Azpeitian berriro ere ur gutxi kontsumitzea garestiago

N. Larrañaga 2008ko aza. 8a, 12:11

Urte berriarekin zerga eta tasa berriak iragarri dizkigu Udalak, eta espero genuen kontsumo txikia dugunok benetan gutxiago ordainduko genuela, baina oraingoan gutxieneko kontsumo bat ezarri ordez, 27 euroko gutxieneko kuota ezarri digute. Hemezortzi hilabete behar izan dituzte, gutxien nola galduko duten ikusteko.

Estatistika oso politak aurkeztu dizkigute taula baten laguntzarekin, eta nik ere estatistika erabili nezake konparazioak egiteko. Adibidez, Donostiako biztanleak gurekin (tasa berriak erabiliz) konparatuz gero, bi hilabeterako kalkuluak eginda —Azpeitian fakturazioa bi hilabetetik behin egiten baita—, gutxieneko kontsumoa, hau da 0 metro kubiko (MK), Donostian 6,44 euro ordainduko lukete, eta guk, berriz, 28,89 euro. 15 metro kubiko Donostian 12,61 euro eta Azpeitian 33,54 euro ordainduko dugu; eta 30 metro kubiko Donostian 22,37 euro kostatzen bada, Azpeitian 38,18 euro. Hortik gora ere Azpeitian garestiago izan arren, aldea murrizten doa. Hau da, donostiarrek ura askoz ere merkeago ordaintzen dute maila guztietan, aldea honako hau delarik: 0 metro kubiko %82 gutxiago; 15 metro kubiko %62 gutxiago eta 30 metro kubiko %41.

Eta ez pentsa gure uraren kalitateagaitik ordaintzen dugula gehiago, Zestoan ere guk baino gutxiago ordaintzen baitute. Ibai Ederreko uraren eralbiltzaileen artean gu ote gara garestien ordaintzen dugunak? Bertan dugulako? Edo zaborrak gurera ekartzen dizkigutelako?

Udal berriarekin aldaketak espero genituen. Eta urari dagokionez, edangarri egitearen kostua jakinda agian kaleak garbitzeko edo lorategiak ureztatzeko eta industriarako lehengo regatak edo ur biltegi zaharrak berreskuratzen ari direla iragarri izan baligute, oso neurri aurrerakoiak hartzen ari zirela pentsatuko genuke. Baina, hemezortzi hilebeteren ondoren argi gelditu da zelofana eta lazoen koloreak aldatu badituzte ere, Udalak helburu berbera izaten jarraitzen duela: zergaria/xurgaria.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide