Ardo Egun arrakastatsua aurtengoa ere

Urola Kostako Hitza 2008ko urr. 20a, 13:10

Lagun taldea upategi bateko postuan ardoa dastatzen. (Olatz Prat)

Ardo Egunean jende ugari bildu zen herriko plazan, 25 upategitatik ekarritako zukuak dastatzeko asmoarekin

Ez zen ekarritako ardo guztia edan, baina zenbait ardo gastatu egin ziren

Ardoaren Eguna ospatu zen atzo Azpeitian. 11:30ean hasita, giro aparta izan zenEnparantza Nagusian eguerdian zehar. Eguzki epela lagun zutela, plazara hurbildu zirenek Errioxatik etorritako 25 upategitako ardoa dastatu ahal izan zuten. Hiru euroren truke kopa hutsa eta 4 ardo dastatzeko txartelak eskuratu ahal izan zituzten herritarrek. Azpeitiko Udalak eta Odriozola ardo etxeak antolatu zuten ekimena.

Errioxako, arabar Errioxako eta Nafarroako upategiek hartu zuten parte atzoko ardo azokan. Aurreko urteetan gertatu izan den bezala, ardo beltza izan zen atzokoan ere gehien edan zena.

Ardo motei dagokienez, urtekoak, onduak, erreserbak eta kriantzak dastatu ahal izan ziren. Ez zen ekarritako ardo guztia edan, baina, zenbait ardo gastatu egin ziren; horietan lehena Marques de Murrieta erreserba izan zen, besteen bikoitza kostatzen bazen ere, ardo logroñoarra izan zen arrakastatsuena. 14:00ak alderako aurreikusi zuten amaiera, baina, giro gozoan beranduagora arte ere ibili zen jendea plazan.

Enparantzako kioskotik, Izer eta Alabier trikitilariek giroa alaitu zuten goiz osoan zehar.

Baserriko produktuak

Ardoaren lagungarri eta herriko baserrietako produktuak bultzatzeko asmoz, Azpeitiko bost baserritako gazta postuak jarri zituzten, eta gazta dastatu eta erosteko aukera izan zen bertan.

Horretaz gain, Eusko Label jatorri izedapeneko postua ere ipini zuten. Gernikako piperren pintxoek arrakasta izugarria izan zuten. Gainera, baserriko produktuak jarri zituzten salgai.

Izarraitz Txokok 75 urte

Izarraitz Txoko elkartearen 75.urteurreneko ekimenen barruan, patata tortilla dastaketa egin zuten atzo plazan. Azpeitiko hainbat elkartetan egindako tortillak saldu zituzten euro baten truke. GAEL, Azpeitiko Gaixo eta Elbarrituen Aisialdiko Taldea arduratu zen pintxoak prestatzeaz eta eskaintzeaz. Txorizo pintxoak eta bizkotxoa ere saldu zituzten. Jasotako dirua Azpeitiko gaixo eta elbarrituen elkartera joan zen. Guzti honetarako Odriozola Harategiaren eta Egaña gozodendaren laguntza izan zuten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide