"Gora Euskal Herri EUSKALDUNA!" diogu. Izan ere euskaldunak baikara, euskara baita Euskal Herriko berezko hizkuntza eta etorkizunean ere hala izan dadin nahi baitugu. Are gehiago, euskaraz biziko den herria nahi dugu, eguneroko bizitzan euskaraz arituko den herria. Helburu horri lotuta sortu zen UEMA eta horregatik bat egin genuen Uemaren aldeko lanean.
Ia 20 urte pasa dira Uema sortu zela eta urte hauetan guztietan egindako lana oparoa izan bada ere, oraindik egiteke geratzen den lana beste horrenbestekoa da. Bide honetan 50 udalerritik gora batu dira eta milaka herritarrek bat egin dugu Uemaren proiektuekin eta helburuarekin. Herri aitzindariak Euskal Herri euskaldunaren aldeko borrokan, Euskal Herrian erdarak nagusi diren honetan, euskararen aldeko apustu argia egin duten herriak.
Hamaika borroka eta hamaika urrats eman ditugu urteotan; euskara planak abian jarri udaletan, herriko etxeetan euskararen erabilera normalizatzeko planak, mediku euskaldunak lortzeko eskaerak, merkataritza euskalduntzeko proiektuak, Hamaika lan eta emaitzak agerian, Kontseiluak egindako Herrietako Hizkuntza Politikaren Neurketak agerian utzi baitzuen Uemako udalerriak zirela euskararen aldeko politika egokienak garatzen zituzten herriak. Hala ere, mahai gainean erronka berriak jarri beharra dago.
Euskaraz bizi eta biziko den lurraldea osatzen ari garen honetan, erronka berrien sasoia dugu beraz. Oraindik herri asko eta asko ditugu Uemaren proiektura gehitu beharrekoak, herri euskaldun guztiei deia luzatzen diegu bada, Ueman sartzeko ahalegin berri honetan. Herri euskaldunak aipatzen ditugunean, dei eta ahalegin berezia egin beharra dago Euskal Herri osoan hedatzeari begira. Euskal Herri osora hedatu behar dugu euskaraz bizitzearen aldeko aldarria, euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza izanik, zonalde guztietan erein behar dugu hazia. Bada sasoia Uemaren baitan Lapurdi, Zuberoa zein Behe Nafarroako herriak egotekoa.
Tamalez, bada kontrako biderik hartu duenik. Horrela, eurek kudeatutako bestelako erakundeek Uemaren "zerbitzuen" parekoak eskaintzen dituztenaren aitzakiapean PNVko interes alderdikoiek hainbat udal Uematik ateratzera eraman dute. Tamalez, ez dute ulertu edo ulertu nahi, Uema Euskal Herriko udalerri euskaldunak biltzeko, kohesionatzeko, antolatzeko eta euren baitan euskararen garapen osoa bermatzeko mugimendu bat dela. EAEko udal batzuen zerbitzu prestaziorako erakundea baino, euskararen arnas gune diren herrietan euskaraz bizitzea bultzatu eta kimu hau Euskal Herri osora hedatu asmo duen mugimendua dela.
Baina, Uemak bereari eutsi behar dio eta bide honetan herri berriak biltzeaz gain, badu beste erronkarik, hizkuntza eskubideak aitortu eta bermatzeko bidean urrats berria ematea, hain zuzen. Orain arte irabazitako bidea babesteko lege geriza minimoa behar dugu. Euskarak ofiziala izan behar du bere lurralde osoan, lehentasunezko eta Euskal Herriko berezko hizkuntza legez izendatu beharra dago, euskaldunon hizkuntza eskubideak aitortu eta bermatzeko bideak jarri behar dira. Lan horretan, Uemaren baitako udalok aitzindari izateko aukera dugu geuri dagokigun eremuan, udalerrian bertan euskarari zor zaion estatusa onartuz, hizkuntza eskubideak betetzeko baliagarriak izango diren udal ordenantzak ezarriaz. Atzera pausuei ateak itxi eta aurrera pausuei bide berriak irekiz.
Hala ere, badugu azkeneko erronka bat Uemako udalok, Euskal Herria euskalduntzeko eragile eta akuilu bilakatzea herritarrak eurak. Urteetan euskalgintzatik adierazi den bezala, Euskal Herria euskalduntzea ez da erakunde, eragile edo instituzio batzuen zeregina bakarrik. Euskal Herria euskaldunak, euskaraz biziko den herria, herritar guztion nahia eta zeregina izan behar du. Udalek herritarrengandik hurbil dauden heinean, herritarren kontzientzia piztu eta astintzeko gai izan behar dute. Uema aitzindari dugu Euskal Herria euskalduntzeko bidean, baina herritar guztiok parte hartu behar dugu lan horretan.
Horretan hasteko aukera paregabea duzu asteburu honetan. Azpeitian ospatuko den Uema egunean parte hartuaz eta auzoz auzo, herriz herriz, eskualdez eskualde, euskaraz biziko diren guneen premia aldarrikatuaz: sustraiak galtzen ez utzi, euskarari eutsi!
2003-2007 legegintzaldiko Uemaren Zuzendaritzako kideak
Oibar Egia
Igor Odriozola
Mikel Galartza