Pello Segurola matxinbentarra ardi txakur lehiaketan irabazle

Urola Kostako Hitza 2008ko uzt. 15a, 18:07

Argazkian, Pello Segurola bera txakurrarekin

Getaria Herenegun izan zen Ardi Txakurren Gipuzkoako Txapelketako 2. proba eta Pello Segurola matxinbentarraren 'Alai'-k irabazi zuen

Finala abuztuaren 3an jokatuko da Aian

Ardi Txakurren Gipuzkoako Txapelketaren bigarren eta azken kanporaketa jokatu zen herenegun eguerdian Meaga auzoan. Bertan erabaki zen finalean ariko diren beste lau artzainak eta txakurrak zeintzuk izango diren. Pello Segurola matxinbentarra izan zen garaile, Alai txakurrarekin; bere atzetik honako hauek sailkatu ziren eta, era berean, finalerako txartela lortu zuten: hurrenez hurrenez, Jexux LarraƱaga, Zeru txakurrarekin; Joxe Ramon Orbegozo, Mendi txakurrarekin; eta Inaxio Etxeberria, Kimi txakurrarekin.

Meagako frontoiaren atzealdeko zelaian jokatu zen kanporaketa. Auzora gerturatu zirenek lehia parekatua ikusteko aukera izan zuten. Izan ere, irabazlearen eta laugarren sailkatuaren artean alde handirik ez zen izan behin betiko puntuazioan; 6 puntuko aldea, hain zuzen ere.

Artzain bat, bi txakur

Lortutako garaipenari esker, Pello Segurolak bi txakur izango ditu finalean: bata, Alai eta bestea, Artzai. Azken txakur horrekin iazko Gipuzkoako txapeldun izan zenez, zuzenean sailkatu da finalerako, nahiz Zumaian jokatu zen lehen kanporaketan bosgarren sailkatu.

Finala abuztuaren 3an jokatuko da Aian, eta aipatuko 5 txakurrekin batera, Zumaiako kanporaketako lehenengo laurak ariko dira: Mikel Aizpurua, Beti txakurrarekin; Jabier Olaziregi, Nai txakurrarekin; Jose Antonio Arrillaga, Lagun txakurrarekin; etaMikel Garaiar, Linda txakurrarekin.

Bederatzi horietatik lehen lau postuetan sailkatzen direnek Euskadiko Txapelketara jokatuko dute. Honakoa irailaren bukaeran izango da, Elgoibarren.

Sailkapena

Bigarren kanporaketa

Parte-hartzaileak Puntuak

  1. Pello Segurola eta Alai txakurra (Matxinbenta) 239
  2. Jexux LarraƱaga eta Zeru txakurra (Zarautz) 238
  3. J.R. Orbegozo eta Mendi txakurra (Arantzazu) 236
  4. Inaxio Etxeberria eta Kimi txakurra (Azpeitia) 232
  5. Mikel Eguren eta Labrit txakurra (Andoain) 209
  6. Pello Pagadizabal eta Sutan txakurra (Aia) 184
  7. Joseba Arrizabalaga eta Txato txakurra (Elgoibar) 159

Pello Segurola, artzaina:"Artaldearen arabera, azken edo lehenen gera zaitezke"

Azken bi urtetako Gipuzkoako txapelduna da Pello Segurola (Matxinbenta, 1969). Aurten bi txakurrekin iritsi da finalera, Artzai-rekin eta Alai-rekin.

Bi txakurrekin ariko zaren lehen aldia izango al da?

Ez, ez da lehen aldia. Behin baino gehiagotan iritsi naiz finalera txakur batekin baino gehiagorekin.

Eta aurten ere irabazteko prest al zaude?

Itxaropena badut, baina gainerako lehiakideak ere onak dira eta edozer gerta daiteke. Egokitzen zaizun artaldearen arabera, lehenen edo azken postuan gera zaitezke.

Horrenbesteko eragina al dute ardiek?

Bai, batik bat bi artzainek artalde berarekin ariketa bat egin behar badute. Ardiak lasaiago daude bigarren txandan, bigarren artzainarekin; zelaian kokatuagoa daude ardiak.

Txapela irabazteko faborito nabarmenik ba al dago?

Txapeldun izateko faborito asko dago . Kanporaketetan alde handirik ez da izan puntuazioetan. Edonork irabaz dezake.

Nola prestatzen dituzu txakurrak txapelketetarako?

Etxeko ardiekin aritzen gara. Edonola ere, etxean hobeto moldatzen dira txakurrak. Jendaurrean urduritu egiten dira. Artzainok ere normalean baino ozenago ematen dizkiegu aginduak eta txakurrek hori antzeman egiten dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide