Azpeitiko 72 emakumek parte hartu dute Lilatoian

Urola Kostako Hitza eta uztarria.com 2008ko mar. 4a, 09:03

Azpeitiko 72 emakumek parte hartu dute lasterketan.

Donostiako XIX. Lilaton emakumeen lasterketa herrikoiak 1.087 lagun bildu ditu

Azpeitiko Udaleko Kirol Sailak antolatutako autobusean joan ziren herriko emakumeak Donostiara

Joan den igandean, hilak 1, Donostian izan den XIX. Lilaton lasterketak inoizko parte-hartzerik handiena izan du. Guztira, 1.087 lagun elkartu zen Donostiako udaletxe aurreko irteeran, bost kilometroko ibilbidea festa giroan egiteko prest.

Aurreko urtean baino 362 emakume gehiagok parte hartu dute martxoaren 8aren atarian urtero antolatzen den lasterketa herrikoian. Eskualdeko ehunka emakumek kopuru hori handitzen lagundu dute aurten ere. Azpeititik 72 emakume atera dira lasterkan.

Gainera, Urola Kostako bi kirolari gailendu dira aurtengo proban. Nerea Amilibia izan da azkarrena, podiumeko lehen postua lortuz. Aiarrak urtebetetze eguna ospatzen zuen igandean, eta opari ezinhobea izan zuen lasterketa irabazita. Olatz Gabilondo azkoitiarra sailkatu zen bigarren.

Lehia baino gehiago, kirol festa

Kirol lehiaz haratago doan proba da Lilatoia. Urtero, Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruan egiten da eta kolektibo honen eskubideen aldarria egiteaz gain, emakumeak kirola egitera bultzatu nahi ditu.

.14 urtetik gorako emakumeek parte hartu dezakete, hiru kategoriatan banatuta: juniorrak, seniorrak eta beteranoak. Aurten, gorakada nabarmena izan du beterano mailako partaidetzak, 300 emakume baino gehiagorekin.

Gipuzkoako herrien parte-hartzearei dagokionez, Oiartzungoa izan da talderik jendetsuena. Hala ere, Urola Kostako herrietako ordezkaritza aipagarria izan da. Azpeititik 72 emakume atera dira lasterketan, eta Zarauzko Pagoeta Mendi Elkarteko emakumeek taldekako lehen saria jaso dute. Antolatzaileen iritziz, elkartearen urteurrena ospatzeko ekimena berezia izan da eta horregatik eman diete taldekako saria.

Lasterketa bukatu ondoren, festa giroa izan zen nagusi Donostiako Alde Zaharrean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide