Trikuen azken eguna

Gorka Erostarbe (Berria) 2008ko urr. 29a, 10:10

Gorka Erostarbe 'Berria'-ko kazetariak Triku Festaz idatzi du bere blogean

Trikufestie jaialdiko azken egunera baino ez ginen azaldu, eta ezin beste iruzkin edo kronikatxorik egin.

Manyfingers: Urduri agertu zen trikuen karpapera Chris Cole musikari ingelesa. "I am so nervous" aitortu zuen. Baina aitorpen beharrik ez zen. Ageriko zuen gorputz mugimendu sarrietan. Eta galdu samarturik ere ibili zen agertoki gaineko kable ugarien artean. Eta ulertzekoa ere bada. Berak jo baitzituen, hasi eta buka, abesti bakoitzeko instumentu guztiak. Geruzaka-geruzaka sortu zituen soinu piezak. Teklatuarekin lau akorde jo, grabatu, eta piezaren oinarri erritmiko modura uzten zituen, modu errepikakorrean. Gitarra jo eta grabatzen zuen ondoren, edo bifrafonoa. Bateria hurrena. Akordeoi txikia eta handia ere menderatu zituen. Musika sorkuntzaren prozesua agerian, Macintosh ordenagailua lagun hartuta. Batzuetan eraginkor eta eder (zenbait melodia eta in crescendo zatietan, batez ere), errepikakor eta astun samar beste batzuetan. Orkestra gizon garaikidearen traza hartu genion, nahiz eta esperimentu hauek berri-berriak ere ez izan. Bezperan karpape berean izan zen MC Xander igo zen agertokira azken soinu konposaketan. Ahots hots perkusiboen bidez lagundu zuen Manyfingersen jarduna. Akzio film baterako egokia zirudien pieza osatu zuten. Gustura utzi zuten publikoa.

The Zephyrs: Ez zen jende asko geratu eskoziarren emanaldia ikusteko. Eta pena da, igande arratsalde baterako eskaintza egokia baitzen, nahiz eta leku goxoagoren batean (antzoki bat-edo) are egokiago irudikatzen ditugun. Hiruko formazio klasikoarekin (gitarra, baxua eta bateria) agertu zen Stuart eta David Nichol anaiek gidatzen duten taldea. Lotsatiak dirudite. Jarrera estatikoa eta barnerakoia. Poparen eta folkaren arteko melodia goxo eta ilunak (Arab Strap herrikideak gogora ekarriz) eta gitarra pasarte elektrikoagoak tartekatu zituzten. Zenbait soinu (teklatuak eta pianoa) eta ahots grabaturik ekarri zituzten, magia apur bat galduz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide