Organo Erromantikoaren Nazioarteko IX. Zikloa larunbatean abiatuko da

Urola Kostako Hitza 2008ko urr. 3a, 11:10

Jose Luis Franzesena, Esteban Elizondo, Kontxi Larrañaga, Ainhoa Soraluze eta Maider Osa, atzo, Donostian egindako aurkezpenean.

Azaroaren 1a bitartean hainbat emanaldi egingo dute Azkoitiko, Loiolako Santutegiko eta Bergarako organoekin

Zikloaren emanaldi guztiak astebukaeretan egingo dira eta sarrera doan izango da.

"Orekatua, anitza eta kalitatezkoa" izango da aurtengo Organo Erromantikoaren Nazioarteko IX. Zikloa. Azkoitian, Loiolan eta Bergaran bilduko den ikusleria "asetuta" utziko duela adierazi zuen Esteban Elizondo organo-jotzaile eta antolatzaileak, atzo, Donostian egindako aurkezpenean.

Bere ondoan zituen Bergarako eta Azkoitiko udaletako Kultura teknikari Maider Osa eta Kontxi Larrañaga, Ainhoa Soraluze mezzosoprano errenteriarra eta Jose Luis Franzesena organo-jotzaile azpeitiarra.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta hiru herrietako udalek antolatu dute zikloa, bederatzigarren urtez jarraian. "Organo mailan jaialdirik garrantzitsuena da hau. Izan ere, organoarekin jotzeko konposaturiko lanak izango dira bertan entzungai, eta gainera hiru teklatuz osaturiko organoak entzuteko aukera izango da", jakinarazi zuten antolatzaileek.

Hainbat konbinazio

Zikloaren ardatza organo erromantikoa bada ere, bestelako konbinazioak egingo dituzte programatutako kontzertuetan. Ahotsa izango da organoaren laguntzaileetako bat. Batetik, Loinatz, Aretxabaleta eta Oñatiko Ganbara abesbatzek parte hartuko dute jaialdian; eta bestetik, Ainhoa Soraluze mezzosopranoa ere izango da Loiolan eta Bergaran abesten. "Hainbat estilo aurkezten saiatu naiz organo eta ahots errezitaldi hauetan", esan zuen Soraluzek. "Organoaren kolorearekin ondo datozen piezak topatzen saiatu naiz, entzuteko errazak diren aria politak eskaini asmoz".

Txistuarekin eta bertsolaritzarekin ere elkartuko dute organoa, aurten. Jose Ignazio Ansorena txistulariak eta Koro Saenz organo-jotzaileak Andoni Egaña eta Xabier Euzkitze bertsolariekin emanaldi bana egingo dute, Azkoitian eta Azpeitian.

Kalitatezko programazioa

Zikloaren emanaldi guztiak astebukaeretan egingo dira eta sarrera doan izango da. Europatik etorritako organo-jotzailerik onenetakoak entzuteko parada izango dute entzuleek, baita ia ahaztuta dauden euskal musikagileen piezak ezagutzeko aukera ere. Guztia, "programa interesgarri eta original batean bilduta".

Harribitxiak: cavaillé-coll eta Stoltz Fréres

Urtero moduan, Euskal Herriko hiru organo erromantiko garrantzitsuetan egingo da nazioarteko zikloa. Hau da, Azkoitiko eta Loiolako Cavaillé-Coll organoetan eta Bergarako Stoltz Fréres organoan.

Azkoitiko parrokiako organoa 1898 urtean Parisen egindako Cavaillé-Coll estilokoa da. Aristide Cavaillé-Coll organo-egileak bere azken urtetan egindakoa da. Orduan, 60.000 pezeta balio zituen eta 1898ko otsailaren 10ean estreinatu zen. Azkoitiko organoak 56 notadun hiru esku teklatu ditu eta 30 notako pedala ere badu. 1976 urtean Gabriel Blancafortek zaharberritu zuen.

Loiolako Santutegiko organoa ere Cavaillé-Coll markakoa da, 1887 urtekoa. 60.000 pezetaren truke erosi zuten eta 1889ko uztailaren 10ean estreinatu zuten. 56 notadun hiru esku teklatu ditu eta 30 notako pedala. 1972 urtean teknikariek aztertu eta armonizatzeaz gain, Ferdinand Princek afinatu zuen eta urtebete ren ondoren OESA enpresak (Organeria Española S.A.) zaharberritu egin zuen.

Bergarako parrokiako organoa 1889ko Stoltz Fréres markakoa da. 36.500 frankoren truke erosi zuten. Bernardo de Gabiolak estreinatu zuen urte bereko martxoaren 18an. Egin zutenetik organoak diapasoia baino tonu erdi gutxiago dauka eta 56 notadun hiru teklatuez gain, 30eko pedala ere badu. 1973an zaharberritu zuten Jose Maria Galdosek eta Alejandro Usabiagak.

Datuak

  • Noiz. Bihar hasi eta azaroaren 1a arte egingo da Organo Erromantikaoren Nazioarteko IX. Zikloa.
  • Non. Azkoitiko Santa Maria la Real parrokian (larunbatetan, 17:00etan); Azpeitian, Loiolako Basilikan (igandetan, 20:00etan; azkenengoa, ordea, azaroaren 1ean 19:00etan); Bergarako San Pedro Apostoluaren Parrokian (larunbatetan, 20:00etan).
  • Sarrera. Emanaldi guztiak doan izango dira.
  • Antolatzaileak. Azkoitiko Udala, Azpeitiko Udala, Bergarako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia.

Azkoitia

  • Urriak 4. Beasaingo Loinatz Abesbatza eta Gerardo Rifon organo-jotzailea.
  • Urriak 11. Oñatiko Ganbara Abesbatza eta Alize Mendizabal organo-jotzailea.
  • Urriak 18. Jürgen von Moock organo-jotzaile alemaniarra.
  • Urriak 25. Jose Ignazio Ansorena txistularia, Xabier Euzkitze bertsolaria eta Koro Saenz organo-jotzailea.

Azpeitia (Loiola)

  • Urriak 5. Ainhoa Soraluze mezzosopranoa eta Fernando Gonzalo organo-jotzailea.
  • Urriak 12. Michael Eckerle organo-jotzaile alemaniarra.
  • Urriak 19. Jose Ignazio Ansorena txistularia, Andoni Egaña bertsolaria eta Koro Saenz organo-jotzailea.
  • Azaroak 1. Aretxabaleta Abesbatza eta Jose Luis Franzesena organo-jotzailea.

Bergara

  • Urriak 4. Ainhoa Soraluze mezzosopranoa eta Fernando Gonzalo organo-jotzailea.
  • Urriak 11. Michael Eckerle organo-jotzaile alemaniarra.
  • Urriak 18. Beasaingo Loinatz Abesbatza eta Gerardo Rifon organo-jotzailea.
  • Urriak 25. Oñatiko Ganbara Abesbatza eta Alize Mendizabal organo-jotzailea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide