Lagun Onak-en jokoarekin gozatuz

Aitor Manterola (Berria) 2008ko urr. 14a, 12:10

'Berria'-ko futbol komentaristak Azpeitiko taldea goraipatu du asteroko iritzi artikuluan

(...) Kezkatuta nago futbolaren bilakaerarekin. Futbolariena da futbola, eta bilakaera txar horren eragileak futbolariak dira. Edota entrenatzaileak, haiei behar bezala ez erakusteagatik. Egun, irabaztea da funtsezkoa. Eta irabazteko, oreka behar da jokoan. Baloiarekin eta baloirik gabe. Oinarrizko kontzeptu taktiko batzuk betetzea ezinbestekoa da horretarako. Baina ez ditut kontzeptu horietako asko zelaietan ikusten. Eurokopan ohartu nintzen horretaz, eta hainbat herrialdetako txapelketetako partidetan ere beste horrenbeste ikusten dut. Aurreko astean, entrenatzaile eta irakasle bikain batekin hizketan, bat egin genuen gogoetan. Hark esan zidanez, futbolean jokatzea zaila da, baina oinarrizko kontzeptu horiek egiten eta zertarako egiten diren irakasten bazaie, askoz futbolari hobeak izango dira. Baina ez omen zaie irakasten, epe luzeko lana delako haren ustez, eta emaitzen diktadurapean, ez dagoelako denborarik. Ez nator bat harekin. Nork dauka nahi beste lan egiteko aukera hobea ia egun guztia libre duten futbolariek baino?

Larunbatean, Hirugarren Mailako Zarautz-Lagun Onak partida ikusten izan nintzen. Eta gozatu egin nuen azpeitiarren baloirik gabeko jokoarekin. Hori da hori taldeko lana. Oinarrizko kontzeptu batzuk ederki menderatzen dituzte jokalariek, norbaitek erakusten dizkielako. Eta jokalari horiek ez dute egun osoa futbolerako. Beraz, ez da denbora kontua izango ez erakustearena. Lagun Onakek azken bost partidak irabazi ditu, aurrena da sailkapenean, eta hiru gol besterik ez dizkiote sartu zazpi partidetan. Atzeko sendotasunean oinarrituta erasotzen du, eta partidako gol bat sartu du, zazpi. Niretzat, behintzat, ikuskizuna ematen du. Taldeko jokoaren ikuskizuna. Askatasuna ez delako beti ikuskizuna futbolean. (...)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide