Udala eta Kontseilua berriro elkarlanean dira, hitzarmena sinatuta

Uztarria.eus 2008ko mar. 7a, 14:03

Iñaki Errazkin alkatea eta Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusia, gaur, udaletxean. (Urola Kostako Hitza)

Gaur (ostirala) izenpetu dute akordioa Iñaki Errazkin alkateak eta Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak

EBPN eta Bai Euskarari planak uztartu egin dituzte, 2004an bezala

Azpeitiko Udalak eta Kontseiluak euskararen normalizazioko akordioa lortu dute, eta horixe izenpetu dute gaur (ostirala) eguerdian Iñaki Errazkin alkateak eta Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak, udaletxean. Hala, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) eta Bai Euskarari planak uztartu egin dituzte.

Hitzarmena urtebetekoa da, 2008koa, baina gero luzatzeko aukera izango dute. Udalak 1.740 euro emango ditu Kontseiluaren aholkularitza lana ordaintzeko.

Orain dela lau urte ere akordioa sinatu zuten Udalak eta Kontseiluak, baina 2005eko urtarrilean eten egin zen, desadostasunak medio.

Mikel Arregi Azpeitiko euskalgintzako kidearen ustez, "hitzarmena oso garrantzitsua da, Azpeitian dauden bi planak uztartu egin direlako: EBPN eta Bai Euskarari Akordioa. Hori beti da ona, euskararen alde elkarlanean aritzea esan nahi duelako".

Azpeitian azkeneko urteetan euskararen normalizazioan "asko" egin dela esan du Arregik, "eta gaurko hau bide horretan beste aurrerapauso bat da". Hala, akordio honen bidez, Udalak berak ere Bai Euskarari Ziurtagiria bultzatuko du.

Gainera, Euskararen Aholku Batzordeak "modu eraginkorragoan" funtziona dezan, Talde Eragilea sortu dela jakinarazi du Arregik. "Talde zabala da, horko kide direlako Udaleko Euskara batzordeburua, udal euskara teknikari nagusia, normalizazio planak gidatzen ari diren enpresetako teknikariak, euskalgintza eta gizarte eragileak. Beraz, normalizazioaren jarraipenean eta gidaritzan elkarrekin ariko dira Udala bera, euskalgintza eta gizarte eragileak".

Iñaki Errazkin (alkatea)

"Azpeitiko Udalak 2008rako EBPNren Kudeaketa Planean Bai Euskarari Ziurtagiria bultzatzea erabaki du. Arrazoiak:

Euskal Herrikoa. Bai Euskarari Ziurtagiria, Euskal Herri mailako ziurtagiri bakarra da.
Eremu desberdinak. Eremu ezberdinetako lanketa egitea ahalbideratzen du: herri mailakoa, eskualdekoa, Euskal Herrikoa.
Osagarria. Herrian martxan diren normalizazio planen osagarritasuna bilatzen da. Udala, euskalgintza eta entitateak norabide berean lanean aritzea lortu nahi da.
Kontseiluaren laguntza. Kontseilua aholkulari izatearen abantailak aprobetxatu nahi dira. Herri askotako esperientziak lagungarri izango zaizkigu.
Tresna eraginkorra da. Herrietako saltoki eta era guztietako entitatetan hizkuntz normalizazioa sustatzeko tresna eraginkorra da Bai Euskarari Ziurtagiria. Konpromiso prozesu bat da.

Xabier Mendiguren (Kontseiluko idazkari nagusia)

"Hitzarmen honekin, herriko eragile guztiak norabide berean lanean jardutea lortuko dugu eta Azpeitia Euskal Herriko beste 120 herrirekin elkarlanean aritzea. Emaitza onenak Udalak eta gizarte eragileak bat egiten dutenean izaten dira. Guztira, 1.530 entitatek eskuratu dute Bai Euskarari Ziurtagiria Euskal Herrian; Urola bailaran dagoeneko 150ek. Kontseiluak Bai euskarari lelo zaharra gainditu nahi du eta Euskaraz bai lelo berria martxan jarri; euskaraz bai lanean, etxean, lagunartean, hezkuntzan, administrazioan... eta euskaraz bai Azpeitian ere".

Kronologia

Hauxe da normalizazioko planek Azpeitian izandako ibilbidea.

2000ko azaroa. Euskararen normalizazioan Azpeitia esperientzia pilotuetako gisa erabiliko zuela jakinarazi zuen Kontseiluak. Herriko euskalgintzak, Udalak eta gizarte eragileek egin zioten eskaria.
2001eko apirila. Udalak baztertu egin zuen Kontseiluaren plangintza, eta Eusko Jaurlaritzaren EBPNri heldu zion.
2001eko abendua. Udalak EBPN martxan jarri zuen.
2003ko uztaila. Baite Euskara Elkarteak eta Kontseiluak Bai Euskarari Akordioa martxan jarri zuten Azpeitian.
2004ko martxoa. EBPN eta Bai Euskarari planak bateratu zituzten Udalak, Uztarria Kultur Koordinakundeak —2003ko azaroan Baitek eta biek bat egin zuten— eta Kontseiluak, eta akordioa sinatu zuten.
2005eko urtarrila. Eten egin zen euskara akordioa, Udalaren eta Uztarria-Kontseiluaren desadostasun batzuk medio.
2008ko martxoa. Gaur berriro sinatuko da euskara akordioa.

Datua

Azpeitian 38 erakundek dute Bai Euskarari Ziurtagiria. 2007ko uztailaren 5ean egin zen azkeneko banaketa ekitaldia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide