Aste honetan eztabaidagai izan da Babes Ofizialeko 54 etxebizitzen zozketan sartzeko mugak zeintzuk izan behar duten. Baldintza hauen helburua, teorian behintzat, baldintza okerrenak dituzten herritarrak edo behar gehien duten herritarren multzoa definitzea da. Baldintza hauen atal bat Eusko Jaurlaritzak zehazten du (diru sarrera minimo eta maximoak...) eta beste atal bat udalaren esku dago.
Udalaren eskumenak kontuan izanda bi aldaketa proposatu dira. Batetik guraso bakarreko familiek bi gurasoko familien baldintza eta aukera berdinak izatea. Eta bestetik herrian erroldatutako epeari dagokiona. Kanpotik etorri den edonor azken 2 urteetan herrian erroldatuta badago zozketan sartzeko aukera izatea. Azken aldaketa honetan sortu zen eztabaida.
PNVren gabeziak beste behin mahai gainean ikusteko parada izan dugu. Nola da posible neurri hau baztertzeko erabili dituzten argudioak lotsarik gabe azaltzea?
PNVren argudioak:
- Azpeitiarrek urte askoan ez dute Babes Ofizialeko etxebizitza bat eskuratzeko aukerarik izan, eta aukera gehien horiek izan behar dute, hainbeste urtetan zain egon direlako.
- Erroldaren baldintza lehen bezala utzita, kanpotik herrira etorritako 76 lagunek izango lukete zozketan parte hartzeko aukera, baina baldintza berri hori gehituta kopuru hori 285 lagunera igotzen da.
PNVk zer esan nahi du argudio hauekin, lehen eta bigarren mailako Azpeitiarrak egon behar dutela? Azpeitira bizitzera etorri den norbait, azken bi urteetan herrian bizi eta lanean dagoena, bigarren mailakoa dela? Eta zozketan sartzeko aukerarik ez zaiola eman behar? Hori da herritarrak mailakatzeko eta kanpotik etorritako pertsonen integraziorako ikuspegia izatea.
Egoera okerrenean daudenak aurkitzen ditugu multzo horretan. Etxebizitza duin bat lortzeko arazo handienak dituztenak hain zuzen ere. Horren ondorioz, herriko gune batzuk geto bihurtzeko arriskua dute. Egoera horren adibide garbia dugu, alde zaharrean ematen den marokoarren kontzentrazioa. Hori al da etorkinen integraziorako PNVren proposamena? Hori ez da integrazioa, hori marginazioa da.
Bestetik diote lehenengo mailako Azpeitiarrak urte askotan egon direla BOE zozketaren zain. Baina eztabaida ez da hori, zergaitik egon behar izan dute herritarrek urte luzez zozketen zain? Beraiek gu baino hobeto dakite erantzuna. Azken urteetan Azpeitia konstruktore eta promotoreen paradisua izan da. Etxebizitza guztiak libreak izan dira eta PNVren etxebizitza politika herritarrei begirakoa izan beharrean interes pertsonal eta ekonomikoei begirakoa izan da.
Ez dugu uste berriro ere 20 urte egon behar dugunik promozio publikoko etxebizitza proiektuen zain, hori ez da gure eredua, herritarren mesedera egongo den etxebizitza politika behar da. Beraz, baldintza berri hauek 285 herritar berriri aukera irekitzen badie gu poztu egiten gara, eta guztientzat irtenbide bat bilatzen saiatuko gara nahiz eta PNVk udalean utzi duen herentzia politikoa astuna izan, etxebizitza politikari dagokionez.
Ainara Pie de Hierro (Ezker Abertzaleko kidea)