Aimar Irigoien: "Eroso jardun nintzen eta igandean konforme gelditzeko moduko lana egin genuela uste dut"

Urola Kostako Hitza 2008ko aza. 11a, 10:11

Aimar Irigoien harri-jasotzailea. (Olatz Prat)

Albitzuri Handia eta Antziko Harria biak altxatzea lortu zuen herenegun

Albitzuri Handiarekin aurretik zuen marka hautsi du

Aimar Irigoieni (Errezil, 1986) ez zaio harririk haundi gelditzen. Azken urtean helburutzat hartutako erronka eta apustu guztiak gainditu ditu: Izeta II.aren aurka jokatutako desafioa irabazi zuen, Harri Txikiko Txapelketan garaile gertatu zen joan den hilean eta herenegun Albizuri Handi eta Antziko Harria ezagunak altxa zituen lepo gainera, Amezketan.

Gaizki ohitzen hasi ote helburutzat hartutako guztia betetzean?

Ez, ez. Hori ez da gaizki ohitzea, ongi ohitzea da. Hobe da horrela izatea.

Nola sentitu zinen atzo bi harritzar horiek jasotzen?

Gustura jardun nintzen, lan polita egin genuen. Eroso jardun nintzen eta konforme gelditzeko moduko lana egin genuela uste dut.

Albitzuri Handia eta Antziko Harria; harri zailen ospea dute.

Bada, harri zailak dira, heldulekurik-eta ez dutelako, baina apartako ezer ez. Orain nago memento onenean, sasoiko, eta aprobetxatu egin behar dut ahalik eta harri gehienekin jarduteko.

Albitzuri handiarekin zeure marka haustea lortu zenuen.

Bai, 16 urterekin 10 minututan lau aldiz joso nuen eta igandean, berriz, 3 minutu inguruan bost aldiz altxatzea lortu nuen.

Alde handia, ezta?

Bai, baina normala da. Nik uste dut gorputza ere indartsuago egiten doala berea eta, gainera, urteetan zehar egindako lana ere hor dago eta antzeman egiten da. Horren guztiaren ondorio da.

Proba gogorrak izan dituzu honen aurretik. Eraginik izan al du horrek?

Bai, noski. Harri Txikiaren Txapelketa pasatu berri da eta Izetaren aurkakoak ere eragin egin dit. Ez nago, akaso, hainbestera ohituta. Baina hala ere gustura gelditu nintzen egindako lanarekin. Jendea ere pozik gelditu zela dirudi eta hori da garrantzitsua.

Lan asko duzu aspaldian. Hurrengo bi hitzorduak abenduan izango dituzu.

Bai, abenduaren 14an Zizurkilen Jon Tejedorri egingo zaion omenaldian parte hartuko dut. Abenduaren 21ean, berriz, Santo Tomas Egunez Azpeitin izango gara, Harri Handien Txapelketa jokatzen. Ea ba hor ere lan txukuna egiteko gai al garen eta jendea gustura gelditzen den.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide