Azpeitiko IX. Erremonte Txapelketa gaur bukatuko da

Urola Kostako Hitza 2008ko uzt. 18a, 12:07

Goiko argazkian, Imanol Badiola. Behekoan, Igor Agirrezabala.

Izarraitz pilotalekuan erremonteko finala jokatuko duten lau pilotaritik hiru eskualdekoak dira; eta atzeko jokoan bi azpeitiar lehiatuko dira

Finala gaur, ostirala, 22:30ean hasiko da

Azkeneko albistea (hilak 19, 18:30). Agirrezabala-Zalakain irabazle

Azpeitiko IX. Erremonte Txapelketako finala gaur, ostirala, jokatuko dute, 22:30ean, Izarraitz pilotalekuan. Eskualdeko hiru pilotari heldu dira finalera: Egoitz Zulaika aizarnazabaldarrak (aurrelaria) eta Imanol Badiola azpeitiarrak (atzelaria) osatzen dute bikoteetako bat. Eta bestea, berriz, Asier Zalakain tolosarrak (aurrelaria) eta Igor Agirrezabala matxinbentarrak (atzelaria). Bi azpeitiar nor baino nor ariko dira atzeko jokoan. Bien ustez, gaurko finala gogorra izango da. Baina biek ere txapela irabazteko ahalegina egingo dutela diote.

Azpeitiko IX. Erremonte Txapelketa ekainaren 27an hasi zen, eta hamasei pilotarik hartu dute parte. Horietatik zortzi azpeitiarrak izan dira; bikote bakoitzeko bana. Antolatzaileek, erremonteko enpresak eta Azpeitiko Udalak, zaletuak Izarraitz pilotalekura erakartzeko ahalegin berezia egin dute; hori dela eta, kanporaketetako sarrerak doan jarri dituzte. Gainera, txapelketa beste urteetan baino beranduago hasi da, Herriartekoarekin bat ez egiteko.

Txapelketak gaur izango du azkena. Zulaika-Badiola bikoteak bidean utzi ditu Martinez II.a-Urko (40-39) eta Etxeberria IV.a-Martinez (33-40). Zalakain-Agirrezabal bikoteak, berriz, Ibarzabal-Jon (40-32) eta Bereziartua-Etxezabal (35-40) utzi ditu txapelketatik kanpo. Finala nahiko partida orekatua izango da. Badiola aurtengo denboraldiko joko ona egiten saiatuko da: partiden %61 irabazi du. Agirrezabalak, berriz, Izarraitzen jokatutako azken txapelketetako bideari eutsi nahiko dio; alegia, iaz bezalaxe, txapela lortu nahi du.

Erremonteko finala

Azpeitiko Erremonte Txapelketako finala gaur jokatuko da, 22:30ean, Izarraitz pilotalekuan; sarrera 10 eurotan.

Finala. Zulaika-Badiolak bikoteak Zalakain-Agirrezabalaren kontra jokatuko du.

Estelarra. Ezkurra - Aizpuru Zeberio II.a-Iriarteren aurka.

Imanol Badiola: "Gu ahaleginduko gara gure aurkariei lana ematen"

Imanol Badiola (Azpeitia, 1978) Egoitz Zulaikarekin bikotea osatuz Azpeitiko IX. Erremonteko Txapelketako finalera heldu da. 15 urterekin hasi zen erremontean, Imanol Mujikarekin. Erremontean jokatzen ikasi zuenean, Izarraitzen hasi zen Azkaraterekin. 18 urte zituenenetik erremontista profesionala da. Atzo arratsaldean Galarretan partida zuen, eta gaur Izarraitzen finala.

Finaleko partida nola ikusten duzu?

Partida gogorra izango da. Bikote guztiek nahiko maila antzekoa dute, hala osatzen dituzte bikoteak. Agirrezabalak ondo jokatzen du Izarraitzen; iaz berak irabazi zuen txapelketa eta iruditzen zait bikote gogorra dela. Baina gu saiatuko gara aurkariei lana ematen. Ahaleginak egingo ditugu.

Zulaikarekin askotan jokatu al duzu?

Egoitz Zulaikarekin bikotea osatuz gutxitan jokatu dut. Berak geroago debutatu zuen eta normalean beste pilotari batzuekin jokatzen du.

Aurten Izarraitzera zaletu gehiago joan al da txapelketako partidak ikustera?

Aurreko txapelketetan baino jende gehiago izan da. Gainera, partidek ez dute bat egin Herriarteko partidekin, eta sarrera doakoa izan da. Horrek lagundu du.

Azpeitian horrelako txapelketa bat egotea ere garrantzitsua izango da, ezta?

Bai, bai. Zortzi bikotek jokatu dugu txapelketa, eta zortzi azpeitiarrek jokatu dugu txapelketan. Erremonteko eskola hor dago eta Azpeitian erremontista asko gaude... Herrian jendeak ez daki horrenbeste erremontista gaudenik, eta eskola bultzatzeko garrantzitsua da horrelako txapelketa bat izatea herrian; baita erremontearentzako ere.

Pello Aizpuruk bihar Izarraitzen azkenengo partida jokatuko du...

Nik Pello Urrestillatik ezagutzen dut, txiki-txikitatik. Azkenaldian harekin partida batzuk jokatzeko aukera ere izan dut, gainera. Pilotari handia da Pello.

Igor Agirrezabala: "Txapelketa hasi zenetik gustatu izan zait Zulaikak eta Badiolak osatzen duten bikotea"

Igor Agirrezabala (Matxinbenta, Azpeitia, 1982) erremontistak Asier Zalakain tolosarra izango du bidelagun gaur Azpeitiko Erremonte txapelketako finalean. Matxinbentarrari familiatik datorkio erremonterako zaletasuna: aita eta osaba erremontistak izan zituen, besteak beste. "Txiki-txikitatik hasi nintzen erremontean, aurren-aurrena etxeko sukaldean hasi nintzen aitak egindako zesto txiki batekin", dio. Eskuz ere ibili zen Ilunpe Pilota Elkartean, baina 12-13 urte zituela eskuko pilotatik erremonterako pausoa eman zuen Izarraitzen, Juan Pedro Azkarate maisu zuela. 18 urterekin hasi zen Galarretan jokatzen, eta 20 urterekin profesionaletara jauzia egin zuen.

Nola ikusten duzu gaur jokatuko duzuen finaleko partida?

Oso gogorra. Txapelketa hasi zenetik Zulaika-Badiolak osatzen duten bikotea gustatu izan zait. Ni neuk ere beti joko ona egin izan dut Azpeitian, eta gustura ibili izan naiz beti.

Iaz, zu izan zinen txapeldunetako bat.

Bai, hala da. Iaz txapelketa irabazi genuen, eta orain bi urte txapeldunordea izan nintzen. Beti Azpeitian gustura ibili naiz, baina badakigu denok Badiola aurkari gogorra dela eta ea zer gertatzen den. Gu saiatuko gara irabazten.

Badiolak dio Zulaikarekin ez duela askotan jokatu; zuk Zalakainekin?

Nik Zalakainekin Badiolak Zulaikarekin baino gehiagotan jokatu dut. Zulaikak debutatu zuela urte eta erdi inguru izango da, eta honek aurreneko partidetan jokatzen du, batik bat. Badiola, berriz, hirugarrengo edota laugarrengo partidetan ibiltzen da eta tarteka bakarrik egokitu zaie elkarrekin jokatzea. Nik Zalakainekin gehiagotan jokatu dut.

Baina denok ere enpresa berekoak izanda elkarren berri ederki izango duzue, ezta?

Bai, bai. Nahiz eta batera ez jokatu beti inguruan ibiltzen gara, eta elkarren partidak askotan ikusten ditugu, baita komentarioak entzun ere. Oro har, Iruñean eta Galarretan jokatzen dugu eta elkarren berri badugu.

Aurten, gainera, Erremonte Txapelketako partidetara zaletu gehiago joan omen doa...

Bai, zer edo zer antzematen da. Antolatzaileekaurten zaletuak Izarraitzera eramatea nahi izan dute, eta txapelketa geroago hasi da, Herriartekoarekin bat ez etortzeko. Guretzat? Pilotalekuan zenbat eta jende gehiago eta giro hobea egon, orduan eta hobeto. Jokatzen ari dena motibatu egiten du .

Pello Aizpuruk bihar azkenengo partida izango du Izarraitzen.

Pello Aizpuru ona da erremonteko jokalari bezala. Kantxan dena ematen duena da, ez dizu ezer opari emango. Gero, pilotalekutik kanpora, aldalekuetan-eta beti laguntzeko prest egoten da, umoretsua da.

Pello Aizpuru erremontistak gaur jokatuko du azken partida, Izarraitzen

Erremonteko finalaren ostean, partida estelarra jokatuko dute Ezkurra-Aizpuruk Zeberio II.a-Iriarteren kontra. Pello Aizpuru urrestildar erremontistak Izarraitz pilotalekuan jokatuko duen azkenengoa izango da. Izan ere, hilaren 26an Galarretan jokatuko du erremontista profesional bezala bere azken partida, 25 urteko ibilbidea eta gero. Enpresak omenaldia egingo dio egun horretan eta Urrestillan ere afaria antolatu dute, Larrañaga jatetxean. Afaritara joan nahi dutenek txartelak salgai dituzte Auntxa, Oto edo Ana Mari tabernetan.

Aizpuruk sanferminetan jokatu zuen azken partida, Koteto Ezkurrarekin bikote, eta Aceites Sanduan-San Fermin Txapelketako txapeldunordeak izan ziren.

Nahiz eta erremonte profesionala utzi, Pello Aizpuruk Izarraitz pilotalekuko kantxero eta hango Erremonte Eskolako arduradun izaten jarraituko du, gaur egun bezalaxe.

Azkeneko albistea (hilak 19, 18:30). Agirrezabala-Zalakain irabazle. Igor Agirrezabala Matxinbentako atzelaria eta Asier Zalakain aurrelari tolosarra gailendu ziren, atzo (ostirala), Izarraitz Pilotalekuan Azpeitiko IX. Erremonte Txapelketan. 30-40 hartu zuten mendean Egoitz Zulaika aizarnazabaldarrak eta Imanol Badiola azpeitiarrak osatzen duten bikotea. Honenbestez, Agirrezabalak bi urtez jarraian irabazi du bere herriko txapelketa nagusia.

Ehun ikusletik gora bildu zen Izarratiz frontoian, norgehiagoka ikustera. Partida luzea izan zen finalekoa. Agirrezabalaren iritziz, "partida gogorra" izan zen. "Hasieratik 30. tantora arte oso gogorra izan da, ez bikote batek ez besteak ez genuen amore ematen".

Ordu eta laurdeneko lehiaren ondoren, Agirrezabalarentzat eta Zalakainentzat izan ziren lehen sariaren 600 euroak, txapelak eta oroigarriak. Sari banaketa ekitaldiaren ondoren, partida estelarraren txanda etorri zen. Ezkurra-Aizpuru bikotea Zeberio II.a-Iriarteren aurka neurtu ziren, 40-27 irabaziz. Pello Aizpuru erremontista urrestildarrak omenaldia jaso zuen, Izarraitzen jokatutako bere azken partidan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide