Azpeitiko EAJri galdezka

Josu Labaka (Azpeitiko ezker abertzaleko kidea) 2008ko mar. 11a, 11:03

Josu Labaka, Azpeitiko ezker abertzaleko kideak, Azpeitiko EAJri idatzitako gutuna da honakoa

"Larritzat" jo zuen Azpeitiko Udalbatzak EAE-ANVren jarduera politikoa etetea. Hori jasotzen zuen mozioa aho batez onartu zuten herriko alderdi guztiek, EAJk barne. Baina Azpeitiko ezker abertzaleari galdera eta susmo ugari eragiten dizkio jeltzaleen jarrerak.

"Erakunde politikoen ilegalizazio prozesuen kontrako jarrera berresten dugu, eragin zuzena baitu adierazpen askatasunen edota herritarren parte-hartze eskubideetan" sinatu du Azpeitiko EAJk. Hala sinesten badu, ordea, jeltzaleek zergatik bidaltzen dute Ertzaintza manifestazioak desegin eta herritarren kontra egitera?

"Udal hau ez dago herriak aukeraturiko ordezkariak legez kanporatuak izatea onartzeko prest. Herri borondatea errespetatua izan dadila exijitzen dugu", sinatu du. Orduan, zergatik hartu ditu orain arte ezker abertzalea ilegalizatu duten beste aldietan hari dagozkion eserlekuak? Zergatik jabetu da lasai asko berea ez den aginte postuez?

"Gatazka politikoari konponbidea bilatzeko ezinbestekoa da alde guztien arteko elkarrizketa". Hori ere sinatu du Azpeitiko EAJk. Baina, hala bada, EAJk zergatik eten zuten elkarrizketa Loiolako negoziazioetan?

"Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako herritar guztien proiektu guztien artean erabakitzeko eskubidea errespetatuko duen marko demokratiko bat eraikitzea da gatazkari konponbidea emateko bidea", sinatu du Azpeitiko EAJk. Jeltzaleek zergatik defendatzen dute, orduan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako soilik izango den proposamen bat? Zergatik egin horietan bakarrik kontsulta?

Azpeitiko EAJ bere alderditik urruntzen ari da ala aurpegia garbitzeko modu bat bakarrik izan da mozioa sinatzea? Galdera ugari dira azpeitiar askori sortu zaizkigunak. Julian Eizmendik eta bere alderdikideek erantzun beharko lituzketen galderak direla uste dugu, gainera. Ausartuko al dira?

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide