Jon Txakartegi: "Denboraldiko ziklorik gogorrena datorkigu orain gainera"

Urola Kostako Hitza 2008ko aza. 18a, 11:11

Jom Txakartegi, Lan Mobel Iraurgi SB-ren entrenatzailea. (Irene Elorza)

Entrenatzaile berria duenetik neurketa guztiak irabazi ditu Iraurgi Saskibaloi taldeak; azkenekoa asteburu honetan lortu du, Peixagalegoren aurka

Azpeitiarrek sailkapeneko lehen postuan daude

Bost urtez emakumezkoen Hondarribia-Irun taldea entrenatu ondoren, Lan Mobel Iraurgi SBko entrenatzaile ardura hartu du aurten Jon Txakartegik (Donostia, 1977). Bere lan ikuspegia berehala txertatu da taldean eta, harrezkero, ez dute partidarik galdu ligan. Zaletuak pozez zoratzen daude.

Zortzitik zortzi. Denboraldi hasierako partida denak irabazi dituzue. EBA ligako talde garaitezina bihurtu al zarete?

Oso indartsu hasi gara, bai, baina badakigu porrota ere noizbait iritsiko dela. Ez gara gure multzoko talde indartsuena, inondik inora ere. Mementoz, ordea, partida guztiak irabazi ditugu eta denboraldi hasiera bikaina egin dugu. Porrota zenbat eta geroago jaso, orduan eta hobe guretzat.

Zuen atzetik Santurtzi eta Ourense daude sailkapenean. Horiek al dira zuen aurkari zuzenenak?

Beraiek elkarren aurka jokatu duten arren, gu oraindik ez gara beraien aurka neurtu. Datorren asteburuan, esaterako, Estelaren kontra lehiatuko gara. Nire ustez, hiru talde horiek dira gure multzoko indartsuenak.

Horren haritik, hiru talde horien beldur al zarete?

Ez, beldurrik ez dugu. Baina badakigu denboraldiko ziklorik gogorrena gainera datorkigula orain. Izan ere, aurrerantzean talde gogorrenen aurka jokatu beharko dugu. Orain arte ez dugu akatsik egin eta taldea zeharo motibatuta dago. Gisa horretan, errazagoa izango da talde horiei aurre egitea.

Motibatuta, baina konfiantza gehiegi hartu gabe, ezta?

Hori da. Gainerakoak baino talde ahulagoa gara eta, lana gogotik egiten ez badugu, nekez irabaziko dugu Santurtzi, Ourense edo Estelaren aurka. Horrexegatik, gogor ari gara entrenatzen, hori baita konfiantza gehien ematen diguna.

Elkartea, zaletuak eta herritarrak gustura daude, behintzat, orain arte erakutsitako mailarekin.

Egia da, bai. Guztiak daude gustura denboraldi hasiera bikainarekin, baita taldea bera eta jokalariak ere. Oso pozik gaude, bai emaitzekin, bai egiten ari garen lanarekin. Bide horri eutsi behar diogu! Nire estreinako urtea da Iraurgin eta ziur ez dakidan arren, orain arteko hasiera onena egin dugula uste dut. Taldeak ez ditu sekula lortu zortzi garaipen jarraian EBA ligan. Edonola ere, estatistika horiek ez gaituzte gehiegi kezkatzen. Gure ardura nagusia finkatutako helburuak lortzea da; denboraldia ongi bukatzea, alegia.

Lehen sei postuetan bukatu nahiko zenukeela adierazi zenuen liga hasieran. Helburu bera al duzue oraindik buruan ala igoeraren bila joango zarete?

Nire helburu nagusia taldearen jokoa hobetzea da. Taldearen orain arteko sailkapenik onena seigarren postua izan da eta, nolabait, muga hori gainditzeko asmoarekin ekin diot denboraldiari. Hasiera ezin hobea egin dugula ikusirik, nik uste dut lehenengo hiru postuetan bukatu dezakegula aurtengo liga. Hori horrela bada, igoera fasea jokatzeko sailkatuko ginateke eta hori jada sari handia izango litzateke guztiontzat. Beraz, hasierako helburu hura gehiago zorroztu dugula esan genezake.

Entrenatzaile aldaketak eragina izan duela ezin daiteke uka, ezta?

Tira, hori beste batzuek esan beharko dute, zuzendaritzako kideek edo zuzendari teknikoak berak. Ni soilik nire lana egitera mugatzen naiz; hau da, gogor entrenatzera, jokalariak ongi ezagutzera eta gure dohainei ahalik eta etekin handiena ateratzera. Ez dakit aurretik izan ziren entrenatzaileen zeregina zein izan zen. Ni behintzat nire lana ahalik eta txukunen egiten saiatzen naiz.

Lehen entrenamenduetan, ordea, hobetu beharreko gauzak eta gabeziak ikusiko zenituen. Emaitzak lortzeko, zer konpondu behar izan duzu lehenik eta behin?

Taldeak dohain teknikoa du eta horri etekina ateratzen saiatu dira beti. Nire iritziz, ordea, dohain fisikoa ere badu. Beraz, biak bateratzen eta hori kantxan erakusten ahalegintzen ari gara. Defentsan gogor jokatzen ari gara eta gure jokaldietan, berriz, erritmo gehiago jartzen ari gara, batik bat kontraerasoetan. Beraz, dohain teknikoez gain, dohain fisikoak ere lantzen ari gara aurten. Gainera, jokalariak nire ikuspuntua ulertzen eta barneratzen ari dira.

Entrenatzaileaz gain, jokalari berriak ere badaude taldean.

Aurten hiru jokalari berri ditugu goiko taldean: Lander Lasa, Iñigo Arruabarrena eta Edgar San Epifanio. Azken hau Barcelonako jokalari entzutetsu Juan Antonio San Epifanio Epi-ren semea da eta Donostiako Bruesa taldeak laga digu aurtengo denboraldirako. Gurekin jokatzen hasi bazen ere, berehala lesionatu egin zen.

Eta ba al dakizu noiz itzuliko den kantxara?

Hilabete pasatxo-edo beharko du oraindik ongi osatzeko. Gutxi gorabehera, Gabonen ondoren itzuliko da taldera.

Azken partidan hasierako bostekoan orain arte aulkian geratzen zen hainbat jokalari zegoen. Gazteei konfiantza emate aldera egin al zenuen?

Jendeak garrantzi handiegia ematen dio hasierako bostekoari. Partida guztiak ezberdinak dira eta, horren arabera, jokalari batzuk edo beste batzuk jartzen ditut hasieratik jokoan. Bosteko hori aldatzen saiatzen naiz. Adibidez, Jorge Leon lesionatuta zegoenez, Xabier Osa zarauztarra jarri nuen hasieratik azkeneko jardunaldian. Izan ere, aste osoan zehar lan txukuna egin zuen Osak eta banekien ongi moldatuko zela. Egia esan, hasierako bostekoari ez diot aparteko garrantziarik ematen. Azken finean, partidak 40 minutukoak dira eta jokalari guztien beharra duzu.

Azken partidan, esaterako, normalean aulkian hasten den Xabier Osak 23 puntu sartu zituen.

Ongi jardun zuen, bai. Normalean ez du gehiegi saskiratzen, baina taldeak bikain jokatu zuen eta hainbat jokaldi landu zuen beretzat. Berak jaurtiketa horiek aprobetxatu zituen eta puntu asko lortu zuen. Konfiantza handia hartu zuen partidak aurrera egin ahala eta bere aukerei zukua atera zien. Gogor entrenatzen ari da eta minutu gehiago eskatzen ari da.

Bestalde, Enaut Aranbarri da taldeko azpeitiar bakarra. Zuk zer moduz ikusten duzu?

Lesionatuta ekin zion denboraldiari eta hiru norgehiagoka baino ez ditu jokatu. Pixkanaka-pixkanaka martxa hartzen doa. Fisikoki oso ongi dago, baita psikologikoki ere. Kalitate handiko jokalaria da eta hori antzeman egiten da. Aipatutako hiru partidetan, adibidez, bere ekarpena oso garrantzitsua izan da taldearentzat.

94-57 irabazi du, Peixegalegoren aurka

Azkoitiko-Azpeitiko taldeak erakustaldi bikaina egin zuen joan den larunbat arratsaldean, eta ia 40 puntuko aldearekin irabazi zion Marin Peixegalego taldeari. Azken emaitza 94-57 izan zen. Lan Mobel Iraurgik hasiera-hasieratik kontrolatu zuen norgehiagoka. Laugarren zatian izan ezik, gainerako hiru zatietan aise nagusitu zitzaion Peixegalegori: lehen zatia, 19-6; bigarrena, 29-14; hirugarrena, 22-13 ; eta laugarren zatia, 24-24.

Lan Mobel ISB taldearekin honako jokalariek jokatu zuten larunbatean: Alex Arzelus (6), Iñigo Arruabarrena (19), Jose Cavada (4), Xabier Osa (23), Eñaut Aranbarri (1), Joseba Ibargutxi (4), Aritz Martinez (14), Lander Lasa (13) eta Gorka Alarcia (10).

Garaipenari esker, sailkapeneko lehen postuari eusten diote, 16 punturekin. Beraien atzetik Santurtzi eta Ourense daude hurrenez hurren, 14na punturekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide