Nahikari Izagirre Etxeberriak gutun bat idatzi du Azpeitiko EAJri izenburupean, urriaren 25ean Hernanin egin zen ekitaldiaren ondorioez. Adierazten du ertzainek izandako jokabidearen ondorioz hainbat gazte zaurituak gertatu zirela. Eta, ondoren, sarerik gabeko jauzi handi bat eginez, EAJrekin orokorrean lotzen du kontua. Eta gero, beste salto are handiagoa eginez, Azpeitiko EAJrekin partikularrean. Brotxa lodi-lodia erabiliz, metroko marra zabala pintatu eta denak zaku berean sartzen ditu.
Guk gure herrian gertatu zen gertakari baten (pintadak) berri eman genuen, herritarren arteko elkarbizitza hausten eta okertzen dutela irizten diogulako. Nahikari, zer iruditzen zaizu zuri gertakari hori? Onartu egiten al duzu? Azpeitiko EAJk indarkeria erabili al du inoiz? Hitzaz gain beste zein tresna erabiltzen dugu gure ideiak aldarrikatzeko? Zer nolako ordaina jaso du Azpeitiko EAJk bere hitzezko jokabidearen ordainetan? Bota zaizkion irainekin ados al zaude? Zeuk bota al dizkiozu irainak? Pintura gorri-horia botatzea onartzen al duzu? Behin baino gehiagotan Batzokiko sarreran egin zaizkion pintadak onartzen al dituzu? Zinegotzien aurpegiekin ateratzen diren kartel eta pankartak ontzat ematen al dituzu? Zeu horretan partaide izan al zara?
Hasteko, gauzak bere kontestuan jarri behar dira: Ez dugu uste EAJko (are gutxiago, Azpeitiko EAJko) inork inor jo zuenik Hernanin. Ertzainak agindutakoa betetzen ari ziren, Gasteizen Falangekoekin gertatu zen bezalaxe. Baina kontua da nola edo hala, EAJri erasotzeko aitzakiak bilatu nahian, elkarrekin loturarik ez duten bi planoak ederki lotzen dituzuela. Areago, egoerak sortzen dituzue, komeni denean. Horrela, gainera, EAJren batzokiak erasotzeko, pertsonen kontrako mehatxuak egiteko eta abarretarako aitzakia bikaina duzue. Eta zer esanik ez beste alderdi batzuetako jendeari eta ondasunei, kutxazainei, kaleko mobiliarioari, papera edo plastikoak jasotzeko edukiontziei (hain ekologizaleak izaki!) egiten dizkiezuen erasoak, herri soila eta herritarrak asaldatuz.
Zuk erabiltzen duzun planteamendua erabilita, ertzainek egiten dutenaren "erantzukizuna" EAJk du. Eta "zakurrak" eta Pinocheten aginduz hildako disidenteak, eta gas-ganberetan Hitlerren soldaduek hildako jendea... Gogoratu nahi dizugu ertzainak ez daudela EAJren menpe, hiru alderdik osatzen duten gobernu baten (EAJ-EA-Ezker Batua) esanetara baizik, eta herriaren eta herritarren zerbitzura, gure segurtasuna eta eguneroko bizitzako lasaitasuna zaintzeko. Zuretzat etsaiak baldin badira, zeuk jakingo duzu zergatik. Baina beste galdera bat: zu nora joaten zara zerbait gertatzen zaizunean, erreklamazioak edo dena delakoak jartzera?
Hari berari jarraituz, zuk erabili duzun 3ko erregela bera erabiliz, orduan, norbaitek esan dezake ETAk egiten dituen hilketa guztien erantzule ezker erradikala eta zuek zaretela, egiten dituen sekuestro guztiena, egiten dituen estortsio guztiena, jendeak bere herrian lasai ibili ezinarena...
Baina ez, ederki asko entzungo dugu zuen (eta zu baino gorago dauden arduradunen) aldetik, zuek ez zaretela ETA, beti bide politiko soilak erabiltzen dituzuela, ez zaretela HB, baizik ANV edota EHAK, eta ANVk biolentzia beti arbuiatu eta gaitzetsi izan duela..., eta Euskal Herrian gertatzen den tentsio hau "konfliktoak" eragindakoa dela, ez dela zuen gogokoa, baina... Beraz, zuekin pintzel fin-fina erabili behar dugu besteok, milimetro erdiko marra egiten duena, errespetatu egin behar zaituztegu, zuen eskubide demokratikoak erabat eta guztiz errespetatu, zuen eskakizunak onartu, bultzatu eta gure apoio guztia eman.
Baina hori guztia zuek zeuok ez duzue besterekin erabiltzen. Besteok gara zuekiko errespetua izan behar dugunak, begirune osoa izan. Zuek besteekiko, ordea, ez. Eta hitz egiteko orduan ere, halako norma batzuk gordetzea ona da: bakoitzak bere ideiak azaldu, besteenak entzun, politikoki erantzun eta borrokatu, eta ahal bada adostutako irtenbide batera iritsi. Baina ez apriorismoekin ibili eta "hau da posturarik egokiena" esan eta kito, gainerako guztia alferrik.
Izan ere, zuk gure herriaren eta bere etorkizunaren gaineko iritzi bat izan dezakezu, baina beste batzuek izan dezakete eta dute beste ikuspegi bat, hurbilago edo urrunago egon daitekeena, eta zuria eta beltza bezain ezberdina ere bai. Eta denak dira zilegi, eta denak dira kontuan izan beharrekoak, lehen esan dugun bezala adostasun puntu batera iristeko. Baina hori ez da lortzen bestek esandakoa "iruzurra" dela esanaz, "zuek EAJkoak ez zarete mehatxuetan geratzen, zuek gazteak erietxera eraman arte jipoitzen dituzue", "zikin jokatu duzue" eta antzekoak esanaz. Ez delako egia. Eta zuk hori ondo dakizu, baina hori aitortzen baduzu, argumenturik gabe geratzen zara. Herri mailan, Foru Aldundietan, Batzar Nagusietan, Eusko Legebiltzarrean... hainbat eta hainbat forotan eguna joan eta eguna etorri saiatzen gara zuen ideiak entzun eta zerbait aprobetxagarria baldin badago, ontzat eman izan dira. Ez ordea, zuek proposatzen duzuen guztia, ez dugulako dena ontzat ematen. Guk herriaren beste ikuspegi bat dugulako.
"Botereari eustea" nahi dugula ere badiozu. EAJk orokorrean, eta Azpeitian zehatzago, herriaren zati handi baten gure herrian, gehiengoaren apoioa du eta horregatik ari da agintzen euskal erakunde askotan. "Gazteria bizkarra ematen ari zaigula" diozunean, badakizu hori ez dela horrela, eta gure alderdiari botoa ematen dion gazte asko dagoela, guk eskaintzen diegun jokabidearekin eta proiektuarekin bat egiten dutelako. Gazteriaren eta gainerako gai guztien gainean hitz egin dezakegu, mahai baten inguruan, alderdi guztiok gai horietaz zer pentsatzen dugun.
Beraz, mehatxuek eta zure idatzian erabili duzun tono zakar horrek ez gaitu ezertara eramaten. Gure aldetik tono bera erabili dezakegu, baina badakigu alferrik dela eta elkarrekiko ikusi ezina areagotu besterik ez duela egiten, alferrikakoa eta antzua dela. Eta gauza bat: norberaren ideia berdinak ez dituen pertsona ez da "enemigoa", "aurkari politikoa (adbertsarioa)" baizik. Ikuspegi ezberdina duen norbait, besterik ez. Konbentzitu egin behar duzu, edo biok zerbait utzi bidean eta erdi bidera iritsi berarekin, ez zapaldu eta inposatu.
Guk, gure aldetik, Euskal Herria bere buruaren jabe izatea eta berak nahi duena erabakitzera iristea nahi dugu. Horra hor guk nahi duguna, bide baketsuak erabiliz, eta gu bezala pentsatzen ez duena arrazoien indarrarekin konbentzituz, ez indarraren arrazoiarekin zapuztuz.