Nerea Etxeberria: "Oraindik lasterketetan emakume gutxik irteten du"

Urola Kostako Hitza 2008ko api. 9a, 12:04

Nerea Etxeberria.

Urtebete lehiatu gabe egon ondoren, aurten krosean dabil buru-belarri

Emaitza onak lortu eta lasterketetan "asko gozatu" duela dio

Nerea Etxeberria (Azpeitia, 1983) Iraurgi Atletismo taldean hasi zen lasterka; gero, pistan lehiatzeko, Atletiko San Sebastianeko taldera pasatu zen; eta gaur egun, berriz, Azkoitia-Azpeitia Xeye Atletismo Taldean dabil. Pista utzi eta urtebetez lehiaketetan parte hartu gabe egon da. Aurten, ordea, krosean ibili da eta emaitzak onak izan ditu; "horrelako beste urte bat sinatuko nuke berriro ere". Kroseko denboraldia bukatuta, urtea bukatu bitartean duatloiren bat korritzeak tentatzen du.

Kirola egiten hasi zinenean atletismoan hasi al zinen?

Kirolean txiki-txikitatik ibili naiz, betidanik. Eskolan hasi nintzen kirolean; futbolean, sokatiran eta korrikan ere ibiltzen nintzen. Bost urterekin, umetan, Inauterietako herri krosean parte hartu eta irabazi egin nuen. Orduan lotu nintzen atletismora.

Pistan ibili izan zara lehian, ezta?

Bai, azken bi urteak kenduta beti pistan ibili izan naiz. Iaz, ordea, geldirik egon nintzen urtebetez, lehiatu gabe. Entrenatzen jarraitu nuen, baina pixka bat lasaitzeko urtebetez ez nintzen lehiatu.

Azpeitikoan ez dago atletismoko pistarik. Nola moldatzen zinen entrenamenduak-eta egiteko?

Entrenatzeko ibilbide oso ona dauka Azpeitiak, Azkoitia Azpeitia arteko bidea ederra da. Baina pistarako prestatzeko eta entrenatzeko, astean bi aldiz Zumarragara joaten nintzen hango pista erabiltzera.

Atletismoan jarduteko gabezia hori badagoela uste al duzu?

Nik uste dut baietz. Ni 800 eta 400 metrotako lasterketetan aritzen nintzen. Baina pistan beste proba pila bat ere badaude: pisu jaurtiketa, pertika, luzerako jauzia... Pistarik ez dagoen herri batean oso zaila da lehiaketa horietan jarduten duten atletak irtetea. Zumarraga bezalako herrietan errazago irtengo dute arlo horietan aritzen diren atletak, pista izanda aukera daukatelako. Pistan prestatzeko, azpeitiar batek Zumarragara edo Elgoibarrera joan beharra dauka.

Iaz lehiatu gabe egon zinen eta aurten, berriz, krosean ibili zara...

Azkoitia-Azpeitia Xeye Atletismo taldekoek, Zulaika eta lagunek, animatu ninduten krosean hastera, taldeko neskei laguntzeko eta. Nahikoa dugu pixka bat animatzea, gero geu gehiago animatzeko.

Oso-oso ondo ibili zara krosean, ezta?

Bai, bai ondo ibili naiz. Aurrekoan Xeyekoei horixe esaten nien, urte hasieran sinatuko nukeela horrelako beste urte polit bat.

Aurtengo kros denboraldia bukatu eta Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdian parte hartu duzu. Nesketan bosgarren izan zinen; pozik?

Bai, pozik. Iaz ere egin nuen maratoi erdia, baina aurten pixka bat gehiago prestatu naiz eta gozatu egin dut. Jendeak pila bat animatzen zuen eta oso ondo pasatu nuen.

Eta orain zer?

Pistan ibiltzen nintzenean garai honetan hasten zen denboraldia eta uztaila arte irauten zuen. Baina aurten, kroseko probak bukatuta, duatloia probatzeko gogoa daukat, gauza berriak egiteko gogoa daukat. Ikusiko dugu.

Entrenatzailerik ba al duzu?

Aurten ez. Urte pila batean pistarako prestatzen Santi Perezekin ibili nintzen, oso gustura gainera. Baina azkenean entrenatzailea izateak gehiago exijitzen dizu eguneroko lan horretan. Neure buruari ere exijitzen diot, baina desberdina da.

Orain emakumeak lasterka egitera animatzeko taldeak sortzen ari dira herrian. Zer iruditzen zaizu ekimen hori?

Azkoitia-Azpeitia alde honetan urteetan nabil entrenatzen eta azken urteetan neska gehiago ikusten da lasterka. Bakoitzak bere helburuekin jardungo du, baina ez da lehen bezala: mutila besterik ez zen ikusten lehen lasterka. Hala ere, lasterketetan oraindik emakume gutxik irteten du; Azkoitia Azpeitia Maratoi erdian oso neska gutxik irten genuen. Oraindik lasterketetan gabezia hori badagoela uste dut.

Hori zergatik da?

Mutilak askoz ere lehiakorragoak dira; ni oso lehiakorra naiz, baina neska askok ez dute sen hori.

Gainera, bakarkako kirola gogorragoa da. Nik urte asko daramatzat bakarrik entrenatzen eta horretarako benetan gustukoa izan behar duzu korrika egitea. Taldeko kiroletan taldean mugitzen dira eta errazagoa da.

Zer eman dizu atletismoak?

Atletismoak dena eman dit. Iaz lehiatu gabe egon nintzen, baina halere nik korrika egiten jarraitzen nuen. Egunerokotik ihes egiteko modu bat izan da niretzako. Poz asko eman dizkit; gainera, aurtengo urtean egin dudanak motibatu egiten nau.

Lana eta atletismoa uztartzea erraza al da?

Nik neuk nahiko zaila daukat, eguneko ordu gehienak lanean pasatzen ditut eta. Baina beti ateratzen da denbora lasterkarako; gogoa badago beti ateratzen da denbora. Orain dela bi urte itota ibili nintzen, eta nik uste denbora falta horregatik izan zela. Izan ere, atletismoan zerbait egiteko asko egin behar da eta zerbait baino gehiago egiteko...

Eta atletismotik bizitzea...

Ezinezkoa! Eskupeko txiki bat eman eta sekulakoa dela iruditzen zaigu.

Aurtengo urtea bukatzeko beste erronkarik bai?

Aurtengo denak egin ditut. Entrenatzen jarraituko dut eta duatloiren bat igoal egingo dut. Datorren urtean aurtengoa adina egitea nahiko nuke, hori ederra izango da. Aurten lasterketetan asko gozatu dut eta datorren urtean ere horixe gustatuko litzaidake, asko gozatzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide