa eta jolas izaera duten lehiaketa jardueretan parte hartzen ari direnen kopurua honakoa da:

Taldeko kiroletan:

  • Saskibaloia. 45 talde.
  • Areto futbola. 33 talde.
  • Futbol 7a. 14 talde.
  • Pilota. 14 talde.
  • Herri kirolak. 8 talde.

Banakako kiroletan:

  • Parte-hartze handia. Udaleko Kirol Sailaren esanetan, "igeriketa, atletismoa, txirrindularitza eta herriko festetan antolatzen diren kirol ekitaldietan ere parte-hartze handia izaten da (San Silbestreko lasterketa, Urrestillako krosa, Inauterietako krosa...)".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide