Ibai Eder ibaian hil gabeko arrantza eremua ezartzearen azalpena

Alberto Jimenez (Ollagorra ehiza eta arrantza elkarteko kidea) 2008ko mar. 12a, 15:03

Ibai Eder ibaian hil gabeko arrantza gunea ezarri dute

Ollagorra ehiza eta arrantza elkarteak azalpenak eman ditu horren inguruan

Ibai Eder ibaian, Errezigo ur gurutzetik hasi eta Urrestillako presaraino, hil gabeko arrantza gunea ezarri dute.

Ollagorra ehiza eta arrantza elkarteak urteak daramatzagu federazioarekin elkarlanean eta beraz, Azpeitiko eremuari dagozkion gaietan erabakiak hartuz. Aurten erabakiak hartzeko egiten den bilerara ez ginen deituak izan eta bertan erabaki zen hil gabeko arrantza eremu bat ezartzea Ibai Ederren, elkarteari inolako kontsultarik egin gabe. Erabaki honen berri modu desegokian izan genuen, herriko arrantzaleen ahotik, berehala jarri ginen bai federazioa eta bai diputazioarekin harremanetan eta beste bilera bat egin behar zutenez, bertara joan ginen hau argitu asmoz.

Bileran garbi utzi genuen gure desadostasuna eta beraiekin adostu genuen, aurten aldaketarik ez egitea, nahiko aldaketa izango direlako gainontzeko arauetan, amuarrain kopurua, neurriak...

Hilabete geroago gure harridurarako, non boletin ofiziala kaleratzean, ohartzen garen hitzarmena ez dela bete, hau da, guztiari baietz esan eta nahi dutena egin dutela.

Berriro diputazioarekin harremanetan jarriz, honek esan zigun ez zuela federazioa eta Ollagorraren arteko akordioaren berri izan eta erabakia aldatzea federazioa eta elkartearen esku utzi zuen. Federazioak bere akatsa onartu harren, ez du ahalegin txikienik egin aldatzeko.

Hil gabeko arrantza eremuak araudi berezia du, txitxarea ezin erabili, aparejo bereziak,.... Azpeitiko eta inguruetako arrantzaleen gehiengoak egiten duen arrantza mota, arau horiekin ez dator bat eta ez dago prestatua.

Ollagorra elkartea beti egongo da ibaiaren egoerarekin arduraturik baina ez dugu uste ibaiak duen egoera ikusita, neurri gogor hauek hartzeko une egokia denik. Jakin Ollagorrak, gai hau lehengora itzul dadin, borrokatzen jarraituko duela eta ateak irekirik ditugula edozein arrantzaleren proposamenak jasotzeko.

Alberto Jimenez, Ollagorra ehiza eta arrantza elkartearen izenean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide