Uemako zuzendaritza osatzen duten EAE-ANVk, EAk, Aralar-ek eta kide independenteak zera adierazi nahi dute, Azpeitiko EAJren zinegotziek Uemari egindako kritika axolagabeen gainean. Izan ere, apirilaren 5ean Azpeitiko Udalak Ueman sartzeko egindako batzarrean EAJko zinegotziek mankomunitatearen aurka erabilitako argumentazioa demagogikoa eta ez zuzena izan da, eta ezjakintasunean oinarritzen dela begitantzen zaigu. Bestetik, azken hamabi urtetan holakorik ez dugu Ueman entzun eta harritu egin gaitu.
Azpeitiko EAJren zinegotzien arabera, euskararen berreskurapena administrazioko erakunde publikoek bideratu behar dute Eudelen bitartez, eta ez Uema bezalako elkarte paralelo-tik (sic). Beraz, Uema ez ei da erakunde publikoa eta, gainera, paraleloa da. Harrigarria bada ere, orain hamazazpi urte erabilitako sasi-argumentuak berreskuratu dituzte Azpeitiko jeltzaleek mankomunitatearen aurka egiteko. Jeltzaleen aldetik ahaztuta, baztertuta eta gaindituta zeuden argumentuak, hain zuzen ere. Horrela pentsatzen genuen, behintzat.
Izan ere, EAJko ordezkariek parte aktiboa izan dute Uemako zuzendaritzan azken hamabi urteetan eta, gehiengoa izan dutenean, mankomunitatearen lehendakaritza ere izan dute. Hori gutxi balitz, Uemak indarrean dituen estatutuak EAJk gehiengo osoa eduki duen legealdian onartu dira eta Uemako 50 udalek banan-banan osoko bilkuretan ia aho batez onartutakoak dira. Hau da, EAJk, Batasunak, EAk, Aralarrek eta independenteek aho batez onartutako estatutuak dira Uemak indarrean dituenak. Hori garbi gera bedi!
Beraz, zertara dator orain esatea Uema erakunde paraleloa dela? Uema erakunde publikoa da; Azpeitiko Udala bezain publikoa, alegia. Erakunde paralelo norena? Jeltzale horiek ez datoz bat Jaurlaritzak egun indarrean duen Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiarekin, non esaten den Uema zabaldu beharra dagoela udal euskaldunetan? Zertara dator orain Uema erakunde paraleloa dela esatea mankomunitateko EAEko udal guztiek indarrean duten euskararen erabilera planaren diseinua Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailordetzarekin (HPS) elkarlanean diseinatu dugunean?
.1991n hasi zuen Uemak bere ibilbidea eta emaitzak begi bistakoak dira. Uemako udalak erreferenteak dira euskararen normalizazioan administrazio publikoan, EAEn zein Nafarroan, eta Iparraldean Euskal Konfederazioarekin egindako lanak onurak ekarri ditu. Hori, batez ere, alderdi abertzale guztiek elkarlanean egindako lanari esker izan da. Izan ere, askotan esan dugun moduan, Ipar zein Hegoaldeko euskaldunontzat euskaraz bizitzea eta, ondorioz, erdarak gero eta gutxiago erabiltzea da euskal nazioa egituratzeko dugun tresnarik baketsu eta garrantzitsuena.
Ueman aritutako kolore guztietako ordezkari politikoek ahalegin handia egin dute euskararen normalizazio bidean gorabehera politikoen gainetik jartzeko eta elkarlanean jarduteko. Inon baino ahalegin handiagoa egin da Ueman euskara berreskuratzeko ezinbestekoak diren gutxienekoak adosteko eta modu erosoan jarduteko mankomunitatearen zereginetan. Ez da erraza izan, ezta izango ere aurrerantzean, denok laga behar izaten dugulako zer edo zer batasunaren izenean; garbi baitaukagu egunen batean euskararen normalizazioa ematen bada, euskaldun guztien jardueraren ondorioa izango dena. Eta horren lekuko dira mankomunitateko zuzendaritza organoetatik pasatutako jeltzaleak.
Beraz, guk bide beretik jarraitzeko asmoa dugu, Uema izan dadin euskararen gizarte-normalkuntzan jardungo duen erakunde anitza, eraginkorra eta zabala. Horretarako eta mankomunitateak dituen helburuak betetzeko, ezinbestekoa dugu EAJren ekarpena, eta baita helburu horiek onartzen dituen beste edozein alderdirena ere. Hortaz, EAJren elkarlana bilatzeko ahalegin zintzoa egingo dugu.