Udal Plangintzako Aholku Batzordearen araudiari hasierako onarpena eman zioten joan den ostegunean, ohiko udalbatzarrean. Herritarrek parte hartzeko organoa izango da.
"Herriko antolamenduaren inguruan Udalak egiten dituen aldaketez eta hartzen dituen erabakiez ikuspuntua emateko aukera izango du Aholku Batzordeak; hala ere, erabakia ez da loteslea. Baina Udalak Plangintzako Aholku Batzordearen kontrako erabakiren bat hartuko balu, erabakia arrazoitu egin beharko luke"; hala azaldu du Aholku Batzordearen funtzioa IƱaki Errazkin (EAE-ANV) alkateak, joan den osteguneko udalbatzarrean. Araudia lehenengoz onartzeko erabakia EAEko, EAko eta EB-Aralarreko ordezkarien aldeko botoarekin hartu zuten; EAJko zinegotziak abstenitu egin ziren.
Udal Plangintzako Aholku Batzordea nola osatuko litzatekeen ere azaldu zuten udalbatzarrean: "Alkatea; Hirigintza eta Ingurumen Batzordeko zinegotzi titularra; Baserrietako eta Parekidetasun batzordeetako zinegotzi titularrak; alderdi guztietako ordezkari bezala, zinegotziak; auzo elkarteetako ordezkariak; ikastetxeetakoak; sindikatuetakoak; gutxitasuna duten elkarteetakoak; eta emakumeen, gazteen, dendarien eta ondare kontserbazioko arloetako ordezkariak". Zabala izango da Aholku Batzordea, baina Udalak "lehentasuna" aurrez aipatutakoen parte-hartzeari ematen dio. Erabakiak, berriz, bozketa bidez hartuko dituzte.
Ekarpenak egitekotan
EAJk Aholku Batzordearen araudian "argibide batzuen beharra" ikusten duelako abstenitu zen. Dena den, legeak kontuan hartzen duen organoa dela-eta "bultzatu beharra" dagoela uste dute. Dena dela, osatuta dagoen moduaren inguruan ere hausnartu beharra dagoela diote. "Zenbait herritan Aholku Batzordea martxan jarrita dute eta guk Azpeitikoen antzekoak diren udalerrietako kasuak aztertuko ditugu", gaineratu zuen Julian Eizmendi zinegotziak.
Orain, Aholku Batzordearen inguruan onartutako lehen araudi horri ekarpenak egiteko 30 eguneko epea zabalduko d u Udalak. Epe horretan EAJk bere ekarpenak egingo dituela jakinarazi du.