Azpeitia.net Udalaren webgune berritua martxan da

Uztarria.eus 2008ko aza. 19a, 13:11

Diseinu zein eduki aldetik guztiz eraberritu dute, www.azpeitia.net helbidea mantenduz

"Gardentasuna, erabilgarritasuna eta herritarren parte-hartzea" sustatu nahi ditu Udalak webgune berrituarekin

Azpeitiko Udalaren www.azpeitia.net webgunea, guztiz eraberritu dute, eta atzotik martxan da. Webgunea eraberritzeko orduan, "gardentasuna, erabilgarritasuna, herritarren parte-hartzea sustatzea, egunerokotasunaren berri euskaraz ematea eta dinamikoa izatea", hartu ditu Udalak helburu nagusi bezala.

Udalaren komunikazio proiektuaren baitako hirugarren euskarria da Udalaren webgunea; beste euskarriak, Udalaren irudi korporatibo berria eta Azpeitian zer? udal aldizkari berritua dira. Udalarentzako webgunea euskarri "oso-oso garrantzitsua" da, alkateorde den Xanet Esnaolaren esanetan. Lehendik Udalak bazuen webgunea baina "zaharkitua" zegoelako berri bat egitea erabaki dute. "Udala herrira eta herria Udalera hurbiltzeko" euskarria izatea nahi dute webgunea. Elkarmedia arduratu da webgunearen garapenaz eta Eregi Komunikazio enpresaren ardura izango da egunero webgunea edukiz hornitzea.

Webgunearen bidez, herritarrei Udaleko informazioa osatuta eta eguneratuta eskaini nahi die: "Herritarrak Udalera hurbiltzeko, Udaleko informazioaren eta erabakien berri emango da". Webgunearen goialdean hainbat atal azaltzen da, eta horiek klikatuz Udaleko informazioa jakin daiteke: informazio orokorra, Udalaren erabakiak (osoko bilkurak, Gobernu Batzordean hartutako erabakiak eta udal agintarauen berri izan daiteke) eta zerbitzu ekonomikoak (ordenantza fiskalak, hobariak...), besteak beste.

Webgunearen azalaren ezkerraldean, Udaleko sail bakoitzak bere atala dauka, "sail bakoitzak bere autonomia dauka eta bakoitzak bere web orria du". Aurrera begira, udal batzordeen aktak sartzeko asmoa ere badute udal arduradunek.

Erabilgarria

Webgunea herritarrentzako erabilgarria edota praktikoa izatea nahi dute, "hainbat eragiketa eta ordainketa egiteko aukera eskainiz". Bulego birtuala atalaren bidez egin daitekezke zeregin horiek. Zerbitzu hori Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak jartzen dute eta herritarrek udaletxera deitu eta pasahitza eskatu beharko dute erabiltzeko.

"Udala herrira eta herria Udalera hurlbildu nahi dute". Horretarako, herritarren parte-hartzea sustatuko dute. "Herritarrekin harreman zuzena izan nahi dugu webgunearen bidez: komunikazio zuzena landuz eta herritarrei ekarpenak egiteko aukera eskainiz", azaldu du Esnaolak.

Parte hartzeko atalak

Webgunearen azalaren eskuineko aldean herritarrek parte hartzeko atalak jarri dituzte. Horietako bat Elkarrizketa digitala da: hilero Udaleko kideren bati elkarrizketa egiteko asmoa dute. Orain, IƱaki Errazkin alkateari galdetzeko aukera dago. Abenduaren 3an, 12:00etan, erantzungo ditu alkateak jasotako galderak. Hobetu Azpeitia atala ere jarri dute, hor herritarrek proposamenak edota iruzkinak egiteko aukera dute. Bestetik, galdera bat ere jarri dute herritarren artean inkesta egiteko.

Webgunea dinamikoa izatea nahi du Udalak, "eguneroko erabakien topalekua izan behar du eta herritarrekin lotura izan behar du. Herritarrekin jorratu beharreko bidean, webgunea abiapuntua izatea nahi dugu".

Webgunea euskara hutsean jarri dute martxan eta egunerokotasunaren berri euskaraz emango dute. Hala ere, datozen egunetan beste hizkuntzetara (gaztelerara eta frantsesa) zabalduko dute. "Azpeitian euskaraz bizi baldin bagara ere, beste herrientzat euskarri izatea nahi dugu. Baina horrek ez du esan nahi hiru hizkuntzei tratamendu bera emango diogunik; muina euskaraz izango da, Udalak, euskara normalizatzeko bidean eredua eman behar du. Eguneratuko duguna euskaraz egingo dugu, eta informazio finkoa jarriko dugu gazteleraz eta frantzesez".

Azpiegitura tekniko sendoa

Eduki asko kudeatzeko sistemarekin eta software librean garatu du webgunea Elkarmediak, hala azaldu du enpresa horretako kide Mikel Altunak: "Azpiegitura tekniko sendoa du eta etorkizunean bideogela bat egitea nahi izango balitz, horretarako ere aukera ematen du". Webguneak informazio asko biltzen duela nabarmendu du Altunak, baina erabiltzaileen eskura Bilatzailea jarri dute bilaketak egiteko. Horrez gainera, RSS jarioa dauka, "bateren batek atal batean egiten diren aldaketak egin ahala jaso nahiko balitu, horretarako aukera du" .

2A mailako irisgarritasuna du Udalaren webguneak, "irisgarritasuna kontutan hartuta egin dugu lan. Beraz, hainbat arazo fisiko duen jendearentzako ez du zailtasunik".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide