Saltokietan ere, aukeran euskaraz nahiago

Azpeitiko Euskara Patronatua 2008ko uzt. 4a, 14:07

Azpeitiko Euskara Patronatuak gaur, ostirala, aurkeztu du herriko merkatariei zuzendutako produktu eta zerbitzu katalogo berritua

Merkatariak joan den astelehenen hasi ziren jasotzen katalogoa

Arantxa Isart Udaleko Euskara batzordeburua, eta Patxi Saez Euskara Patronatuaren zuzendaria, agertu dira komunikabideen aurrean merkataritzari zuzendutako aurtengo kanpainaren berri emateko. Dagoeneko badira hamar urte Azpeitiko Udalak, Patronatuaren bidez, merkataritza arloan ere euskararen presentzia eta erabilera bultzatzeko ekimenak garatzen dituela. Horretarako, besteak beste, urtero-urtero zerbitzu eta produktu katalogoa berritzen du.

Katalogoa bai itxuraz eta bai edukiz aldatuz eta "berrikuntza ugari" sartuz ospatu nahi izan dute merkataritza mailan egiten ari den lanaren hamargarren urteurren hau. Aurrerakada nabarmena

Arantxa Isartek esan bezala, "Azpeitia herri euskalduna da. % 89ak euskaraz hitz egiten du bere eguneroko bizimoduan eta, merkataritza ere eguneroko jarduera denez, hor ere aukeran euskaraz egitea nahiago dute azpeitiarrek". Horretarako hainbat laguntza eskaintzen ditu Euskara Patronatuak.

Ahalegin hori bere fruituak ematen ari dela ezin ukatu. Orain dela bost urte, 2003an, neurketa lan bat burutu zuen Patronatuak, herriko merkatal establezimenduetan euskarak zuen presentziaren gaineko datuak izateko. Euskararen ikusgarritasuna hartu zuen ardatz neurketa horrek: euskararen presentzia zer-nolakoa zen, bai establezimenduen kanpoaldeko errotulazioetan, bai barrukoetan. Neurketa horrek azaldu zuenez, Azpeitiko establezimenduen erdia baino gutxiago (% 46) zen kanpoko errotulazioa euskaraz jarria zeukana. Saltokien barrualdean euskararen presentzia askoz txikiagoa zen, % 11koa besterik ez. Hori ikusita, eta beti ere euskararen erabilera eta presentzia sendotzeko helburuarekin, bere zerbitzu eskaintza zabaldu eta, bereziki, errotulazioari garrantzia ematea erabaki zuen Patronatuak.

Eta euskarak arlo horretan ezagutu duen aurrekada nabarmena izan da, 2007an egindako neurketak erakutsi duenez. Lau urteren buruan, iaz Azpeitiko ia establezimendu guztiek (% 97) zuten beraien kanpoko errotulazioa euskaratuta, eta barnealdeko testuetan ere % 85eraino igo zen euskararen erabilera. "Aldea nabarmena da", nabarmendu du Patxi Saezek, "neurri handi batean, Patronatuaren hizkuntza zerbitzuei esker" izan dela gaineratuz. Aukeran euskaraz

Aurtengo berrikuntzen artean, katalogo beraren diseinua aipatu behar da. Lau-orriko itxuran, erosketa-poltsa da bere ikurra. 2008ko merkataritza kanpainarako leloa ere berritu du Euskara Patronatuak: Aukeran euskaraz esaldia aukeratu da kanpainarako eta katalogorako, saltokietan ere "Azpeitian aukeran euskaraz nahiago dugulako".

Edukiari dagokionez, berriz, beste behin ere Azpeitiko Euskara Patronatuak material eta zerbitzu eskaintza zabala jarri du herriko merkatarien esku, eta doan, gainera:

Materialak:

  • kartel mutuak: hamar diseinu daude aukeran, eta bakoitzetik hiru tamaina ezberdin
  • "merkealdia" eta "eskaintza berezia" kartelak
  • "erre" edo "ez erre" kartelak
  • "zabalik/itxita" kartela
  • entrega-agiriak
  • fakturak
  • loteriako partaidetzak
  • ordainagiriak
  • arlokako hiztegiak (hamar guztira)
  • arrandegietako materiala (prezio txartelak)
  • ostalaritzako materiala (euskara ikasteko materiala, taberna eta jatetxeetako langileentzat).

Zerbitzuak:

  • BDP softwarea eta hau instalatzeko diru-laguntzak.
  • itzulpenak
  • aholkularitza
  • euskara ikastaroak
  • errotulua euskaraz jartzeko diru-laguntzak

Iaz 742 material eta zerbitzu eskari jaso zituen Euskara Patronatuak establezimenduetatik. 2007ko erroldaren arabera, 471 saltoki zeuden Azpeitian. Horietatik 100 izan ziren eskaeraren bat egin zutenak.

Uema eta Bai Euskarari

2008ko merkataritza katalogoaren bi berrikuntza nagusiak Uema eta Bai Euskarari Ziurtagiriari dagozkienak dira. Izan ere, Azpeitiko Udala aurten bertan sartu da Uekan eta, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ere euskararen erabilera sustatzeko hainbat ekimen lantzen dituenez, merkataritza allaon barne, aurreneko aldiz Uemaren eskaintza ere barneratu egin du Azpeitiko Euskara Patronatuaren katalogoak. Bi eskaintza ezberdin baina osagarri izango dituzte beraz aukeran Azpeitiko establezimenduek. Uemara zuzenduta (943 260372 telefonoa, www.uema.org webgunea) edota Euskara Patronatuan galdetuz ere lor daiteke material hori.

Bestetik, Kontseiluarekin sinatutako akordioaren ondorioz, Bai Euskarari Ziurtagiriaren aldeko apustua ere egin nahi du Udalak. Horretarako, merkatariei zuzendutako katalogoan ziurtagiriaren gaineko informazioa ere txertatu dute. Euskara planak

Material eta zerbitzuak doan eskuratzeko aukeraz gain, Azpeitiko merkatal establezimenduek euskarazko zerbitzuaren eta funtzionamenduaren bermea ere eskura dezakete, Patronatuak eskaintzen dizkien euskara planen eskutik.

2007an 211 establezimenduk zituzten martxan beraien planak. 134k zerbitzua erabat euskaraz ematen zuten; 77k, gainera, barneko funtzionamendu osoa ere euskaraz garatzen zuten. Aurten beste 50 establezimenduri egingo zaie planak egiteko aukera. Irailetik aurrera izango da hau. Non eta nola eskatu

Joan den astelehenean hasi eta hil honen erdialdera arte, Patronatuak horretarako jarri dituen bi lagun establezimenduz establezimendu ibiliko dira, katalogo berria merkatariei aurkeztuz eta beraien eskura jarriz, eta bide batez establezimenduen errolda eguneratuz.

Katalogo berriaren eskaintza eskuratzeko, berriz, merkatariek Euskara Patronatura zuzendu behar dute:

  • Perdillegi, 1
  • 943 814518 telefonoa
  • posta elektronikoa: euskarapatronatua@erabili.com
  • Ordutegia: 08:00-20:00

Ikusi merkatarientzako katalogo berria Pdf formatuan

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide