Udalbatzarrean Jesus Giberti babesa adierazi diote

Urola Kostako Hitza 2008ko uzt. 5a, 12:07

Alkateak "kezka" eta "laguntzek prestutasuna eta borondatea" azaldu zituen osteguneko udalbatzarrean

EAJk adierazpena eraman zuen idatzita

Osteguneko ohiko udalbatzarrean, galdera eta erreguen txandaren aurretik, Iñaki Errazkin alkateak hitza hartu zuen eta Jesus Gibert enpresaburu azpeitiarrari gertatu zaionaren inguruan "kezka" eta "laguntzeko prestutasuna eta borondatea»" azaldu zuen. Izan ere, enpresaburuaren etxea miatu zuten Espainiako Audientzia Nazionalaren aginduz, ETAri "iraultza zerga" ordaindu ziolakoan.

"Guardia Zibilak atxikita izan du bere etxea miatzen zuten bitartean. Gertaera honen aurrean kezka azaltzen dugu. Honekin ikusten da zoramen errepresiboa zer neurritara iristen ari den". Alkatearen hitzen atzetik, EAJko zinegotzi Julian Eizmendik adierazpena irakurri zuen Giberti babesa emanez. Horrez gainera, hari emandako "trataera" gaitzetsi eta harenganako "babesa, errespetua eta begirunea" eskatu zituen.

EAJkoek adierazi zutenez, "Gibertek, bere eskubideetan urraketa bikoitza jasan du eta horren aurrean gure babesa adierazi nahi diogu. Garai batean bahitua, estortsionatua eta bere oinarrizko eskubideak galduta; orain, berriz, neurriz kanpokoak diren jarduera judizialen barruan atxikita".

EAJkoek ez dute ulertzen Giberti eman dioten trataera, "herri honen bilakaeran pertsona eta profesional bezala hain ibilbide garrantzitsua izan eta gero". Gibertentzat ez ezik, "antzeko egoeran" dauden guztiei ere babesa adierazi zieten jeltzaleek: "Ezagutzen eta gogor gaitzesten dugun egoeran dauden guztientzat begirunea eta errespetua eskatzen dugu".

Bateratua edo ez

Adierazpena irakurtzen hasi aurretik "EAJren adierazpena, Udalarena izateko modukoa" zela esan zuen Eizmendik. Baina beste alderdikideek ohartarazi ziotenez, aurretik mozio bezala ez zuten sartu, eta horretaz eztabaidatzeko eta idatzi bateratu bat egiteko "elkartu eta hitzordua jartzeko prest" azaldu ziren.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide