Azpeitiko euskara eta ahozko ondarea sarean

Uztarria.eus 2008ko api. 21a, 15:04

Badihardugu Euskara Elkarteak Ahotsak.com webgunean Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak jaso ditu

Adineko sei azpeitiar elkarrizketatu dituzte; euren euskara eta bizipenak jasotzeko

Egitasmo berri bat aurkeztu zuen apirilaren 16an Badihardugu Euskara Elkarteak: Ahotsak. "Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak katalogatu eta hedatzea" du helburu eta horretarako webgunea jarri dute martxan: ahotsak.com.

Webgune horrek jasota ditu dagoeneko Azpeitiko euskara eta hemengo ahozko ondarearen pasarte batzuk. Adineko sei azpeitiar elkarrizketatu dituzte eta euren euskara eta bizipenak jaso dituzte elkarrizketetan. Lourdes Azpiazu Kerejeta, Manuel Bastida, Carmen Erkizia, Jesus Urbieta eta beste bi hizlari ezezagunen elkarrizketak katalogatu dituzte, hain zuzen. Zintak, ordea, transkribatu gabe daude eta ezin da oraindik pasarterik kontsultatu.

Azpeitiko ahozko ondareaz gain, Euskal Herri osoko herri hizkerak jaso nahi dituzte proiektuaren baitan. Oraingoz, 62 herritako euskaldunak elkarrizketatu dituzte, eta 1181 audio eta 1072 bideo dituzte prestatuta.

"Edozeinek" du parte hartzeko aukera

Proiektuaren eta webgunearen arduraduna Badihardugu Euskara Elkartea bada ere, egitasmoak Euskal Herriko edozein elkartek eta ikerlarik parte hartu ahal izatea du asmo. Dagoeneko hainbat udal, elkarte eta ikerlarirekin elkarlanean ari direla azaldu dute ekimenaren bultzatzaileek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide