Gero eta gutxiago, baina badirela seinaleak espainolez salatu du EHEk

Urola Kostako Hitza 2008ko aza. 11a, 10:11

Azpeitiko EHE taldeak joan den astean herrian hainbat bide seinale ezabatu zuen, espainolez zeudelako.

Urtero bezalaxe, joan den astean Euskal Herrian Euskaraz erakundeak Ezabaketa Astea egin zuen

"Aspaldi desagertuta behar lukeen ekimena" beste behin egin dute

Joan den astean Euskal Herrian Euskaraz erakundeak hainbat ezabaketa egin zituen Euskal Herriko seinaleetan eta, nola ez, Urola Kosta eskualdean ere bai. Azpeitian, esaterako, hainbat bide seinale ezabatu ditu herriko EHE taldeak joan den astean. "Kaleak euskaldunago direla dirudite. Euskaraz bizi ezin dugun garai honek, beste hizkuntza inposatuetan seinaleak irakurtzera derrigortuak gaudenok margo beltzen azpian euskarazko hitza ikusi nahi izatera garamatza".

Azpeitian, urtetik urtera erdaraz dauden seinaleak gutxiago direla diote, baina oraindik ere badaudela azpimarratu dute Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz taldeko kideek: "Urtetik urtera seinale espainol gutxiago aurkitzen ditugu, baina gure herria erabat euskalduna dela uste badugu ere, oraindik hori horrela ez dela adierazten diguten seinaleak aurkitzen ditugu".

EHEk Ezabaketa Astea urteroko egiten du: "Aspaldi desagertua behar luke ekimen horrek, euskaldunoi dagokigun euskaraz bizitzeko eskubidea aitortua izango bazen. Baina gehienetan, eskubidea ukatu eta seinaleak aldatu beharrean, garbitzeari ekin diote agintariek, herrietako paisaia linguistiko arrotza mantenduz". Administrazioaren aldetik, Euskal Herrian euskaraz bizitzeko eskubidearen aldeko apustua egiteko "borondate eta determinazio gutxi" dagoela erakusten du horrek, erakunde euskaltzalearen ustez.

Eragileak eta Udala lanean

Azpeitiko EHEren ustez, herrian euskararen eta euskaldunen alde lanean eragile ugari ari da, tartean Udala. Herriko talde euskaltzalearen ustez, "lan handia egiten ari dira eta tartean txalotzeko moduko hainbat erabaki politiko ere hartu dute". Dena den, geldirik ezin dela gelditu diote EHEkoek; "lanean jarraitu beharra dago. Badago zereginik. Euskal Herrian euskaraz bizi ahal izateko, euskara ofiziala izateko etxetik hasi beharra baitago".

Bestalde, Azpeitiko EHE taldeak "aitortzen ez dena salatuz eta erantzunkizunak eskatuz" lanean jarraitzeko asmoa du: "Pauso ugari eman dugu, beste hainbat dugu emateko. Azken batean indarrak bildu eta lan egitea besterik ez baitugu, Euskal Herri euskalduna eraiki nahi badugu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide